«Guardia zibilak saiatzen dira zuk pentsa dezazun trapu zahar bat zarela»

Irati Urdalleta Lete.
Andoain
2023ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Euskaldunon Egunkaria itxi, eta hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak. Bost eguneko inkomunikazio aldia zuten aurretik. «Animalia» horien eskuetan bizi izandakoa xeheki kontatu du Otamendik:


BOST EGUN LUZE

«Bost eguneko inkomunikazioa izan zen. Guardia zibilek iritsi eta berehala esan zidaten: 'Hau bost eguneko bidaia da: aurreneko egunean, tratua gogorra da; bigarrenean, gogorragoa; hirugarrenean, gogorragoa... Baina bukaerarako denek kantatzen dute'. Aurkezpen eskutitza izan zen. Hiru egun zutik eduki ninduten; ziegan lau-bost ordutik behin esertzen uzten zidaten. Galdeketak biluzik ziren, erori arte ariketa fisikoa... Esaten nien: 'Eskubidea dut ez deklaratzeko, herritar orok duelako. Gainera, kazetaria naizelako, eskubidea dut iturriei eta kontaktuei buruz ezer ez esateko'. Hori guztia mendiko txano bat horrela nuela [aurpegia estaltzeko keinua egin du]. Tematu egiten nintzen, eta zenbat eta gehiago tematu, tratua gogorragoa zen: irainak, ariketa gogorragoak... Hiru egun torturapean egon nintzen.

Etxea miatzen ari zirela sumatu zuten homosexuala izan nintekeela, topatu zutelako Iparraldeko jatetxeen eta kluben promozio paper bat. Ez dut uste inoiz kontatu dudanik. Operatiboko buruak esan zuen, gazteleraz: 'A, ipurdiak gustatzen zaizkizu'. Baliatu zuten ni galdeketetan umiliatzeko. Biluzik jarri ninduten, sexu postura jakin batean 30 segundoz, eta esan zidaten: 'Zure lagunekin egon gara, badakigu sexua egiteko garaian zein den gehien gustatzen zaizun postura, eta jar zaitez horrela'.

Beste batean, burdina bat jarri zidaten buruko ezkerreko parte hau ukitzen [lokia seinalatu du]; klik egin zuen, eta bi segundora pistola bat ukiarazi zidaten. Irainak, flexioak... etengabeak ziren.

Hiru egunean lo egin gabe ere egon nintzen. Asko jokatzen dute logurarekin.Ondorioztatzen duzu ez dizutela lo egiten uzten loa ebasioa, ihesbidea eta absentzia delako.

Azkena poltsa deitzen den tortura izan zen. Nire kasuan, plastiko bat zen zure bigarren azala bihurtzen zena. Oso-oso ondo itsasten da. Oihuka hasten zarenean, plastikoak berak ixten dizkizu sudurreko zuloak eta ahoa; itomen sentsazioa berehalakoa da. Bi aldiz egin zidaten, hirugarren egunean. Tortura handienak jasan nituen justu Donostian manifestazio handi hura egin zenean. Haiek saiatzen dira zuk sinetsi dezazun trapu zahar bat zarela».

GALDEKETA

«[Baltasar] Garzonekin egona nintzen deklaratzen ETAri egindako elkarrizketengatik, atxilotu gabe. Esan nion bere galderek urratu egiten zutela kazetari moduan ez erantzuteko neukan eskubidea. Bi aldiz deitu ninduen deklaratzera, eta bietan sinatu zuen auto bat esanez elkarrizketak interes publikokoak zirela. Eta idatzi zuen: 'Elkarrizketa batean, delitua elkarrizketatuak bakarrik egiten du, sekula ez elkarrizketatzaileak'. Guardia zibilek bazekiten Garzoni ez niola informaziorik eman. Hasi ziren esaten, gazteleraz: ' Guri kontatuko diguzu marikoi horri kontatu ez diozuna'. Akusazio orokorra zen Egunkaria sortu zenean ETAren esku hartzea egon zela. Orduan ni ez nengoen Egunkaria-n. Beraz, ETAk hasieran eduki ez zuen —sekula ez zuelako eduki— baina eduki zezakeen esku hartze hori ez da nire garaikoa. Guardia zibilek ez zuten niri horretaz zer galdeturik. Galdeketen eta torturen %99 ETAri egindako elkarrizketen ingurukoak ziren. Ez dut sekula horien inguruan hitz egin. Horrenbeste urte pasatuta, esan dezaket ETAk hartzen zituela neurriak zuk ez jakiteko elkarrizketak non egiten ziren: auto baten sartu, bueltaka hasi... Halere, oso zaila da asko dakizula uste duten guardia zibilei sinetsaraztea ez dakizula ia ezer».

