Rodolfo Aresen prentsaurrekoaren, irrati elkarrizketaren eta agerraldi parlamentarioaren ondoren, ondorio batzuk.
Gertaerez. Lekukoen testigantza sinesgarriekin ez dator bat Herrizaingo sailburuaren bertsio hutsunez betea. Ertzaintzaren orain arteko jokabidearen berririk ez duen kanpotar bati senak esango lioke Aresen azalpena guztiz sinesgarria dela: nolatan hasiko dira ertzainak pilotakadaka aurretik botilakadaka eraso ez badiete edo aurretik piztu diren istilu batzuei erantzuteko ez bada? Ertzaintzaren orain arteko jokabide askoren lekuko izan denak, ordea, badaki erasoen edo istiluen beharrik ez dutela eskopetak eta borrak lanean jartzeko.
Baina demagun, une batez, Aresen kontakizuna errealitatearekin bat datorrela: hala ere, bertsio ofizialaren arabera ere, Ertzaintzaren oldarraldia lekuz eta neurriz kanpokoa izan zela adierazten du, besteak beste, patruilak hara eraman zituen jatorrizko gertaeraren bukaerak: borrokaldian zauritu omen ziren bi pertsonak beren kabuz alde egin zuten, Aresek berak azaldu zuenez.
Ikerketaz. Iñigo Cabacas ostegun gauean zauritu zuten. Gau berean zabaldu zen oso larri zegoela. Lekukoek berehala adierazi zuten Ertzaintzaren pilotakada batek jota zauritu zutela. Artean bizirik zegoela, El Correo egunkariak gurasoen testigantzaren berri eman zuen: burua zulatuta zeukala, pilotakada batek jo zuela.
Autopsiaren baieztapena iritsi baino askoz lehenagotik zeuzkan edozein herritarrek gertatu zenari buruzko zantzuak, eta pentsatzekoa da Herrizaingo Sailak zantzu horiek baino zerbait gehiago izateko baliabideak bazituela benetan zer gertatu zen jakiteko. Hala ere, autopsiaren emaitzak jakinarazi bitartean, Cabacasen zauria pilotakada baten ondorio izan ote zen argi ez zegoela izan zen Herrizaingo Sailaren mezu nagusia. Eta Ertzaintzan ez zuten barne espedientea, Aresen arabera, joan den asteazkenera arte zabaldu. Aurreko sei egunetan ez zen horren beharrik izan, nonbait.
Azkeneraino ikertuko dutela agindu dute, baina orain arteko jarrerak ez du konfiantza handirik ematen. Gainera, osteguneko oldarraldian parte hartu zuten ertzainak ikerketa burutu bitartean zerbitzutik kanpo utzi ote dituzten ez du argitu Herrizaingo sailburuak.
Agerraldiaz. Gertaerei buruzko xehetasunak eta azalpenak ematen baino denbora gehiago eman omen zuen kontestuari buruz hitz egiten. ETA, Ertzaintzaren zailtasunak, ezker abertzalea, Ertzaintzako biktimak... Nola aldatzen diren gauzak: Iñigo Cabacasen heriotza gatazkaren ondorio izan dela esatea bakarrik falta zitzaion.
Armez. Ertzaintzaren buru nagusiak azaldu du pilota jaurtitzaile hauekin ez dagoela nahita inori buruan jotzerik. Ezin dela zorroztasunez apuntatu. Pilota, gutxi gorabehera, bere kasa doala. Beraz: ertzainak baldin badaki burura apuntatuta buruan nekez joko duela, ertzainak badaki gerrira edo hanketara apuntatuta buruan bete-betean —edo beste edonon— jo dezakeela pilotak. Jakinaren gainean daude ertzainak eta pilota jaurtigailu hauek erabiltzea baimendu eta agintzen dutenak.
Debekuaz. Ertzaintzak 2013tik aurrera ere gomazko pilotak hauek erabili egingo ditu. Hori da albistea. Ertzain arruntek ez dituzte erabiliko, bada zerbait, baina beltzek, bai. Baina, 2013tik aurrera, Ertzaintzako buruzagiek hala agindutakoan bakarrik erabiliko omen dituzte, gomazko piloten erabilera beharrezkotzat jotzen dutenean bakarrik. 2013tik aurrera?
Erantzukizunez. Bera agintari nagusi duen Poliziak pertsona bat hil duela aitortu du Rodolfo Aresek, heriotza bidegabea izan dela ere adierazi du, eta Ertzaintzaren esku hartzean zerbaitek huts egin zuela ere bai. Erantzukizun politiko osoa bere gain hartzen duela ere esan du. Eta, ondoren, ez du dimititu.
Handik eta hemendik
2013tik aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu