Amaia Agirre Arrastoa.
ELE

Ama ta asuna

2020ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Amek idazten dutenaz aritu ziren Ahomentan herenegun. Ederra! Nik ni bezalako amak nola irakurtzen gaituzten hartu nahi dut ahotan.

Gure hiru alabek bi ama dituzte. Ainara ama eta Amaia amatxo. Horrela izendatzeko eta deitzeko erabakia aukera bat baino ez da, noski. Ainara da ama biologikoa. Eta zenbaitentzat ni ez naiz bera bezain ama. Ni bestea naiz. Garun eta pentsamendu heteropatriarkatuetan azkura eragiten duen asuna. Hortik, ama eta asuna.

Haur batek bi ama izatearen albo kalteei buruz hausnartzen hasten zaizkit kontziliazioa zer den ez dakiten zenbait bikote heterosexual. Edo bost emakumez osatutako familia honek umoretik ezer ez duten iruzkinak egiteko premia eragiten die zenbait gizoni. «Zuen etxean nork betetzen du gizonaren rola» Nola? «Eta nor da aita?» Zer ari zara, nahita? «Ez da giro izango denok hilekoarekin zaudetenean!» Odol bila zabiltza zuzenean! «Baina nor da benetako ama?» Galderak pozoia darama. «Zuk ez zenuen ama izan nahi?» Sei intseminazio saiakera eta abortu bat izan nituen, izorrai!

Dagoeneko egoera eta galdera horiek ez didate minik eragiten. Besterik gabe, nekatu egiten naute. Euskararekin bezala gertatzen zait nire amatasunarekin eta lesbiana izatearekin. Aldiro azalpenak ematen aritu beharrak eta aldiro energia xahutu beharrak nekatu egiten nau. Ni ez naiz inoren eskubideak zapaltzen ari, naizena izaten baino ez naiz ari.

Alabek nire abizena daramate lehenengo abizen modura. Nire zerbait edukitzearren dela uste dute batzuek. «Errukarri halakoak», pentsatzen dut nik. Penaren azalean azalpenak ematen aritzea alferrikakoa da ia beti.

Hurrengoan jarraituko dut «los padres de... « hasten diren dokumentu ofizialen inguruan. Gaurkoz, amen izenean, amen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.