Orrialde hauexetan inoiz hizpide izana dugu Sermos Galiza astekariaren 500. zenbakia —handik sortua da Nòs Diario—, eta enpresa editore horren 10. urteurrena. Oraingoan, berriz, ongietorri egiten diogu Vilaweb-en 27. urteurrenari. Hedabidearen 25 urteko ibilbidearen adierazgarri, erakusketa bat inauguratu dute aste honetan, zeina hasieran atzeratu egin behar izan baitzuten osasun larrialdia zela eta. Txalo bero bat eta zorionak Europako egunkari digitalik zaharrena izanik gaur egun oraindik ere argitaratzen den horri, eta, bereziki, Vicent Partali eta Assumpcio Maresmari.
Baina, kazetaritza independentea hizpidera ekartzean, bazkideak eskertu behar ditugu batik bat, horien guztien ekinbidearengatik baita posible. Eredu hori ezinbestekoa da hedabide propioak haz daitezen, bai Herrialde Katalanetan, bai eta Euskal Herrian eta Galizian ere; eredu hori lanabes gisa baliatuta, zilegi zaigu zintzotasunez eta erantzukizun sozialez jokatzea, boterea kontrolatzeko eta hiru nazioen interesak defendatzeko asmoz.
Goitik beherako kazetaritza zintzo bat aldezten dugu, ezein presio taldek eta gobernuk belaunikarazten ez duena, baina testuinguru jakin batean dihardugu horretan egunero, non joko arauak ez baitira berberak denontzat: ikus, adibidez, nolako betoa jarri dion Xuntak Nòs Diario-ri prentsa idatziarentzako diru laguntzetan, nahiz eta deialdi publikoan jasotako baldintzak betetzen zituen; gogoan hartu, halaber, 1,5 milioi inguruko diru sail publiko hori, gaur egungo presidente Alfonso Ruedaren Kontseilaritzak aurten urtarriletik maiatzera bitarte banatua komunikabide espainolen artean Done Jakueren urtea sustatzeko, nahiz eta legedia bera urratu duen horretarako, kazetaritza enpresa horiek —gehien-gehienek— Galiziako toponimia desitxuratzen baitute.
Hain zuzen ere, aste honetan, Letra Galegoen Egunarekin bat eginez —euria gorabehera, milaka pertsona bildu zituen Compostelan, Queremos Gallego plataformak hara deituak—, gobernuko buru berriak «adeitasun linguistikoaren» diskurtsoa berreskuratu du, alde batera utzirik hizkuntza propioa ordezpen linguistikoa jasaten ari dela gaztelaniaren mesedetan. Ez zaigu harritzekoa iruditu Ruedaren taktika; izan ere, 2009an, Galicia Bilingue erakunde galegofoboarekin jo zuen kalera, «galegoaren inposizioari» kontra egitera. Falazia interesatu bat, PPren think tank-ak asmatua, zeinaren bidez onartu ere egin baitzuten dekretu bat irakaskuntza —are gehiago— espainolizatu zuena. Zer esango dugu, ba... Urte luzez iraun dezatela gure hedabideek, Vicent eta Martxelo!
ZUZENDARIEN GALEUSCA
25 + 2 horiegatik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu