Zalantzarik gabe, Euskal Herrian egiten den Korrika da euskara aldarrikatzeko lasterketarik ezagunena. Ordea, atzerrian bizi diren euskaltzaleek mundu osoan zehar antolatzen dituzte Korrikaren antzekoak diren eta euskara babesteko helburua duten ekintzak. Santiagoko (Txile) Euzko Etxeak, esaterako, Korrika Txilen izeneko ekintza eramango du aurrera martxoaren 23an, goizeko bederatzietan. Etxepare Institutuarekin elkarlanean prestatu du programa, eta Txile ere euskaren alde aukeratu du aurtengo lelo bezala. Korrikarekin bat egiteko asmoa duen egun bakarreko ospakizuna izango bada ere, euskararekiko interesa duten biztanleei zuzendutako askotariko eskaintzak antolatzen dituzte urtean zehar, Santiagon bertan. Izan ere, hiri horretako Euzko Etxeak xede argia du: «Txilen bizi diren euskaldunen eta haien ondorengoen arteko batasuna eta anaitasuna garatu eta mantendu nahi ditu, Euskal Herriarekiko eta bertako ohiturekiko maitasuna zaindu nahi du, eta euskal erakundeekin elkartasun harremanak sortu nahi ditu».
Edinburgoko (Eskozia) Unibertsitateak ere elkartasuna adierazi dio 23. Korrikari. Iazko irailean ikasturte berriari hasiera eman zionean, hain zuzen, euskarazko klaseak eskainiko zituela iragarri zuen unibertsitate horrek. Beste urte batzuetan ere euskara ikasteko klaseak eman dituzten arren, pandemia garaian bertan behera utzi behar izan zituzten, nazioarteko osasun egoeraren ondorioz. Oraingoan, zehazki, Dylan Inglis irakasleak hartu du euskara klaseen ardura, hizkuntza horren inguruan bereganatu duen ezagutza izugarri handia delako. Duela zortzi urte hasi zen bere kabuz euskara ikasten, 18 urte besterik ez zituenean. Londresen bizi zen orduan, eta Mintzanet izeneko plataforma erabili zuen baliabide nagusi bezala. Denborarekin, Euskal Herrira bizitzera joateko erabakia hartu zuen, eta euskara batua, zuberera, bizkaiera eta Baztango euskalkia ikasi zituen bertan. Ordutik, euskara erabiltzen du egunerokotasunean, batez ere Euskal Herrian egindako lagunekin hitz egiteko.
Horren guztiaren berri emateko eta Korrikarekin bat egingo duten herrialdeak ezagutarazteko, bideo lehiaketa bat antolatu du AEK-k aurten laugarren aldiz. Santiagoko Euzko Etxeak eta Edinburgoko Unibertsitateak izena eman dute txapelketan, beste herrialde batzuetako erakundeek bezala. Tartean, Laurak bat Buenos Airesko Euskal Etxea, Viña del Marreko (Txile) Euskal Etxea, Brnoko (Txekia) Unibertsitatea, Limako Euskal Etxea eta Gure Txoko Sydneyko Euskal Etxea. Guztien artean, Gure Txoko Valladolid (Espainia) Euskal Etxeak irabazi du lehiaketa, eta euskara ikasteko bi online barnetegi jaso ditu sari bezala.
Itzulpenaren erronka
23. Korrikaren leloak dioenez, herri batek harro egon behar du hitz egiten duen hizkuntzaz; are gehiago, hizkuntza gutxitu bat denean. Izan ere, hizkuntza gutxituen auziarekin lotutako arazoak okertuz doaz denborarekin, AEK-ren arabera: «Hizkuntza gutxituek gero eta erronka handiagoa dute hiztunak zein hitz egiteko espazioak eskuratzeko, edo orain artekoei eusteko. Horregatik, ezinbestekoa da komunitatearen pertenentzia —identitatea— hizkuntzarekin izaniko gozamenezko bizi esperientziei lotzea». Hain justu, hizkuntza gutxituak izateak ez du esan nahi «prestigiorik» ez dutenik; hori gogorarazi nahi dute, zehazki, aurtengo Korrikarekin. «Horixe da Korrika: euskal komunitatearen emozio leherketa, herri aldarri alai eta tinkoa; batzuentzat ahalduntze bidea, askorentzat euskarara hurbiltzeko era».
Nazioartean mezu hori hedatzeko asmoz, Hizkuntza gutxituen erronka asmatu du AEK-k. Horrela, aurretik aipatutako mezua hizkuntza gutxitu desberdinetara itzuli ahalko dute mundu osoko biztanleek. Irlandarrak izan dira erronka onartzen lehenengoak eta gaelikora itzuli dute testua. Irlandan, hain zuzen, gaelikoa babesteko lasterketa ere egiten dute 2010etik: Rith. Horrez gain, kurduerazko eta sanskritozko itzulpenak jaso dituzte orain arte. Vanshika Choudhary Korrika Laguntzaileak egin du azken itzulpen hori.