Gipuzkoan 220 elkartetik gora daude, irabazi asmorik gabe hainbat arlotan herritarrei musu truk era askotako laguntza eskainiz. Horiek indartzea eta herritarrak elkarte horietara gerturatzeko bideak jartzea da Aztarna Ekosoziala programaren funtsa, Kutxa fundazioaren eskutik. 2030 agendarekin lerrokatuta dago, nazioarteko garapen jasangarrirako helburuekin bat eginda, eta aliantzen bidez, elkarteak laguntzea dute xede, dagoen aniztasun guztia aintzat hartuta. Askotarikoak baitira elkarteak: osasun gaiekin lotutakoak, inklusioa bilatzen dutenak, aniztasun funtzionala dutenak laguntzen dituztenak, berdintasun arlokoak, jasangarritasunaren ingurukoak, kulturakoak...
Hiru lan lerro dituzte ildo horretan. Batetik, sortu berritan dauden horiei bultzada ematen diete; bestetik, horiek indartzen jarduten dute; eta azkenik, herritarren aktibazioa bilatzen dute, herritarrak boluntario lan horietara gertura daitezen.
Elkarteek ikusgarritasuna izan dezaten irratsaioak eta formakuntzak egiten dituzte, herritarrengana iritsi ahal izateko
Elkarte horiei hainbat trebakuntza eskaintzen dizkiete, elkartea bera nola indartu erakusteko. Hala nola, sarean ikusgarritasuna nola lortu jakiteko lan saioak, elkarren arteko saretzeak eta irratsaioak ere eskaintzen dizkiete. Uhinetan lortu dituzte plazak, hala nahi duen elkarteak tarte bat izan dezan, egiten duen lanari buruz jarduteko.
Zehar lerroa
Orain arte egin dituzten lanketetan aurrera eginda, ikusi dute hainbat elkartek egiten duten lanak premia bat baino gehiago estal ditzaketela. Esate baterako, abesbatza baten bidez, bakarkakoak taldera batzen dira, eta konpromiso bat hartuta jarduteaz gain, sor litezke gero kontzertu solidarioak, beharrean den kausa baten alde dirua biltzeko. Horrenbestez, funtzio ugari betetzen dituzte elkarteek, eta zehar lerro horiek lantzen eta horietan sakontzen ere badihardute programa horren bitartez. Horren beste adibide bat da, adibidez, atzerritarrentzat idazketa taldeak sortu dituen elkartea. Helburu kulturala izateaz gain, inklusioa ere lantzen delako. Edo itsas bazterrak garbitzen dituzten elkarteen bidez, ingurumenarekiko errespetua eta jasangarritasunaren mezua zabaltzeaz gain, itsasoaren kulturaz blaitzeko beta ematen duten elkarteak ere badira. Horiek guztiek Aztarna Ekosozialaren programako laguntzak jasotzen dituzte.
Bestetik, aisialdian ikusi dute arrakala bat egoera zaurgarrian dauden pertsonekin, eta lerro bat ireki dute Gipuzkoan egoera hartan dauden familiek aisialdirako aukera zabalagoak eduki ditzaten. Aisialdi inklusiboa izeneko laguntza sortu zuten, eta sarearen bidez deialdia egin zuten. Albaola eta Cristobal Balentziaga museoa daude sartuta proiektu horretan adibidez, eta Gure Zirkuarekin ere elkarlanean dabiltza.
Sumatu dute hutsune bat azken hilabeteetan. Izan da hainbat elkarteren dei bat, esanez, boluntarioak falta izan dituztela zenbait ekintza aurrera eramateko. Ikusi dute zenbaitetan elkarteek ikusgarritasuna falta dutela, eta horretan laguntzeko argitaratzera doaz katalogo bat. Katalogo horretan tresnaren bat edo salgairen bat eskaintzeko duten elkarteak agertzen dira, bata bestearen alboan. Modu horretan, elkarteen berri izateaz gain, herritarrari askotarikoa den argazki bat eskaintzen zaio, dauden elkarteen berri emanez. Gainera, dituzten salgaiak erosteko aukera dago katalogo horren bidez. Eta txapel batekin bi buru estaltzen dira: elkarteak laguntzeaz gain, elkarteek laguntzen duten kausa ere laguntzen delako.
Onuragarria da elkarteentzat diru iturri hori, beste hainbat jarduera egiteko aukera ematen dielako diru iturriak ugaritzeak. Ildo horretan, Garapenerako Lankidetzarako Laguntzak eta Gipuzkoako irabazi asmorik gabeko erakundeek 2025ean garatu beharreko gizarte edo kultura ekimenetarako diru laguntzak eskatzeko epea irekita dago jadanik. Urriaren 30etik egin ditzakete eskaerak elkarteek.