Alderdien batasuna

2014ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Gaur independentziaren aldeko apustu egiten duten alderdien eta eragile sozial nagusien arteko argazki bateratua lortuko da Bartzelonan. Astearte geroztik, tensionatuta eta ustez hautsita zegoen fronte komunak bere loturak berreraiki dituen seinale ezin hobea.

Batasuna haustear egon zen Artur Masek A-9ko Kontsultari jarritako suspentsioari aurre egiteko hurrengo urrats politikoak zeintzuk izango ziren publiko egin zuenean: lehenik, azaroak 9ko data mantendu baina kontsulta aldatu zuen, eta, bigarrenik, hauteskunde plebiszitarioak iragarri. Denek ziren jakitun suspentsioaren ondorioz kontsulta ezin izango zela adostutako moduan egikaritu, eta erabat ezinezkoa zela desobedientzia estrategia batean Kataluniako gobernua eta CDC inplikatzea. Egoera horretan, estrategia komun bat topatzeko egindako bilerak ez ziren espero bezain positiboak izan, eta, gainera, CUP, Iniciativa eta ERC alderdiak adostu gabeko Masen planteamenduarekin egin zuten topo. Hauteskundeak iragarri bakarrik ez, bertarako hautagaitza bakarra eta puntu bakarra lortu beharko zela ere iragarri zuen presidenteak.

Alderdi bakoitzaren barruan batasuna mantentzea zaila izaki, pentsatu UDC zein CUP biltzen dituen estrategia baten batasuna zaintzea zer den. Prozesu konstituziogile bati hasiera eman edo ez; eta ematekotan, moduaz ari dira alderdiak diskutitzen hemen. Beraz, ulertu behar dugu ezinezkoa izango zela gai horien inguruan batasuna mantentzea.

Alderdien batasunak zerrenda bakarrean gauzatu behar du nahi eta nahi ez. Are eta gehiago, momentu historikoa izanik, urratsak ere proportzio historiko parekoa izan behar du: alderdirik gabeko marka elektoral berria. Historiaren momentu konkretu baterako jaioa, eta funtzio konkretu bat egiteko sortua: aldebateko independentzia aldarrikapena eta Kataluniako lege konstituziogilea onartuko duen legebiltzarra osatzea. Ez dira ohizko hauteskundeak izango, eta ondorioz, ilogikoa deritzot ohizko debateak plasmatzen dituzten programak aurkeztu, eta ohizko borroka partidista egitea. Independentziaren alde dauden alderdi politikoen eta eragile sozialen ordezkariak bilduko dituen zerrenda litzateke zuzenena, guztiena eta inorena ez izango den hautagaitza osatuz. Horrelako hautagaitza batek bakarrik lor dezake erronkak merezi duen sostengu eta indar politikoa.

Batasun sozialak eta politikoakKatalunia estatu onartua izaterainoko prozesu osoan iraun behar du. Aldebateko aldarrikapena lehendabiziko urratsa izango da soilik, eta gero etorriko dira Espainiarekin negoziazio, lege konstituziogilearen onarpena, erreferenduma eta lehen hauteskunde nazionalak. Hor, momentu horretan, alderdiek beren programa desberdinak aurkeztuko beharko dituzte, eta denen arteko eskaintzaren artean hautatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.