Gogoratzen dut zelan kontatzen zenidan 83ko urioletan palarekin beharrean ibili zinela basatzaren potxingoetan, Errekalden (83ko uriola ospetsu horiek Bilboko erdigunea izorratu zuten, baina baita auzo periferiko eta hainbat herri ere). Gogoratzen dut egun horietan barrikadaren atzean egotea tokatu zitzaizula auzora ekarri nahi zituzten bidoi pozoitsu batzuk oztopatzeko.
Gogoratzen dut Kortaturen kontzertu mitiko batean izan zinela (fan zinen eta fan bihurtu ninduzun), gogoratzen dut Tijuana in Blue maitatzen ikasi nuela zurekin. Gogoratzen dut hara eta hona eramaten ninduzula: eskolara eta igerilekura, Oriñonera eta Larraskitura, barraketara eta hanburgesak jatera. Gogoratzen ditut zure lagunen elkarrizketak (gauza asko ez ulertu arren). Gogoratzen zaitut zeure auto txikian (azkenean ez zen izan niretzat!), gogoratzen dut zeure azken mutil-laguna eta Hondarribiko kanpinean izandako ezbeharra. Gogoratzen dut azken Olentzerotan Beti Mugan taldearen biniloa oparitu zenidala. Gogoratzen dut AEKn hasi zinenean euskara ikasten: hau zelan esaten da? Gogoratzen zaitut Gabonetako dekorazioa ipintzen, gogoratzen zaitut birra eta kanutoa eskuan.
Nik 17 urte nituen eta zuk 28. Otsaileko egun hotz batean hil zinen, zure etxean, zure ohean, Bob Marleyren poster erraldoi baten begiradapean. Hiesak jan zintuen barrutik (gerra zikinaren beste albo-biktima bat). Nire izekoa zinen (niretzat beti arreba nagusia izan zaren arren) eta Guadalupe zenuen izena. 28 urte zenituen eta 28 urte pasa dira ordutik eta hemen nabil ni abuztuan, zer eta zuri buruzko zutabe bat idazten, uriolen 40. urteurrenak memorian egin didalako klik.
(Ohar bi, izeko Guada: zure ispiluak horman ditut eskegita, ondo zainduta daude; Neguren Aizu kanta entzun orduko negargura sartzen zait zure kulpagatik, kabroia, maite zaitut).
MELE
28 urte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu