Ikastola txikia da Zangozakoa, 121 familiak eta 27 langilek osatzen dutena. «Herritik eta herriarentzat sortutako kooperatiba», euskara hartzen duena bere hezkuntza proiektuaren ardatz gisa. Nagore Oria da zuzendaria (Altza, Gipuzkoa, 1982). Hamazazpigarren urtea du Zangozako Ikastolan, lehenik irakasle moduan, eta azken hirurak zuzendari moduan. Nafarroa Oinez-eko azken egunak «Ilusio handiz» bizi dituela onartu du.
Urte eta erdian «lan asko» egin dutela dio, eta gaurko eguna «denentzat berezia» izatea espero duela azpimarratu du. Aurreko urteetako jaiez gogoratu da, eta ziur dago aurten ere Nafarroa Oinez-ek oroitzapen polit horiek sortuko dituela.
Urte osoan Nafarroa Oinez antolatzen aritu eta gero, zer aurreikuspen dituzue aurtengo aldirako?
Ilusioa edo esperantza handia dugu jende asko gerturatuko dela guregana. Urte eta erdiko lanketaren ondoren guretzat ospakizun handi bat izatea nahi dugu, eta jendearen babesa jaso nahi dugu. Egun berezia izango da.
Lan handia izango zen jaialdia prestatzea. Nolako harrera izan du jende artean?
Ikastola xumea gara, baina ezin gara harroago egon geure komunitateaz. Jendeak zer erantzun emango zuen beldur ere baginen, baina zalantza horiek azkar uxatu ziren. Familia, langile eta pertsona guztiak aritu dira lanean, eta denek eman duten erantzuna ezin hobea izan da. Denon lana dela sentitu dugu, eta denon bultzada beharrezkoa dela horrelako gauza handi bat antolatzeko. Indar handia eman digu ikusteak jendea dena emateko prest egon dela.
«Ahalik eta jende gehienengana hurbiltzeko helburua izan dugu, eta aniztasuna jarri dugu fokuan»
Boluntarioen laguntza beharrezkoa izan da urte guztiko lanak aurrera eramateko?
Horixe bera esaten genuen geure artean. Ilusioa piztua genuen, eta lana egiteko prest ginen, baina eskuak behar genituen. Esate baterako, Oinez Txokoa aurrera eramatea guretzat ezinezkoa zen, eta gainontzeko ikastolen laguntza ezinbestekoa izan da. Asteburu honetan ere berdin aterako dugu jaialdia aurrera: Ikastolen eta euskal herritarren laguntzarekin eta auzolanarekin.
Oinez Txokoa aipatu duzu. Urte osoan antolatu dituzuen egitasmo guztietatik hori nabarmenduko zenuke?
Oinez Txokoa izan da, zalantzarik gabe, azken asteburuaren aurretik antolatu dugun ekitaldirik handiena, agian Oinez asteburura gehien hurbiltzen dena. Errespetu handia ematen zigun. Baina egia da ekitaldi asko antolatu ditugula urte osoan, eta, esate baterako, Zangozan egin genuen lehen aurkezpen hura ere oso berezia izan zen. Herri Txikietara hurbildu garenean ere jendearen maitasuna jaso dugu, eta oso polita izan da. Kulturarteko eguna ere etortzen zait burura. Sei herrialde desberdinetako jendearekin aritu ginen harremanetan, eta elkar ezagutzeko aukera izan genuen. Denak izan dira bereziak, eta denek izan dute bere garrantzia.
Zer berezitasun izango ditu aurtengo Nafarroa Oinez-ek?
Ahalik eta jende gehienengana hurbiltzeko helburua izan dugu, eta aniztasuna jarri dugu arretagunean. Haurrei beren lekua eman nahi genien, eta, puzgarriez gain, ikuskizunak, tailerrak, edo zirkua eskaini dizkiegu. Koxkorragoak direnak ere zaindu nahi genituen, eta, esate baterako, Erronka egitasmoak indartsu jarraitzen du gazteengan. Kontzertuek ere beren lekua izan behar zuten, eta bigarren eta hirugarren guneetan haientzat erakargarriak izango diren kontzertuak bilatu ditugu. Etorriko diren guztiei euren txokoa emateko helburua genuen, eta horretan saiatu gara.
