Pegasus eta Candiru espioitza programen bitartez zelatatutako politikarien kopuruak adierazten badu nortzuekin dauden lanpetuta Espainiako zerbitzu sekretuak, ondorioztatu beharko dugu Euskal Herriko egoera politikoak kezka gutxi sortzen diela azken urteotan. Dozenaka dira zerrendan ageri diren katalanak —Carles Puigdemont, Oriol Junqueras, Elisenda Paluzie...—, eta bi euskal herritar bakarrik: Arnaldo Otegi eta Jon Iñarritu. Ez da oso sinesgarria bi euskal herritar bakarrik egotea zerrenda horretan.
Arraina uretan baino erosoago ibiltzen dira zerbitzu sekretuak estolderietan, eta ez beti haien arduradunak jakinaren gainean egonda. «Ba ote zekiten Espainiako Gobernuek zerbitzu sekretuak, programa horien bidez, eragile politikoak zelatatzen ari zirela?», da egunotan entzun dugun galdera erretorikoa. Ez du zertan horrela izan, zerbitzu sekretuak estatu bat direlako estatuen barruan.
Baina aurrez jakinda edo ikerketa baten bidez ezagutarazita, garrantzitsuena da ikustea nola erreakzionatzen duen harrapatutako gobernuak. Eta bi aukera dauzka delako gobernuak: ukatu eta estaltzen saiatu, edo arduradunak kargugabetu.
1985eko uztailean, Frantziako armadako zerbitzu sekretuetako agenteek bi lehergailu jarri zituzten Greenpeace erakundearen Rainbow Warrior itsasontzi ekologistan, Zeelanda Berrian. Fernando Pereira argazkilari portugaldarra hil zuten, nahi gabe, ekintza horretan. Operazio horren berri aurrez jakinda edo ez, Defentsa ministro Charles Hernuk dimisioa eman behar izan zuen.
Operazio horretan parte hartu zuen agenteetako batek, Segolene Royal buruzagi sozialista ohiaren anaia militar Gerard Royalek, gertatu eta 30 urtera esan zuen ezinezkoa zela horrelako operazioa egitea orduko presidente François Miterrandek jakin gabe.
Kargugabetuko al du inor Moncloakoak?
Ez dezagun ahaztu Euskal Herrian ere eduki genuela geure Pegasus auzia. Carlos Garaikoetxeari, lehendakari zela, telefono entzuketak egin zizkioten bere ertzainek 1986an.
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Ageriko zerbitzu sekretuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu