Txerra Rodriguez.
MELE

53

2023ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Derion bizi naiz, Txorierrin dagoen herri batean. 7.000 pertsona inguru bizi gara han (azken hogei urte luzeetan 2.500 biztanle irabazi ditu). Gustatuko litzaidake jakitea zenbat irakurle izan den inoiz bertan (egon esan gura dut, ez pasatzea).

Derio ezaguna da, batez ere, kanposantuagatik (Bilbokoa izan arren eta lur gehienak Zamudiokoak izan arren). Batzuek ere ezagutuko dute abadeen faktoria nagusia izan zuelako (zergarik ordaintzen ez duen negozio-gune bilakatua) edo Loiuko aireportura heldu aurreko herria delako. Bizkaiko Parke Teknologikoko zati bat ere bertan da (adibidez, ohikoa da hedabideetan Euskaltel Derioko enpresa bezala izendatua izatea).

Pertsona ezagun batzuk eman ditu Deriok, agian ospetsuenak garitanotar futbolari eta entrenatzaileak.

Deskribapen labur honetan ikusi duzunez, nahiko herri normala da gurea, ez da bereziki bereizten ezergatik.

Baina... kontuz, gauza batean 53. herria da (irakurle, oraingoan ez hartu marko mentaltzat Euskal Herria, Espainiako Estatua baizik). Bai, 53. herria, baina zertan? Gure alkatearekin du zerikusia sailkapen horrek. Izan ere, Gardena webgunearen arabera (erakunde publikoen funtzionamenduarekin nekatuta dagoen profesional talde batek kudeatutakoa), gehien kobratzen duen 53. alkatea dugu Deriokoa 2021ean (2022ko daturik ez da, ezta 2023korik ere). Kontuan hartuta 2023an ostera ere irabazi dituela alkateak hauteskundeak eta, ondorioz, bere soldata eguneratu duela (eguneratu da igotzearen eufemismo txatxu bat), ba agian gaur eta hemen Derio top 50ean egon daiteke sailkapenean. Herri normala dela esan dut lehen, baina, agian, egokiagoa da esatea herri bitxia dela gurea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.