Aietetik Baionara, bide baten kronika

2014ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Joan den urriaren 24an Ipar Euskal Herriko arduradun politiko eta hautetsi ezberdinek plazaratutako Baionako deklarazioa, 2011ko urriaren 17az geroztik, Aieteko bide orria gidari duen elkarlanaren eta elkarrizketaren fruitua da.

Aieteko nazioarteko konferentzia prozesuaren bultzatzeko mugarri inportantea izan bada Euskal Herriarentzat, Ipar Euskal Herriarentzat, inoiz ez bezala, Frantses estatua, Espainiar estatuarekin batera izendatzeak gatazka honen parte eta orduan konponbidearen aktore ezartzen du Frantzia, bertako klase politikoa eta jendarte zibila, nazioartearen aitzinean. Bakoitzari, bake iraunkor eta justu baten atzemateko eta jorratzeko protagonismoa eta ardura mahai gaineratuko zaizkigu.

Nazioarteko Bake Konferentzian, Ipar Euskal Herritik azaldu zen delegazio politikotik Aieteko deklarazioaren biharamunean antolatu eta aktibatu den jendarte zibilera, azken hiru urteetan, bake prozesuaren erronkak, elkarrizketaren oinarriak eta edukiak identifikatzen eta partekatzen ibili gara. Jendarte zibila (bere aniztasun politikoan eta sozialean) eta klase politikoaren arteko harreman eta lan konfiantzaegunez egun eraikiz. Eta ez da ariketa erraza, iragan eta bizipen ainitz baitira, baina Bake Bidea, Baionako Bake Foroarekin, eta foroetatik haratago ere, arduradun politiko, hautetsi zein jendarte zibilaren parte hartzea sustatuz, bake iraunkor baten garapenerako bermatzailerik handiena bihurtu da.

Joan den urriaren 24an, Ipar Euskal Herriko alderdi desberdinetako ordezkariek eta hautetsiek ezustean harrapatu zuten Euskal Herria, Nazioarteko Harreman Taldearekin batera, 2011ko urriaz geroztik hain espero den argazkia baino gehiago, konpromisoa eta aitzina joateko norabidea eskaini zutelako. Desarmatze eta preso eta iheslarien itzulera prozesuetan Frantses estatuaren ardura azpimarratzeaz gain, prozesu hauen garatzeko eman beharreko pausoen proposamena egin zuten, baita ere gatazkaren konponbidean lagunduko lukeen ezagutza instituzional bat Ipar Euskal Herriarentzat.

Zoin dira Baionakodeklarazioaren irakaspenak?

Lehenik eta behin, Aieteko bide orria bizi dela eta elkarrizketa bultzatzeko eta adostasunak sortzeko metodo baliagarria dela.

Eta baliagarria izateaz gain, gure prozesuan, jendarte zibila eta klase politikoaren arteko elkarrizketa eta elkarlana funtsezkoa dela, prozesuaren garapenean eman beharreko pausoak zehaztuak, ulertuak eta onartuak izan daitezen. Iruñeko azken foro sozialean, jendarte zibilaren parte hartzea bultzatzen laguntzen duen Concilation Resources-eko kideak adierazten zuen bezala, hobekien garatzen eta egonkortzen diren bake prozesuak jendartearekin zehazten eta eraikitzen diren prozesuak dira. Eta Bake Bidearen ikuspegitik, hortan dago prozesu honen erronka.

Bestetik, orain arte ikusi ez den bezala, gatazkak sortutako ondorioak konpontzeko eman beharreko pausoen zehaztapen eta adostasun inportantea plazaratu da. Bake prozesua bultzatzeko gomendioen inguruan adosturiko ekarpen garrantzitsua da.

Eta, azkenik, argi ikusi da, oztopo eta jazarpen judizialen gainetik, nazioartean dabiltzatenen engaiamendua eta prozesu honen garatzeko gogoa ez dela agortu. Nahiz eta horietariko batzuk, Baionako Bakerako Foroaren bezperan, komisariatik pasatu behar izan.

Pauso inportantea izan da Ipar Euskal Herriko arduradun eta hautetsiek egindako agerpena, ireki eta egunez egun eraikitzen ari garen bide berri baten fruitua. Gehiago ereingo diren esperantza dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.