A ala B

BERRIA.
Jon Basaguren.
2017ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Bizkarra minduta eta behar baino lo gutxiago eginda jaiki da gaur. Ajerik ez du, ordea; eta atzo edan zezakeen: ez zuen berak gidatu behar. Baina azkenaldian nahiago du lasai ibili eta ahal duen guztia kontrolpean izan. Frogatua du horrela gehiago gozatzen duela: atera aurretik beldurrak eta urduritasunak baretzeko txupito bat hartu, eta hortik aurrera ura: burua argi. Berak ere ez daki noiz arte iraungo dion ondo teorizatutako jokamolde berri horrek, baina atzo behintzat hala egin zuen, eta gaur eskertzen du buru barruan mailuka inor ez aritzea. Gerri parean, baina, hor bai, hor min pixka bat du. Bart etxeratzean lurrean botata utzi zituen arropak jasotzeko makurtzean nabaritu du berriz, mina baino gehiago, bizkarreko molestia. Presaz ibili ziren, beti bezala, traste astunak batetik bestera eramaten eta... Tira, gaurko egun guztia dauka atseden hartzeko.

Musikaria da. Beste lan batzuetan ere aritzen den musikaria. Segur aski, denbora gehiago ematen du gitarrarekin zerikusirik ez duten zereginetan entseatzen baino; hala ere, argi dauka: bera musikaria da. Ondo pentsatuta, malabarista ere bada. Trebe aritzen baita bere beharreko ordutegiak, taldekideenak, entseguak, kontzertuak eta konpromiso sozialak airean bueltaka dituela. Noizbehinka erortzen zaio baten bat, baina halakoetan ere badaki jausitakoa lurretik dotore jasotzen eta aurpegian irribarrea duela saioa jarraitzen: ladies and gentlemen!

Gaur, baina, ez du zirkuan aritzeko indarrik. Denak goragalea ematen diola itzartu da, eta igande erdia dauka aurretik buruko harrak bazkatzeko. Nazkatuta dago bulegoan mesede eske ibiltzeaz: «bihar ordubete lehenago atera naiteke?» edo «har dezaket datorren hileko bigarren ostiral arratsaldea libre?». Ingurukoek ere asper-asper eginda daukate bere astiarekin egin behar izaten dituen akrobaziez konturatzen ez direnean: «noiz geratuko zara bazkalondoan lasai? Beti joanbehardut horrekin!» edo «Hara! Aspaldiko! Uste genuen poteatu ere entsegu lokalean egiten zenuela!». Eta, batez ere, amorratzen dute bere bihotz osoa jarriz egiten duenari errespeturik ez diotenek. Egoera horiek memorian ez gordetzen saiatzen da eta, ulertuko duzue, ez dizkiogu gaur gogoraraziko.

Egia esan, tuper batean zeukan zerbait berotu eta jan bitartean egin duen atzoko kontzertuaren berrikuste mentalak ere ez dio lagundu aldartea hobetzen. Ez zuten gaizki jo e, ez da hori. Ondo jotzen dituzten kantu batzuk dira arazoa, ez ditu bere sentitzen dagoeneko. Ideia berriak dauzka: burua bor-bor doinu eta hitzekin. Hilabete batzuez zuzenean jotzeari eta lan egiteari utzi nahi die, kanta berriak lasai (ja!) prestatu eta udan grabatu, taldekide guztien oporrak sinkronizatuz eta sakrifikatuz. Gauzak denboraz, txukun eta ondo egin gura ditu behingoagatik, agian baita biniloan argitaratu ere.

Bisonte-taldea batetik bestera belaze zabaletan nola, halaxe darabilzki buruan pentsamendu horiek, Winchester eskopetadun ehiztari doilorra jokoan sartu den arte: dirua. Hor botatzen ditu ideiak banan-banan, segidan ezkortasunak larrutu ditzan. Aurreko diskoaren zuloa betetzea lortu du doi-doi eta handiago bat aitzurtzeko prestatzen ari da dagoeneko.

Gero eta argiago dauka horrela ezin duela jarraitu, erotu nahi ez badu. Hor du bidegurutzea berriz ere: bestelako lanak utzi eta nekeak neke gogo-haragiz musikara dedikatu, ala gitarra akustikoa ez beste guztia saldu eta bizimodua egonkortzen (hitz beldurgarriagorik?) ahalegindu.

Gaur bezalako igande batean erabaki zuen igandeetan erabakirik ez hartzea. Baina ezin du gehiago, A ala B.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.