Ondarea zaintzen eta etorkizuna garatzen dihardute Kutxa Fundazioan, hainbat programen bidez. Askotarikoak dira gordetzen dituzten lanak, eta argazkigintzan dute, batez ere, altxor handi bat gordea, bi milioi argazkitik gora dokumentatuta. Horien guztien kudeaketan aritzen da Ane Abalde, buru-belarri, hainbat programaren bidez, Garena programa barne.
Nola laguntzen du Garena programak Gipuzkoako ondare kultural eta dokumentala kontserbatzen eta zabaltzen?
Gipuzkoako memoria gordetzea da gure funtzio nagusia, gure lau artxiboen bitartez: Arte Ederretako Bilduma, kutxen artxibo historikoa, Dr. Camino liburutegia eta gure Fototeka. Gipuzkoako argazki artxibo handiena gordetzen dugu, eta, beraz, Gipuzkoaren memoria bisuala gordetzen dugu; tokiko artistak lagundu eta haien obra kontserbatzea ere badugu xede. Baina, horretaz gain, beste programa batzuk ere baditugu. Gure arte ederretako bilduma foru aldundiaren Gordailu biltegian dago gordeta, eta haiekin batera kontserbazio eta errestaurazio beka bat ere badugu martxan, hirugarren urtez jarrian.
Zer-nolako beka da?
Artelanen errestaurazioa eta jasangarritasuna aurrera eramaten laguntzen duten ikerketa proiektuak laguntzen ditugu Kutxa Fundazioa-Gordailua bekaren bidez. Beka jasotzen duenak egonaldi bat izateko aukera du hemen, Gordailuan, eta beste bat Zurichen, haiekin egiten baita elkarlana.
Jasangarritasuna artearekin lotuta esaten dugunean, zertaz ari gara?
Adibidez, lehenengo bekadunak, Goizane Aizpuruak, kontserbazio eta errestaurazio prozesuetan erabiltzen diren materialen ikerketa bat egin du, haiek jasangarriagoak izateko. Batetik, materialaren bizitza luzatzeko, eta, bestetik, material jasangarriagoak erabiltzeko. Azken finean, kontserbazioak egiteko eta instalazioak egiteko material asko erabiltzen da, eta horiek nola gutxitu eta jasangarriagoak diren zer beste material erabil daitezkeen probatuz joan da.
Kontserbazioa jorratzerakoan, zertan oinarritzen zarete?
Kontserbazioa guretzat oso garrantzitsua da. Adibidez, fototeka oso handi bat daukagu, eta argazkien kontserbazioa oso konplikatua da. Pentsatzen dugu papera edo negatibo malguak jasotzea besterik ez dela. Baina hori baino askoz ere konplikatuagoa da. Argazkigintzaren lehenengo urteetan, beste teknika batzuk landu ziren, eta ez daude argazkigintzan espezializazio hori daukaten kontserbatzaile asko. Horregatik, Donostiako San Telmo museoarekin batera jarri ditugu martxan jardunaldi batzuk: argazkien kontserbaziorako jardunaldiak. Laugarren urtea da jadanik. Bertan, Gipuzkoako errestauradoreei argazkigintzako formakuntza espezializatua eskaintzen diegu. Adibidez, iaz beirazko argazkigintzan espezializatutako formakuntza izan zen.
Zer beste motatako ikerketak sustatzen dituzue?
Adibidez, gure Fototekara askotariko artistek dute sarbidea; beren obrak egiteko gure artxiboa erabiltzeko aukera dute. Getariako Balentziaga museoarekin ere badugu elkarlan bat, non gure Fototekan aurki ditzaketen Balentziagaren traje askoren elementu grafikoak.
Zer ekintza egiten dituzue bildumak eta artxiboak herritarrentzat eskuragarri jartzeko?
Kutxateka.eus plataforma daukagu, eta hor ikus litezke gure bildumaren 600.000 bat argazki. Gure intentzioa da bilduma ahalik eta handiena katalogatzea, inbentariatzea eta digitalizatzea, plazaratzeko. Gustatuko litzaiguke beste bilduma batzuetara ere igo ahal izatea gurea, adibidez, Arte Ederretakoarena, jendeak kontsultagarri izan dezan. Bestalde, guk ditugun obrak askotan uzten dizkiegu beste erakundeei ere.
Garena programa Ezagutzaz biziz lan lerroan kokatzen da. Zer esan nahi du, eta nola gauzatzen da Kutxa Fundazioaren jardueretan eta programetan?
Ezagutzaz biziz lan lerroa oso zabala da, baina azkenean bilatzen dena da gizartean pentsamendu kritikoa sustatzea. Uste dugu gure ondare artistikoa eta gure iragana ezagutzea oso garrantzitsua dela, oraina ezagutzeko eta erabakitzeko ere etorkizuna nolakoa izatea nahi dugun. Horregatik oso garrantzitsua da jendeari gure ondarean sartzen uztea eta haiek ere beren irakurketak egitea.
Zer beste programa azpimarratuko zenuke?
Artebidea, adibidez. Kutxa Fundazioak programa horretan batzen ditu artearekin eta kulturarekin zerikusia duten lan guztiak, adibidez, erakusketa aretoetan egiten den programazioa, literatur sariak eta beste.