«Orain dela 46 urte ikastola hau aurrera atera zuten familia zoragarri horien oroimena piztu nahi izan dugu»
Jardueraz betetako eguna izango da gaurkoa. Gustura geratu zarete Oinez Astebururako osatu duzuen egitarauarekin?
Oso gustura, eta gainera asteburu osoa antolatu dugu, ez igandea bakarrik. Larunbatetik hasita, herrian hainbat ekitaldi antolatu dira, eskualde osoari eskainita. Asteburu ederra pasatzeko aukera emango du egitarauak.
Aurten ere iraunkortasunaren dekalogoa zabaldu duzue. Zer eskatzen diezue herrira biltzen direnei?
Honen barruan kanpaina berezi bat jarri dugu martxan. Euskal Herriko etxe guztietan badaude Oinez-eko edalontziak, eta Basoak Baso egitasmoa sortu dugu ingurumena zaintzeko. Bisitariak gonbidatzen ditugu etxean dituzten plastikozko edalontzi horiek ekartzera, eta jaialdi amaieran saski batzuetara jaurtitzea. Saskira erortzean, argi bat piztuko da, eta edalontzi horiei bigarren erabilera bat emateak duen garrantzia gogoratuko dugu.
Joko handia eman dizue Piztu! leloak. Zer irudikatu nahi izan duzue hitz horrekin?
Eguzkiaren garrarekin lotu dugu leloa, baina batez ere orain dela 46 urte ikastola hau aurrera atera zuten familia zoragarri horien oroimena piztu nahi izan dugu. Gauza asko pizteko aukera ematen digu lelo honek, esate baterako; kalitatezko hezkuntza, euskara, auzolana... urte hau ere herria pizteko baliatu nahi izan dugu, despopulazioak presentzia irabazi duelako geure zonaldean, eta hori ere mahai gainean jarri nahi genuen.
Dagoeneko laugarren aldia da Zangozako Ikastolak Nafarroa Oinez antolatzen duela. Izan ahal duzue aurreko aldietan antolaketan parte hartu duenik zuen artean?
Bai, eta, gainera, oso lagungarri izan zaigu. Oso batzorde aberatsak sortzeko aukera izan dugu, eta aurreko urte horietan ere laguntzen aritu zirenak izan ditugu gurekin. Ikasle ohiak ere laguntzeko prest egon dira, gazteagoak, eta energia eta ikuspuntu desberdinarekin. Aurrekoen esperientzia lehen aldiz aritu direnen indarrarekin lotu dugu. Aberastu egin gaitu horrek.
«Iragarpenak dio asteburuan eguraldia alde izango dugula, eta ziur nago egun gogoangarria izango dela»
Urte horietako oroitzapenak berritu nahi dituzue asteburuan?
Nik oraindik oso ongi gogoratzen dut azken aldia. Eguraldi bikaina izan genuen, dena bikain atera zen, eta antolatzen aritu garenon artean oso presente egon da 2014ko jaia. Aurreko astean denok zerura begira ginen etorriko zitzaigun eguraldiaren beldur, eta badirudi euria etorriko zaigula muntatze lanetarako. Baina iragarpenak dio asteburuan eguraldia alde izango dugula, eta dauzkagun ilusioekin ziur nago egun gogoangarria izango dela.
Nora bideratuko dituzue aurtengo irabaziak?
Bi ildo nagusi markatu ditugu horren barruan. Alde batetik, 1991. urtean eraiki zen eraikinean nago momentu hauetan, berritze lanak behar ditu. Leihoak zaharrak dira, paretak mehe samarrak... Neguan asko nabaritzen dugu hotza, eta isolamendua behar dugu eraikin osoan. Argiztapena ere zaharra da eta LED argiak ipini behar ditugu.
Beste alde batetik, eraikin berria deitzen diogun horretan behar dugu laguntza. Eraikin berria deitzen diogun arren, ez da hain berria. 2005. urtean eraiki zen, eta zor bat daukagu eraiki zenetik. Lehen aipatu bezala, geroz eta familia gutxiago ditugu, eta familia gutxiren bizkar erortzen den zor bat da. Beraz, Nafarroa Oinez-eko finantzaketa horretara bideratzeko beharra daukagu