FORENTSEA

«Larunbat goiza izango zen. Forentsea aurrez aurre neukan. Ondoan, zutabe berde bat, metalezkoa. Esan nion: 'Esaiozu epaileari hemendik ateratzeko, prest nagoela deklaratzeko; ez dut deliturik egin'. Zutabea seinalatuz esan nion: 'Ez banau hemendik ateratzen bihar goizerako, burua hautsiko dut zure aurrean zutabe horren kontra'. Ziegara eraman ninduten. Handik oso gutxira, oso gogor etorri zitzaizkidan. Jarri ninduten ziegaren atean lurraren kontra, eta esan zidaten, gazteleraz: 'Putakumea, berriro esaten badiozu forentseari zer egiten ari garen zurekin, bi tiro joko dizkizugu'. Hasten zara pentsatzen forentsea haiekin batera dagoela, batzuek animaliaren papera egiten dutela eta besteak, berriz, medikuarena. Zera diozu: 'Alferrik da forentseari ezer esatea'».

DEKLARAZIO JUDIZIALA

«Auzitegi Nazionalera eraman ninduten. [Juan] Del Olmo zen epailea. Galdetu zidan: 'Otamendi jauna, zer da ETA?'. Falta zitzaidan bakarra zen bost egun inkomunikatuta egon, Egunkaria itxi eta hiru egun torturatuta egon eta gero Auzitegi Nazionaleko epaile batek galdetzea niri zer da ETA? Esan nion: 'Ez nauzu atxilotu, ez dituzu 150 langile kalean utzi, ez duzu euskarazko egunkari bat itxi eta ez nauzu eduki hauen eskuetan bost egunetan galdetzeko ETA zer den, ETAkoak egunero ikertzen, epaitzen eta kondenatzen dituen auzitegiak'. Oso oinarrizko galderak egin zizkidan Del Olmo epaileak. Ni torturatu ninduten ETAri egindako elkarrizketengatik, baina Del Olmo epaileak ezin zidan horri buruz ezer galdetu, ez zuelako Egunkaria itxi elkarrizketa horiengatik. Eta kontatu nion zer egin zidaten. Begiratzen zidan keinurik eta galderarik egin gabe, eta nire deklarazioan inongo kontraesanik bilatu gabe. Auzitegi Nazionaleko ziega batera eraman ninduten. Handik gutxira, epaileak nire kasuan erabaki zuen kartzela zigorra jartzea, baina 30.000 euroko bermearekin saihesteko aukerarekin».

BERMEA

«Familia hitz eginda zegoen banku batekin. Senideak presaka joan ziren Auzitegi Nazionaletik bankura. Hartu zuten dirua, eta taxian ziztu bizian joan ziren Auzitegi Nazionalera. Lortu zuten dirua ematea ordu muga baino bi minutu lehenago. Dirua makinatik pasatutakoan, ohartu ziren bilete bat faltsua zela, eta senide batek poltsikotik atera eta benetako billetea jarri zuen».

KONTAKIZUNA

«Eraman gintuzten Sotora [Soto del Real espetxea]. Han geunden Joan Mari [Torrealdai], Xabier Alegria, Txema [Auzmendi]... Epaileak esanda, bazekiten kartzelara joango zirela. Esan nien: 'Esadazue zer egin dizueten. Salatuko dut'.Garbi nuen kontatuko nuela; besteen torturen berri eman zuen egunkari bateko zuzendaria izan nintzen. Atera nintzen, eta lankideak zeuden, senideak... eta ETB: zuzenean sartu nintzen. Gure salaketari sekulako oihartzuna eman zion».

ONDORIOAK

«Etorri nintzenean, gau batez anaia bati eskatu nion nirekin lo egiteko: bi anaiok egin genuen lo ohe berean. Gainera, inauteriak zetozen, eta galdeketetan esan zidaten: 'Ez zara egongo inauterietan, epaileak kartzelara sartuko zaituelako, baina ez bazaitu sartzen, hantxe ibiliko gara'. Egunez bakarrik ibili nintzen, beti kuadrillakoek eta senideek inguratuta; edozein momentutan etor zitezkeen edozer gauza egitera.

Oso estatistika txarra daukagu: lehenengo kolpean, hamar atxilotu, sei torturatu, hiruk minbizia garatu genuen eta bi hilda daude —Joan Mari Torrealdai eta Inma Gomila—. Joan Mari Torrealdai hil zen salatuz bere minbizia zela Egunkaria-ren itxierako umiliazioen, tratu txarren eta torturen ondorioa».

Ikusi gehiago:Martxelo Otamendi: «Denbora tarte batzuk kenduta, oso ondo pasatu dut lanean»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.