Izan ere, hainbat arte diziplina sartzen dira programa horietan, ezta?
Arte mailan bi erakusketa areto dauzkagu, Kubo aretoa da bat, Kursaalean dagoena, 2020an inauguratu zena. Hemen egiten duguna arte garaikidea da. Fokua asko jartzen dugu gure lurraldean, baina ez dugu hemen bakarrik uzten, nazioartekoarekin mailakatzen dugulako. Tabakalerako eraikinean ere badaukagu beste erakusketa areto bat, Artegunea deritzona. Bertan, argazkigintza proiektuak bakarrik egiten ditugu. Guretzat oso garrantzitsua da argazkigintzan egiten dugun lana, fototeka daukagulako, eta baita gaur egungo hizkuntza unibertsala dela uste dugulako ere. Irudiaren irakurketa kritiko bat egitea garrantzitsua dela uste dugu, batez ere gazteek.
Nola lantzen duzue irizpide kritiko hori?
Ikuspegi ezberdinetatik erakusten ditugu artistek erabiltzen dituzten irudiak, eta, irudiak irakurtzen ohituz doazen heinean, ikusleak argazkigintzaren subjektibitatea ere ikustera irits daitezke; azkenean, artearen bidez, artista bakoitzak bere begirada txertatu nahi du. Gaztetxoekin mediazio programak ere egiten ditugu, eta oso zuzenduta daude irakurketa kritikoa lantzera: zergatik erabakitzen duen artistak gauza bat nabarmentzea eta bestea ezkutatzea, hor barnean dauden matiz guztiak aztertzea... Erretratuen kasuan ere, aztertzen dugu zergatik egiten ditugun erretratuak alai gaudenean eta ez triste gaudenean... horri buruz gogoeta sustatzeko egiten ditugu mediazioak. Arte eszenikoekin ere egiten dugu lan. Musika zikloekin eta antzerki zikloekin. Literatura ere jorratzen dugu, literatur sariekin, Irun eta Donostia hirietako sariak kasurako.
«Ikuspegi ezberdinetatik erakusten ditugu artistek erabiltzen dituzten irudiak, eta, irudiak irakurtzen ohituz doazen heinean, ikusleak argazkigintzaren subjektibitatea ere ikustera irits daitezke»
Zer irizpide dituzue programazioa lantzeko?
Lan lerro ezberdinak dauzkagu. Adibidez, erakusketa aretoetan azkenaldian ezkutuan egon diren emakumeen ibilbideak plazaratu ditugu, askotan historiografiak ez diolako garrantzia eman. Bestetik, autore kontsakratuen berrirakurketa ere sustatzen dugu; eta horretaz gain, erdi karreretako artistei, haien ibilbideari bultzada bat emateko programa bat ere badaukagu, San Telmo Museoarekin batera, Arte Abia, hain zuzen ere.
Artisten berrirakurketa nola ari zarete egiten?
Jose Antonio Sistiaga margolaria, adibidez, oso ezaguna zen, eta hemen egin genuen bere atzera begirako bat. Azpimarratzen zena zen naturarekiko zuen lotura. Haren pieza asko oso ezagunak ziren, baina naturarekiko begirada hori jorratuta beste begi batzuekin ikusten ziren haren piezak, naturarekin bere bizitza osoan izan zuen harremanarengatik.
«Duela urte asko, ez zen artxibora jotzen ikuspuntu feminista batetik edo jasangarritasunaren ikuspegitik. Oso garrantzitsua da iturrietara jotzea etorkizunean beste ikuspuntu batzuk garatzeko»
Zein elkarlan sare duzue?
Gure lurraldea txikia da, eta partaideak bidelagunak gara. Ondo dakigu denok bakoitzaren espazioa zein den, eta nork berea betetzen du. Hori oso argi daukagu. Gure espazioa da erakunde publikoek egiten ez dutena eta pribatuari interesatzen ez zaiona. Kalitatea oso garrantzitsua da guretzat, eta publikoari eskaini nahi diogu besteetan ez dagoena. Dena den, elkarlana funtsezkoa da. San Telmorekin, adibidez, bi proiektu ditugu: argazkigintzaren kontserbazioari buruzko jardunaldiena bata, eta Artea Abian izenekoa bestea. Karrera erdian dauden artistekin formatu txikiago batean katalogo batekin erakusketak egiten ditugu programa horretan. Tabakalerarekin ere elkarlan handia dugu, eraikina ere konpartitzen dugu.
Zergatik nabarmenduko zenuke ondarearen inguruko zaintza hori?
Guretzat oso garrantzitsua da antzinako iturriak ezagutzea, ez soilik orain arte idatzitakoa, baizik eta iturriak berak, oraina ulertzeko eta etorkizunean zer izan litekeen pentsatzeko, betiere kontuan izanda iturrietara ere itzul gaitezkeela gure ikuspuntuak berrikusteko. Gaur egun egiten ditugun irakurketak ez dira duela hamar urte egiten genituenak. Duela urte asko, ez zen artxibora jotzen ikuspuntu feminista batetik, edo jasangarritasunaren ikuspegitik. Oso garrantzitsua da iturrietara jotzea, etorkizunean beste ikuspuntu batzuk garatzeko.