Adingabeen beldur

BERRIA.
Jexuxmari Mujika.
2018ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Hamahiru eta hamasei urtekoak, baina aingeru batzuk ez. Adingabeak, baina gaizkile bidean mugitzen ondo ikasitakoak. Gure artean ez omen dago adin txikikoen mafia organizaturik. Egia izan dadila. Noiz arte izango da, baina, egia? Hola dabiltzanek elkar azkar ezagutzen dute, eta, komeni bazaie, elkarturik jokatzeko joera erraz gara dezakete.

Argi ibili beharra daukagu, bai. Argi nola, baina? Ez dago adostasunik. Jende askok ez daki zer pentsatu eta zer esan. Beste askok lau hitzetara biltzen dituzte arazoaren zergatiak eta soluzioak: hezi egin behar dira haurrak, balioetan hezi. Familia desegituratuetan dago arazoaren iturria. Hauek ondo dakite zer egiten duten, eta zigorrak gogortu egin behar dira... Gaia, desgraziaz, konplexuegia da esaldi jakin eta errazegiekin konpondu ahal izateko.

Haurrak gaur ere balioetan hezten ditugu. Ezinbestez. Nolakoetan da galdera. Familia moduak gehienon oniritziarekin gero eta anitzagoak direnean familia desegituratua zein den esaten ere ez da erraza. Zigorrak gogortze hutsaren ereduak mesede gutxi dakarrela ondo ikasia behar genuke; beraz, gizarteari mesede gutxi dakarkiola. Familia eta eskolari erantzukizun osoa botatzean ere eta ni bien garrantzia azpimarratu zale naiz oso gure gizarte tenologikoan inoiz baino egiagoa den Afrikako atsotitza ahaztu nahi dugu: haur bat ondo hezteko tribu guztia dela beharrezko.

Guk, hiritarrok, horretaz ez dugu jabetu nahi, eta jabetu beharra daukagu. Guk ere erantzukizuna urruti nahi dugu, baina jakin behar genuke gertakizun edo jokabide oker baten aurrean, tristeena denean ere, alarma soziala sortzeak eta geure buruari eta bidenabar besteei zein sentimentu oneko eta bihozbera garen agertzeko azkar eta guztiz eskandalizatzeak ezer gutxi balio duela, zenbait gauza fundamental ikastera jartzen ez bagara. Hauek tartean: gizartean txikienentzat bizi-aukeretan ezberdintasunak gero eta handiagoak badira arazoa handitu egingo dela, seguru; mass media, sare sozial, erakunde anitzek, eta guk ere, bizitzaren ikuspegi faltsua eta eskubideen pedagogia negargarria egiten jarraitzen badugu, bizitzan libre izatea batek gogoko duen guztia egitea dela, eskubideez egiaz gozatzea hori dela, eta bat horrek inoiz gaizki jokatzen badu errua ez dela berea, heziketa okerraren edo buru-gaixotasunen baten seinale baizik, oso bide okerretik goaz. Arazoaren soluzio bidea izatez ere norabide alderantzizkotik etor daiteke: ikastetik txiki-txikitatik ekintza orok dituela ondorioak eta, beraz, erantzukizuna ere bai hau juridikoki ezartzerik ez dagoenean ere, eta hori onartzen ikastea dela askatasunean aurrera egiteko bide bakarra.

Adin txikikoak noiztik behar duten ekintza okerrak juridikoki kitatzeko obligazioaz hitz egitea zaigu errazen, baina teoriaz horixe dago ondoen ezarria.

Eta bukatzeko hauxe: Bilbon gertatuaren aurrean gizartearen eta gure lehen begirada, lehen erantzun zintzoa, biktimak merezi du; bera da biktima nagusia, eta ahalegin guztia besterik izan ez dadin lortzera zuzendu behar da; erasotzailearekiko harremanetan ere bai. Eta, noski, biktima ez da garrantzizko bakarrik gure ingurukoa denean edo delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.