Xabier Landabidea Urresti.
MELE

Adimena

2023ko abuztuaren 31
00:00
Entzun

Adimen artifizialaren bitsa nolabait apaltzen sumatu dut azken hilabeteetan. Terminator filmetako Skynet bere siliziozko siestatik esnatzear zegoela goiz eta arratsalde esaten zigutenetik nolabaiteko hype-oste batean sartu gara. Normala ere bada, turbokapitalismo berantiarraren egunotan nobedaderik apurtzaileenak ere abiadura bizian zahartu behar baitira. Edozelan ere Hizkuntza Eredu Handiak eta teknologia generatiboak ez dira desagertuko, eta aparraldiak gora egin edo burbuilak lehertu garapen garrantzitsuak ikusiko ditugu hemendik aurrera.

 

Adimen sintetizatuen auziak hala ere adimen organikoei begiratzera eraman nau azkenaldion, adimendun omen garenon jokabide eta funtzionamenduak jakin-min diferente batekin behatzera. Adimentsua ote da bere burua katastrofera zuzentzen ari den espezie bat? Adimenaren seinale al da klase interesen aurka doan fideltasun politikoa?

Ariketaren eta problemaren arteko ezberdintasun nagusia da ariketak erantzun zuzen eta okerrak finkatuak izan ohi dituela, eta problemak, ordea, ez duela aurretiaz zehaztutako soluziorik. Egunotan lagun artean Monty Hallen paradoxa ezagunaren inguruan eztabaida sutsuak izan ditugu, eta nire begi-belarriekin ikusi dut pertsona inteligente, formatu eta eraikitzaileenak ere ikuspegi zehatz batean harrapatuta gelditu daitezkeela, ariketa problema bilakatu ezinik, bestearen perspektibarekiko itsututa.

Adimena egoeretara egokitu eta arazoak konpontzeko ahalmena bada, beharbada giza indibiduo eta kolektiboen adimenaren parte kontsideratu beharko genuke ikuspegia aldatzeko gaitasuna. Zentzu horretan, daukan baino fama hobea eman beharko genioke «oker nengoen» esateko gai izateari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.