Mundu mailako pandemiaz harago, uda hau oroitua izanen da Juan Carlos Borboikoaren ihesaldiarengatik. Suitzako eta Espainiako fiskaltzen azken ikerketek eta Felipe Borboikoak lurralde gatazkaren aurrean agertutako posizio alderdikoiak geroz eta zailtasun gehiago jarri dizkiete monarkikoei koroa defendatzeko. Errepublikarrok argi izan dugu betidanik; monarkia erakunde anakronikoa eta antidemokratikoa da. Baina, zer diote orain monarkia defendatzen dutenek? Lasai daude errege emerituaren ihesaldiaren aurrean azalpenik entzun gabe?
Sintomatikoa da CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoetako Zentroak azken bortz urteetako inkestetan monarkiari buruz ez galdetu izana. 2015eko barometroan azken aldiz galdetu zutenean, monarkiak suspenditu egin zuen. Baina, ez hori bakarrik, CISen azken urte hauetako isiltasunaren aurrean, bertze hainbat zundaketek agerian utzi dute monarkiak geroz eta babes guttiago duela: adibidez, Electomaniaren arabera, Espainiako Estatuan koroak ez du gainditzen, eta babes guttiena du, hain zuzen ere, Euskal Herrian eta Katalunian.
Erakunde publikoen immobilismoaren aurrean, gizarte zibilak aurrea hartu du monarkiaren inguruko eztabaida publikoa berreskuratzeko: berriki, hamasei hedabide independentek CISeko presidente Jose Felix Tezanosi eskatu diote koroaren inguruko galderak berreskuratzeko, eta ikasle mugimendua ere antolatu izan da monarkiaren inguruko erreferenduma aldarrikatzeko. Beraz, Sanchez jauna, zure txanda da orain: altxatu behingoz monarkiaren tapizak eta jarri monarkiaren eztabaida mahai gainean! Espainiako Gobernuak 78ko erregimenaren giltzarrapoa irekitzen ez duen bitartean, nekez izanen baita progresista eta demokratikoa.
MELE
Altxa ditzagun monarkiaren tapizak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu