Ane Garcia Lopez.
MELE

Ahateak

2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Eskola itxi ziguten arte ez nuen sekula dantza klaserik hartu parke batean. Itxialdia amaitu eta puska batera elkartu ginen dantzakideak, zuhaitz artean, belar bustitan oinutsak, ahateren bat edo beste ikusle genuela.

Zer pentsatua eman zidan nire burua parkean dantzan ikusteak, ordura arte ez baizitzaidan okurritu aukera hori: gorputz dantzaria existitu liteke hura justifikatzen duten markoetatik at (dantza eskola, akademia, areto eta oholtzak), mugarik gabeko espazio batean.

Orduan heldu zen bigarren gogoeta: itxialdiaren aurretik ere, gure gorputzak erabat hezita zeuden espazio publikoetan egin daitekeenaren eta ezin daitekeenaren inguruan. Oro har, gorputz adierazkorrak edo performatiboak, zerbait esan nahian dabiltzanak, arrarotzat ditugu oholtzarik gabe; aldiz, gorputz produktiboak (kirolariak, adibidez), normalak, onargarriak eta desiragarriak dira.

Ez nituen zenbatu harriduraz begiratu gintuzten pertsonak, asaldatu zirenak, muturra okertu zutenak, gurekin dantzan hasteko gogoz geratu zirenak. Galdetu nahi nieke ea badakiten beren gorputzek produzitzeko ez ezik badutela adierazteko gaitasunik. Ea badakiten ahalmena badutela arraro mugitzeko, gozatzeko, behar baino mantsoago edo azkarrago joateko. Ea erreparatu dieten beren gorputzaren muga eta aukerei. Ea ezagutu duten haien gorputza honela: gauzak esan nahian.

Adierazpenak ez du ausardiarekin edo lotsagabekeriarekin zerikusirik. Dantzatzeko ez da gauza handirik behar. Lehen egun hartan, oinak belarrez zikin, ahate bat begira nuela pentsatu nuen normaltasunetik at mugitzea jada dantza dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.