Oztopatu ez arren espaloitik jaistera derrigortzen gaituzten begiradak, isilik gaudenean ere hatz erakuslea ezpainetan jarrita isilarazten gaituztenak... Bada ekintza minimoekin zapaltzeko gaitasuna duen jendea, zeina guk gorputz osoarekin ere zapal ezin dezakegun.
Saiatzen naiz ez egiten. Berba ahoskatzear nagoela igartzen dudanean indarrez ixten dut ahoa. Irteerarik topatzen ez dutenez, hestegorrian behera irristatzen dira hizkiak; isil batzuetan, normalean garrasika. Hala doazenean, alergiaren aurkako pilulek sortzen didaten narritadura berbera eragiten didate, ahots korden parean. Etor daitekeenaren abisua, alerta, argi gorria.
Behazunean igeri aritzen dira hitz zatiak; urradura hazkatzen ahaleginduz gero, botatzeko errazegia litzatekeen letra-zopa hoztuari berezkoa duen bakea lapurtzeko intentzio osoz. Egun txarretan, gorputz osoa nahasten du plisti-plastak. Egonezinak eraginda, ahoa erruz ireki eta nahi gabe ateratzen dira letrak bata bestearten segidan: b-a-r-k-a-t-u.
Ohiko ekintza bilakatu dugu barkamena eskatzea, horren ohiko ezen gehiegi erabiltzearen kariaz esanahiz hustu baita. Baina nago, aldamenekoak kaltetu ondoko damuarena bainoago, existitzeko baimena eskatu beharra dagoela guztiaren atzean; izan ere, ez da kasualitatea ertzetan kokatzen diren gorputzek arrazoi absurdoenengatik ere barkamena eskatzeko beharra sentitzea.
Egitate bat da normak gure egunerokotasuna zeharkatzen duela eta, hortaz, gizonak bainoago emakumeak garela, edo helduak bainoago gazteak garela barkamena konpultsiboki eskatzen dugunak. Eta ez, ez da kasualitatea. Eztarriko narritadura hori aitortu ez zaigun leku bat hartzeagatik dagokigun zigorra ez ote den...

ELE
Alergiaren profezia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu