Patxi Larrion Galdeano.
ELE

Agorraldia

2022ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Uda hondarrean gara. Etxabarriko iturriek aurtengo apirileko elurteari esker eutsi diote negarra dirudien emariari. Azken bost hilabeteotan hogeitabost bat litro euri erregistratu ditu lehengusuak baratzeko neurgailuan.

Erroibarra urez hornitu behar izan dute uda minean. Faltsesen agorraldiak mahats-bilketa aitzinatu du. Lakarren mahasti zaharretan dute itxaropena aleen kolorea aldatzen denerako. Apirileko izozteak xehatu egin zituen Irulegiko mahastiak. Joan den astean Bidasoako errepublikan berrehun litro euri jaso ziren egun bakarrean.

Itsasontzi batean Santurtzitik Bermeora ura daramate Urdaibaiko hainbat deposito betetzera. Hiru urte barru Gernika-Bermeo hodia erabilgarri egonen omen da. Diotenez berrogeita lau milioi euroko kostua du herrilanak.

Allin ibarrean ez da egitasmo eskasiarik. Jurramendiko mankomunitateak ur-tanga nabarmena egin nahi du alorrak eta basoa bereizten diren lekuan. Desnibel naturala baliatzeko asmoa dute Basaulako Itxakotik ura ekartzeko, hori bai, ibilbidearen azken atala gainditzeko ura ponpatuko dute. Oraindik ez dakigu zenbat herri hornituko dituzten banaketa-sistema honekin. Lanen kostua ere ezezaguna zaigu.

Okzitaniako Ardecha ibaitik argazkia bidali dit Amaia Ezpeldoik, ur-ebaslea atzeman ez badut ere, hurre sentitu dut zuberotarra egun idor hauetan.

Hiru urte igaro dira uren aferak aletzen hasi nintzenetik. Ele honen emaria agortu da.

Miren Agur Meaberen esana da: Atlantida hondoratu zen/ Antartida urtuz doa./ Non egingo dituzte gure ilobek barbakoak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.