Aldaketari beldur

Mikel Garaizabal.
2015eko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Arabako Errioxak Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren barruan izan dezakeen etorkizunak eztabaida piztu du. Urte askotan Errioxa Kontseilu Arautzaileak eraman duen politika itxia ikusita, auzi honek ez nau ustekabean harrapatu.

Arabako Errioxa munduko lurralderik onenetarikoa da mahastiak landatzeko, ama naturak oparitutako ezaugarriengatik: lur mota, mikroklima, lurraren geografia, Toloño edo Kantabria mendilerroaren eragina, etab. Ezaugarri horiek desberdinak dira Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren pean batzen diren beste herri batzuen aldean —Errioxa garaiko herri gutxi batzuek izan ezik—, eta, arrazoi horiengatik, ekoizten diren ardoak ere desberdinak dira.

Orain arte, nortasun hori ezin izan da etiketan islatu, hau da, dena Errioxa izan da, inolako desberdintasunik egin gabe, eta Arabako Errioxa jartzekotan, beti Errioxa izenaren azpitik eta txikiagoan egin behar izan da.

Hori dela eta, azkenaldian, hiru ikuspuntu zabaldu dira Arabako Errioxan gai horren inguruan:

—Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren barruan eroso daudenak, eta ez dutenak inolako aldaketarik egin nahi. Batik bat upategi handiak eta asko esportatzen dutenak.

—Errioxa deituran jarraitu nahi dutenak, baina Arabako Errioxa azpigunea indartuz.

—Errioxa deituratik irten eta beste sailkapen edo marka bat sortu nahi dutenak.

Nahiz eta Arabako Errioxan polemika ahoz hoz dabilen, oso gutxi dira alde baterako edo besterako jarrera erakutsi dutenak. Azken egunotan, eta hauteskundeak ate-joka ditugula, talde politikoek aurkeztu dituzte gai honen inguruan dituzten proposamenak, baina ekoizleek? Zer esaten dute mahastizainek eta upategien jabeek? Ba, egia esan, ia ezer ere ez.

Askotan gertatzen den bezala, bihotzak gauza bat esaten digu eta buruak beste bat. Horixe gertatzen zaie upategi batzuei ere. Ezagutzen dudanagatik, esango nuke askok oso begi onez ikusiko luketela Arabako Errioxan egiten diren ardoak zigilu independentea edukitzea. Baina beldur dira. Gaia politizatuko den beldurra dago, eta estatu espainiarreko kontsumitzaileek erabakia ulertuko ez ote duten eta horrek nolabaiteko boikota ekarriko ote duen beldurra dago. Cava ardo apardunekin gertatu zen bezala.

Kontuan izan behar dugu Arabako Errioxako upategi asko upategi txiki edo ertainak direla; esportazioan orain urte gutxi hasiak dira, eta upategi askoren helburua etorkizunean gehiago esportatzea denez, ezin dute baztertu merkatuaren kopuru handia estatu espainiarrean dagoela.

Arabako ardoaren zigilu bat sortzea (Errioxa izena ezin izango litzateke erabili), lan astuna, gogorra eta luzera begirakoa izango da, eta bai ekoizleek bai instituzioek apustu handia egin beharko dute hori lortzeko.

Kalitate handiko ardo zoragarriak ditugu, baina marketina eta komunikazioa gehiago landu behar ditugu. Ardoa lurraldearekin identifikatzea lortu behar dugu, baina etxetik hasita. Sarritan ez dugu Arabako Errioxako ardoaren eta Errioxakoaren arteko bereizketa egiten, eta Arabako Errioxako ardoari Errioxa (Rioja) deitzen diogu; ez dugu baloratzen etxean duguna. Izan ere, euskal erkidegoan edaten den ardoaren % 11 soilik da Arabako Errioxan ekoitziriko ardoa. Hortaz, guk geuk oraindik hain garbi ez badaukagu, nola ulertaraziko diogu frantziar edo alemaniar bati Arabako Errioxako ardoa desberdina dela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.