Teknologiaren etengabeko apologiarekin batera, azken boladan zabaltzen doa 5G telefono-sareen inguruko eztabaida. Hainbat ikuspuntutatik datoz aipatzen diren eragozpenak: geopolitika, osasuna, ingurumena, kontrol soziala...
Geopolitikan Txinak Huawei enpresaren bidez egin lezakeen balizko espioitzak hautsak harrotu ditu, eta ustez teknikoak diren erabakiak, 5G hedapenerako lehiaketa publikoak esaterako, baldintzatzen ari da. Espioitza zilegi da, nonbait, txinatarrek egiten ez duten bitartean.
Osasunaren arloko objekzioei heldu baino lehen, hel diezaiogun oinarri tekniko minimoari. Haririk gabeko teknologia honen abantaila nagusia, abiaduraz gain, latentziaren hobekuntza da, hau da, komunikazioaren beste muturrean eragiteko azkartasuna. Horrek ahalbidetzen du dispositiboen erreakzio azkarragoa, gauzen Internet arloko bideokamerekin eta bestelako sentsoreekin etengabeko interakzioa erraztuz. Horrela, lehen kable bidez egin behar ziren konexio azkarrak, 5Grekin haririk gabe izango dira posible. Horretarako uhin-espektroaren hiru frekuentzia-banda erabiltzen dira, bat dagoeneko 4G teknologian erabiltzen dena eta beste bat TDT telebistarako duela gutxi arte erabiltzen zena.
5G teknologia koronabirusarekin lotu duten teoria konspiranoikoak alde batera utzita, hainbat mediku, zientzialari eta ekologistak teknologia horren osasunaren gaineko eragin kaltegarriez eta arriskuez ohartarazi dute, eta sinadura bilketari ekin diote. IKT arloko aurreko teknologia batzuek ere, wifiak esaterako, kezka hori piztu zuten, baina, horietan bezala, 5G teknologiarekin ez dago ebidentzia zientifiko argirik, momentuz behintzat, osasungintza arloko arriskuez. Hala ere, aipatzen dituzten zuhurtzia falta eta kontrolik gabeko hedapena kontuan hartzekoak dira. Ingurumen azterketarik gabeko instalazioak egiten ari dira, eta hori salatzekoa da.
Nire ustez eragozpen kezkagarrienak ez daude osasunarekin lotuta, larrialdi klimatikoekin, boterearen kontzentrazioarekin eta gizartearen kontrolarekin baizik.
Gero eta ahaltsuago paradigmaren barruan bete-betean kokatzen den teknologia hau abiatzeko azpiegitura handiak ezarri behar dira, ez dakigu oso ondo zertarako, ez dakigu oso ondo nola ordainduko den, baina aurrera egin behar omen da. Beste azpiegitura erraldoietan bezala desazkundearen beste muturrera eraman nahi gaituzte. Berdin du arrakala digitala hor egoteak (gurean eta munduan) edo hirietako nagusitasuna eta herrietako/landako bazterketa gero eta handiago izateak; aurrera jarraitu behar. 5G hedatzeko inbertsio itzelak etorriko (omen) dira: ehunka satelite, milioika antena... Zuntz optikoan eta 4G teknologian inbertsioak egin berritan. Ez al litzateke zentzuzkoagoa izango dagoen teknologia denon esku jartzea, arrakala digitala gaindituz eta herri guztietarako estaldura ziurtatuz. 5G teknologiak arrakala handiagoak ekarriko ditu zalantzarik gabe.
Gainera, etengabeko inbertsioen behar horrek teknologia oso esku gutxitan kontzentratzea dakar (hemen Euskaltel eta MasMovil-Ibercom enpresekin gertatzen ari da gaur egun), burujabetza teknologikoa eragotziz eta kontrol soziala erraztuz. Aplikazio asko aipatzen dira: telemedikuntza, gidaririk gabeko autoak, bideo-transmisioak zuzenean baliabide gutxirekin... baina guztien gainetik kontrol sozialari begirakoek dirudite prest daudenak: erraza izango da denon aurpegiak kontrolatzea edonon. Haririk gabe, noski.
5G ezbaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu