«Ikusi besterik ez dute egin behar; ez da ezer interpretatu beharrik»

Isabel Jaurena.
2023ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Silviaren abokatu gisa bost urte daramatza lanean Agatha Libanok (Getxo, Bizkaia, 1971). Prozesu guztia pasatu eta gero, epaiaren zain daude orain. Fiskaltzak izan duen jarrerak bereziki «min egin» dio.

2018an hasi zen guztia. Nolakoak izan dira urte hauek?

Borrokaz betetako bost urte izan dira, eta biktima biluztu besterik ez dugu egin. Berbiktimizatu dugu: gure egia kontatzen ahalegindu gara, baina Silviak horren ondorioak soilik jasan ditu.

Hasieran akordio bat eskaini zizueten, ezta?

Bai, baina Silviak borrokatzea erabaki zuen, pentsatzen genuelako bideoa froga eztabaidaezina zela. Nik argi nuen behar zen lekuraino joango nintzela, baina ez nekien zer ondorio izango zituen berak; izan ere, esan zidaten akordioa ez bagenuen onartzen autoritateari aurre egitea egotziko ziotela, eta hala izan da.

Autoritateen kontra joatean, beraz, frogak izateak ez du balio?

Poliziaren edo gobernuaren kontra joatea oso zaila da, baldin eta froga zalantzaezinik ez baduzu. Frogarik ez dagoenean, akordio batera iritsi behar da, baina kondena ziurtatuta dago. Guk frogak ditugu, baina begira non gauden.

Baina zuek aurkeztutako bideoan gertatutakoa ikus daiteke, ezta?

Bideoa jarri zutenean, Silviari jotzen zioten kolpe bakoitzeko erreakzionatzen zuen jendeak.Hala ere, badirudi denok ez genuela gauza bera ikusi. Izan ere, fiskaltzak biktimak defendatzen ditu, eta hark egia ez ikusteak zur eta lur utzi nau. Horren ondorioz, frogaren egiazkotasuna zalantzan jartzera iritsi gara. Baina ikusi besterik ez dute egin behar; ez da ezer interpretatu behar.

Epaiaren zain zaudete orain.

Bai, eta nik borrokatzen jarraituko dut, ez dudalako ulertzen nola ez duten akordiorik egin nahi izan. Dena den, Silvia da ausarta; beste edozeinek akordioa onartuko zukeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.