Ez da lan erraza izan, baina Korrika hasteko prest daude jada Irungo (Gipuzkoa) herritarrak. Luze egin zaie zenbait hilabete iraun duen atzerako kontaketa, eta, beraz, gogoz espero dute guztiek gaur arratsaldean euskararen aldeko lasterketa abiatzeko unea. Maddi Sanz hasierako eguneko arduradunari, hain zuzen, Korrika Irundik igarotzen deneko momentua iruditu zaio beti politena. Aurten, herrian bertan emango diote hasiera, baina Sanzek uste bera du oraindik ere. «Herritik pasatzeko momentu horretan jendea nola inplikatzen den ikusteak bete egiten nau. Nire unea da, eta nire herriarena», adierazi du.
Gaurko egitarauari dagokionez, ospakizun egunarekin bat egingo duela aurreratu du Sanzek. Izan ere, goizetik izango dira kontzertuak eta bestelako eskaintzak. 11:00etan, esaterako, Korrika Gaztea abiatuko da herritik, eta DBHko hirugarren eta laugarren mailako ikasleekin egin duten lana plazaratuko dute antolatzaileek. 11:30ean, zer nahiago duten hautatzeko aukera izango dute biztanleek: alde batetik, artisautzen azoka egingo dute Ospitale Zaharreko plazan, eta, beste aldetik, musikariak eramango dituzte herriko pentsionistek. Ordubete igarota, bertso-triki poteoa hasiko da, eta txosnek ateak irekiko dituzte, jateko eta edateko guneak jartzeko.
«Jai eguna eta ospatzeko eguna izango da: Korrikari ongietorria emango diogu Irunen, eta euskaraz».
MADDI SANZHasiera eguneko arduraduna
Behin giroa berotuta, 15:00etan emango diote hasiera 23. Korrikaren ekitaldi nagusiari, eta 16:00etan aterako da herritik euskara aldarrikatzeko lasterketa. Hernanin pasatuko dute lekukotza, eta 17:30ean, zehazki, jaia hasiko da Irunen: Burrunba elektrotxarangak joko du auzoko tabernetan, Esne Beltzak kontzertua emango 19:30ean, eta Bad Sound eta Lagunak oholtzara igoko dira 21:30ean. «Jai eguna eta ospatzeko eguna izango da: Korrikari ongietorria emango diogu Irunen, eta euskaraz», zehaztu du Sanzek.
Beste ekitaldi batzuk
Korrikaren harira antolatu duten egitaraua herritarrek sortu dute, «Irundik eta Irunentzat, eta Euskal Herriarentzat». Alde horretatik, Korrika Kulturalari indar berezia ematea erabaki dute. Hain justu, Badon opera postdramatikoa eskaini dute herrian eta, egun nagusia alde batera utzita, beste hiru «Korrika egun» eraman dituzte aurrera. «Horietako bat bertan behera utzi behar izan genuen, eguraldia zela eta», azaldu du Sanzek. Gainerakoak ospatzeko arazorik ez zen egon, zorionez.
Lehenengoan, «egoera irregularren bizi direnen inguruko ekitaldia» egin zuten, Paperezko bizitzak izena zuena, eta, besteak beste, Amets Arzallus bertsolariak hartu zuen parte. Ekitaldi horrekin lotuta, gainera, ipuin lehiaketa bat egin zuten Irunen. Bigarrenean, berriz, Hitz Gurutzatuen Euskal Herriko Bederatzigarren Txapelketa antolatu zuten, eta, hori guztia gutxi balitz bezala, hilaren 3an erromeria izan zuten herrian. «Ekitaldi pila bat egin ditugu Irunen bertan, eta guztiak herriko jendeak prestatu ditu», jakinarazi du Sanzek.
Gogorarazi du oraindik ere disfrutatzeko ekintzak geratzen direla, eta Korrikan parte hartuko duten guztiak animatu ditu gaurko egitarauarekin bat egitera. Sanz: «Gu oso pozik gaude emaitzarekin, eta uste dugu nahiko polita izango dela eguna».
Lantaldearen babesa
Azaroaren 16an jakinarazi zuten 23. Korrika Irundik abiatuko zela. Bi egun geroago, herritarrei parte hartzeko eskatu zieten. «[Azaroaren] 18an egin genuen lehenbiziko deialdia, jendea plazara etorri eta argazkiak ateratzeko. Erantzuna ikusi genuenean, flipatu genuen», kontatu du Sanzek. Aldiz, antolatzaileak beldur ziren hasierako emozioak bultzatu ote zituen biztanleak lehen ekintza horretan parte hartzera. Ez da horrela izan: «Ordutik, berdina izan da herritarren erantzuna. Eragileen eta herriko euskalgintzaren harrera ere izugarria izan da».
«Bakoitzak bere esparrutik, bere herritik, bere errealitatetik, baina euskararen aldeko halako egitasmo bat abian jartzeko guztiak batzea polita da».
MADDI SANZHasiera eguneko arduraduna
Korrikaren antolaketa lanetan aritzen den lehen aldia da, baina esperientzia «polita» dela dio Sanzek. «Oso pozik nago, atzean dagoen lantaldea deskubritu dudalako», zehaztu du. Azaldu duenez, euskaltegian irakasle lanetan aritzeak Korrikaren antolaketa prozesuarekin lotuta dauden kontuak «urrutitik» ikusteko aukera eman dio; aurten, ordea, «pixka bat gehiago» ezagutu du halako ekitaldi bat egitearen ardura. Dena den, azpimarratu du behar beste laguntza jaso duela Korrikaren lehen eguna antolatzeko. «Zoragarria da zelako ekipo humanoa dagoen, eta zelako babesa eskaintzen dizuten», esan du.
Herritik kanpo ere babesturik sentitu da, zeozertarako laguntza behar izan duenean inolako arazorik gabe eman diotelako: «Bakoitzak bere esparrutik, bere herritik, bere errealitatetik, baina euskararen aldeko halako egitasmoak abian jartzeko guztiak batzea polita da». Elkarlanaz disfrutatzeaz gain, «harro» dago berak eta gainerako antolatzaileek egin duten lanarekin.