Kakun Orbegozok eta Erkiz Miguezek Naturan Hezi programan egiten dute lan. Txiki-txikitatik naturarekiko harremana lantzea da xedea, konpromiso ekosozialarekin lotzen hasteko. 3.500 ikasle eta 500 irakasle pasatxorengana iristen dira urtean Gipuzkoan, proiektu hauekin bat eginda.
Nondik sortu da programa hau?
KAKUN ORBEGOZO: Urte asko daramatzagu Kutxa fundazioan natura eta hezkuntza lantzen, baina estrategia berria landu genuenean erabaki zen ez bakarrik jarraitzea, baizik eta indartzea, gure misioarekin bat egiten duelako. Eraldaketa ekosoziala aurrera eramaten lagundu nahi dugu Gipuzkoa mailan. Helburua da naturan murgiltzea; Unai Pascual ikerlariak lantalde batean gidatu zuen ikerketa batean argi ikusten da klima larrialdiaren oinarrian badagoela urruntze bat naturarik. Ulertzen dugu denok ditugula gaitasunak eraldaketan laguntzeko; horregatik Gaitasunak piztuz lan lerroaren izena. Tresna bezala erabiltzen ditugu hezkuntza eta dibulgazioa.
Eta zer proiekturen bidez garatzen duzue?
ERKIZ MIGUEZ: Baso eskola da horietako bat. Gipuzkoa mailan 38 ikastetxe dauzkagu saretuta, proiektu honetan parte hartzen. Bi helburu nagusirekin ibiltzen gara, eta ikastetxeei azaltzen dizkiegu: batetik, haurren garapen integralean eragitea, dimentsio guztiak aintzat hartuta; bestetik, haurtzarotik naturarekin konektatzea, dituen onura guztien jakitun. Horrekin lotuta, naturaren eta biodibertsitatearen zaintza integratzen dugu. Oinarri horietatik abiatuta egiten ditugu lanketak.
K. ORBEGOZO: Ekoalfabetizazioa garatzen dugu. Uste dugu naturari buruz oso gutxi dakigula, eta naturaren ezagutzan alfabetatzea bilatzen dugu.
E.MIGUEZ: Bai, haurraren plazer eta bizipenetatik abiatzea da gakoa, eta bi elementu horiek bermatzen dira ereduan.
Nola garatzen duzue programa hori?
E.MIGUEZ: Prozesu bat daukagu ezarrita: aurkezpena, formakuntza, eremuaren analisia eta egokitzapena, akonpainamendu saioak, aholkularitza pedagogiko jarraitua… Ibilbide horretan laguntzen dugu, eta ikastetxeek ere, beren autonomiaz, beren izaera propioa ematen diote baso eskolari. Normalean, bakoitzak badu identifikatua ikastetxetik gertu dagoen eremu bat, eta naturarekiko hartu-eman jarraitu bat bultzatzen dute, modu erregularrean eta maiztasun jakin batekin.
«Baso eskolaren proiektuak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloko ikasleek hartzen dute parte nagusiki, txikitatik naturarekiko hartu-eman bat garatzea nahi baitugu»
KAKUN ORBEGOZONaturan Hezi programaren arduraduna
K. ORBEGOZO: Baso eskolan zera nahi dugu: txikitatik naturarekiko hartu-eman bat garatzea. Horregatik, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloetako haurrekin irteten gara nagusiki. Baina helduagoekin ere gai hau lantzen segitzeko ideia badago, eta unibertsitateekin biltzen hasi gara proiektu kurrikularren bidez ekoalfabetatzea areagotzeko asmoz.
Zailtasun gehiago daude gazteengana iristeko?
E. MIGUEZ: Orain arte, hezkuntzan ikusi izan duguna da ikasketetan gora joan ahala ikasketa prozesuak, egiturak eta sistemak itxiagoak direla. HHn eta LHn malgutasun handiagoa dago aldaketak onartzeko orduan, baina gero zailagoa egiten da. Haurrak erdigunean jarri behar ditugula esatean, malgutasun hori behar dugu, baina, adinean gora joan ahala, gehiago kostatzen da horri eustea.
K. ORBEGOZO: Sistema bera, eskoletako azpiegiturak, ordutegiak eta beste, metodologia berrietara egokitu behar dira. Baina ari dira ikerketa lerro batzuk irekitzen DBHrako ere.
Bihotz Berdea proiektua hortik dator?
K. ORBEGOZO: Proiektu horretan nerabeekin egiten dugu lan. Eskola orduetatik kanpo egiten dugu. Adituekin, naturara gerturatzen ditugu gazteak. Aliatu batzuk baditugu proiektu honetan: Aranzadi, Real Sociedad fundazioa… laugarren edizioan gaude. 33 gaztek eman dute izena aurten. Modu holistiko batean lantzen dugu natura, nahiz eta gero adituak diziplina jakin batzuetakoak izan: marrazkilari zientifikoak, ornitologoak, mikologoak, entomologoak… denetik ditugu partaide.
E. MIGUEZ: Teorietatik harago joaten gara, alderdi praktikoak bilatzen ditugu. Erronka jakinak proposatzen dira.
Adibidez?
K. ORBEGOZO: Biologo batekin Zumaiako hondartzara joan, eta marea behean dagoenean sortzen diren putzu txikietako laginak hartuta aztertzen dute zer biodibertsitate dagoen, eta gero konparazioa egiten dute aurreko urteetakoekin.
E. MIGUEZ: Bai, eta halako adibide praktikoekin lana egitea askoz ere motibagarriagoa da gazteentzat. Adituek egunerokoan zer tresnarekin lan egiten duten ikusten dute, eta zer-nolako erronkei egin behar dieten aurre. Artikutzan ere egon ginen biziraupen egonaldi batean, eta hor ikasi genuen oinarrizko zer gauza behar diren, beren babeslekuak eta abar sortu zituzten…
«Adibide praktikoekin lan egitea askoz ere motibagarriagoa da gazteentzat. Adituek egunerokoan zer tresnarekin lan egiten duten ikusten dute, eta zer-nolako erronkei egin behar dieten aurre»
ERKIZ MIGUEZNaturan Hezi programako arduraduna
K. ORBEGOZO: Zaletasun berak dituzten gazteek hartzen dute parte, eta elkar ezagutzen dute. Proiektuak laguntzen die pixka bat gehiago enfokatzen beren gustuak, talentuak… zaletasun horiek kanalizatzen jarraitzea da xedea.
E.MIGUEZ: Adituaren figurak ere badu pisua. Ze hark kontatzen die zer ikaskuntza prozesu egin dituen, zein den ibilbidea eta nola iritsi den dagoen lekura. Eta ezagutza horri sozializazioa eta talde baten parte sentiaraztea gehituz gero, horrek guztiak asko ematen die gazteei.
Helduentzat ere baduzue proposamenik, ezta?
K. ORBEGOZO: Bai, topaketak eta ikastaroak antolatzen ditugu. Adibidez, gai bat hartzen dugu: zaintza. Eta gai hori ekozentrismotik jorratzen dugu: geure burua zaindu ingurua ere zainduz. Irakasleei eta teknikariei zuzendua egoten da batik bat. Klima larrialdian gaude, eta hainbat aldaketa egitea premiazkoa da. Uste dugu irakasleek funtzio biderkatzailea dutela gai honetan.