Txerra Rodriguez.
MELE

Aiartza eta Mantuliz

2023ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Zuek kokatzeko: Loiuko aireportuaren iparraldean, kilometro batera-edo, Aiartzako basoa dugu. Handik gora, berriz, Mantulizeko lurrak. Biak Derion, biak hirigintza-operazio berean sartuak, mugakide, baina...

Aiartzako basoa 70etan sortzen hasi zen. Inguruetan baziren baserri gutxi batzuk, abandonatu zirenak (oraindik errota baten aztarnak daude, Pedro Txikiren autoa eta haren balentrien oihartzunak...). Landak eta hango erabilerak utzi ondoren, baso misto atlantikoa eratu da, biodibertsitate handikoa (37 hektareako uharte natural bakana gurean): haritzak, urkiak, gorostiak, ereinotzak... Eta, horrela, beste 30 baso-espezie.

Leku berean, Bilbok bazuen bere lorategietarako mintegia (hasieran, lursail horietan Bilboko hilerri berria egin nahi zuten). Hura ere abandonatuta dago eta zaramaz gain, beste espezie batzuk ere badira: Virginiako tulipaneroak, izeiak, haginak, Japoniako kameliak... Txoriak ere entzuten dira kantuan, basurde, luki eta bestetzuekin batera. Derioko auzokide eta elkarte batzuk batu dira Aiartza babespean sar dadin eskatzeko, baina agintariak oraindik ez dira enteratu.

Apur bat gorago, Mantuliz dugu. Hemezortzi zulodun golf zelai eta 500 txalet inguru egin behar ziren hor. Zorionez, 2008ko krisiak bertan behera utzi zuen proiektua. Baina, ordurako, kaltea bazen: mendi soiltzeak, kaleak asfaltatuta... Gaur egun, utzita dago proiektua eta han goian panpako landare inbaditzailea da nagusi.

Bi kilometro eskasetan, beraz, kerosenoa, autoak, hegazkinak, autobideak, txontak, ezkailuak, lukiak, kale abandonatuak eta panpa landareak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.