Euskarak eta produktu jasangarriek bat egingo dute 23. Korrikan

Koparia taldeak egin ditu aurtengo 'merchandising' produktuak. Euskalgintzaren Kontseiluaren enpresa da, eta ekonomia zirkularrean oinarritutako ekoizpen zerbitzua eskaintzen du.

Korrikako petoa, Kopariak ekoitzia.
Korrikako petoa, Kopariak ekoitzia. BERRIA
iraia vieira gil
2024ko martxoaren 14a
05:00
Entzun

Herrigintzatik eta herrigintzarentzat da 23. Korrikako merchandising produktuak eta arropak diseinatzeaz, ekoizteaz eta saltzeaz arduratu den enpresaren leloa; Koparia du izena, eta Euskalgintzaren Kontseiluak sortu du. Izan ere, salmentekin lortzen dituen irabazi guztiak «euskararen normalizaziora» bideratzen ditu, hizkuntza bizirik mantentzeko asmoz. Euskara babesteaz gainera, etikarekin harreman estua duen beste helburu bat ere badu enpresa horrek: aurtengo lasterketako jantziak eta osagarriak «ahalik eta modu jasangarrienean» ekoiztea.

Hain justu, euskarazko arreta eta baliabide jasangarriak eskaintzen dizkielako aukeratu dute Korrikako sustatzaileek Koparia ekoizle gisa. Hala azaldu zuten Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Ane Elordi aurtengo Korrikako koordinatzaile nagusiak eta Aize Otaño AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kideak abenduaren 20an, hitzarmenaren berri eman zutenean: «Euskararen alde lanean gabiltzan eragileok frogatu nahi dugu komunitate osoak irabazten duela bakoitzaren indarrak batuz gero».

Hain zuzen ere, ekonomia zirkularrean oinarritutako ekoizpen eta salmenta eredua lantzen du Kopariak; hau da, produktuak sortzeko materialak birziklatzen dituzte, erabilgarri izateari uzten dioten arte. Besteak beste, arropak, osagarriak, zenbait markatako kamisetak, kirol jertseak eta lepokoak egiten dituzte. Horrez gain, «neurrira pentsatutako kalitatezko merchandising eta promozio zerbitzuak» eskaintzen dizkiete Korrikarako sortu dituzten produktuen antzekoak behar dituzten enpresei. Produktuak biltegiratzeaz, banatzeaz eta salmenten kontrolaz ere arduratzen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.