Norberaren identitatearekin lotura duten galdera filosofikoak egin dituzte maiz euskal kulturgintzan aritu diren eminentziek. «Nor gara? Zer gara?», itaundu diote elkarri, eta, askotan, ezin izan dute erantzunik aurkitu. Ines Osinaga artista eta musikariari, ordea, bestelako zalantzak sortzen zaizkio kontu horien inguruan hitz egitean: «Zeintzuk izan dira euskal kulturaren kanonean zentraltasuna izan duten gorputzak? Zeintzuk ez dute tokirik izan?». Horri guztiari erantzuteko, hain zuzen, Badon «opera postdramatikoa» egin du Osinagak, askotariko diziplina artistikoetan aritzen diren beste sortzaile batzuekin batera; gehienak, emakumeak. Xanti Agirrezabalaga antzezleak, Lorea Argarate musikariak, Amaia Castañeda kultur sortzaileak, Elena Garcia argiztapen teknikariak, Eneritz Furyak soinu teknikariak, Julene Gregorio modan adituak, Ainara Gurrutxaga eszena zuzendari eta antzezleak, Marina Suarez artista bisualak eta Oihana Vesga dantzariak osatzen dute, zehazki, Badon proiektuko ekoizpen taldea. 2023ko azaroan eskaini zuten aurrestreinaldia, Azpeitian (Gipuzkoa), eta Euskal Herri osoan zehar zabaltzen ari dira orain, Korrika Kulturalaren parte gisa.
Hain justu, oholtzara lehenengo aldiz igo ziren arte, ez zuten zehaztu antzerki obra horren behin betiko itxura. Osinagak azaldu duenez, duela bi urte Korrikako kultur sorkuntzarako beka eskaini zietenean, «ideia pila» zituzten mahai gainean eta, ondorioz, gutxieneko denbora behar izan zuten kontakizunaren nondik norakoak behar bezala lantzeko. Hala eta guztiz ere, sinopsia labur ematea konplikatua iruditzen zaio oraindik ere artistari. «Zaila da azaltzea Badonen haria zein den, Txanogorritxo ipuinak ez bezala, hasierarik, korapilorik eta amaierarik ez duelako», azaldu du. Aurreratu du, hori bai, euskal kulturaren eta genealogiaren interpretazio feminista egiten duela; nahiko era berezian, gainera. «Fantasiazko bidaia bat da, non euskal gizartearen irudizko etorkizun bat proposatzen dugun». Alde horretatik, oholtzan interpretatuko dutenarekiko murgilketa ariketa egitea beharrezkoa dela uste du Osinagak, eta, hori lortu ahal izateko, hainbat irizipide eman dizkie ikusleei: «Gure gomendioa beti izan da bihotza, burua eta zentzumen guztiak zabalik izatea eta, posible den heinean, deskonektatzea. Ez saiatu horrenbeste ulertzen eta gehiago etor zaitez gurekin jolastera».
Izan ere, istorio alternatibo eta gaurkotu bat sortzeko, «diseinu espekulatiboarekin» egin dute obraren egileek lan. «Aukera ezberdinak planteatu ditugu distopia katastrofikoetatik utopia amestuetara joateko». Azkenean, opera itxura ematea erabaki dute, testu batean oinarrituta ez dagoen beste antzerki mota bat garatzeko aukera eman dielako. «Antzerki klasikoko definizio baten arabera, hain zuzen, arte oso bat da opera; musika, gorputz adierazpena eta dramaturgia uztartzen baititu», zehaztu du Osinagak. Kontakizunak aurrera egin ahala, esaterako, abestiek, antzerkiak, bertsogintzak, koplagintzak, irudiek eta soinuek bat egiten dute, diziplina desberdinen arteko «elkarlan» hori agerian utziz. «Gauza guztiak osotasun baten barruan landu ditugu, horrek dauzkan zailtasunekin eta erronkekin».
«Askotan, euskal kultura erromantizatzen dugunean, ahaztu egiten zaigu botere harremanak ere izaten direla horretan».
INES OSINAGA Artista eta musikaria
Era berean, eta Badonen alegiazko unibertso horretan, bost «mundu» edo koadro desberdin antzeman daitezke. «Operetako ekitaldiei, zehazki, koadro deritze, eta horietan antolatuta dago gure emanaldi guztia», jakinarazi du Osinagak. Are gehiago, irekiera, interludioa eta aria ditu antzezlanak, eta azken hori da momenturik «hunkigarriena».
Koloreen psikologia
Obra osatzen duen koadro bakoitzak kolore batekin lotzea erabaki dute ekoizleek, eta mundu bakoitzaren izaerarekin batu dituzte hautatutako koloreen esanahaiak. «Hasi ginen ikertzen koloreekin, horien psikologia aztertu genuen eta bakoitzaren araberako iruditeria sortu genuen», adierazi du Osinagak. Eta jarraitu du: «Kasu honetan, koloreek daukate dramaturgiaren pisua, eta bata bestea transformatzen doaz». Urdina da kontakizunean agertzen den lehen kolorea, eta kosmosa irudikatzen du. Ondoren, berdera igarotzen dira, landareen erreinuari bidea irekiz. Animalien erreinua ageri da ondoren, horiz koloreztaturik, eta gorriak hartzen du laugarrenez espazioa, gizakien mundua irudikatuz. Bioleta kolorea da antzezlanean antzeman daitekeen azkena, eta harreman zuzena du «mundu espiritualarekin».
Aktoreek interpretatzen dituzten gorputzei dagokienez, euskal kulturaren iruditeari buruzko kritika egiteko elementu bihurtu dituzte. «Euskal kulturgintzan, autoritatea izan duen gizona zis, hetero eta adinduna izan da, baina guri hortik haratagoko kontakizunak interesatzen zaizkigu», esan du Osinagak. Alde horretatik, beraz, gizartean ezarritako genero rolekin jolasten dute, eta horiei ematen diete buelta. Hala azaldu du musikariak: «Horrekin jokatzen dugu baita ere. Hau da, gorputz bakoitzak zer interpertatzen duen, erdigunean nor dagoen, nork zer egin duen, eta horrek obran zelako eragina duen». Haren ustetan, hain zuzen, gorputzak ez dira inoiz neutroak izaten, baizik eta aurretik izandako bizipenek eta historiak eraikitzen dituzte. Eta euskal kulturan ere hori bera gertatzen dela gogorarazi du: «Askotan, euskal kultura erromantizatzen dugunean, ahaztu egiten zaigu botere harremanak ere gertatzen direla horretan».
«Hausnarketa kolektiboa» sustatu nahi duen Badon antzezlana Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean jokatuko dute hilaren 15ean, 20:30ean. Eibarko (Gipuzkoa) Koliseoan ere ikusgai izango da astebete geroago, martxoaren 21ean, 19:00etan. Horrez gain, Basauriko (Bizkaia) Sozial Antzokian interpretatuko dute antzezlana, 20:00etan. Behin 23. Korrikaren ibilbidea amaituta, beste emanaldirik eskaintzeko aukera ez dute baztertzen Badon proiektuko sortzaileek.