Elkarlanaren emaitza «berritzailea»

Maite Arroitajauregi 'Mursego'-k konposatu du 'Harro herri' kanta, eta Amaia Astobizak idatzi ditu hitzak. Beste musikari batzuek ere parte hartu dute sorreran, eta, azkenean, «pop-barroko» estiloko kanta ondu dute.

Korrikaren kantaren eta bideokliparen aurkezpena, Maite Arroitajauregiren eta Ane Elordiren eskutik.
Korrikaren kanta eta bideoklipa, Maite Arroitajauregik eta Ane Elordik aurkezturik. GOTZON ARANBURU / FOKU
iraia vieira gil
2024ko martxoaren 14a
05:00
Entzun

Abenduaren 12an aurkeztu zituen AEK-k aurtengo Korrikaren Harro herri kanta eta bideoklipa. Maite Arroitajauregi Mursego musikaria arduratu da abestia konposatzeaz, ahotsez, txeloaz eta midiez, eta Amaia Astobizak idatzi ditu hitzak. Alderdi teknikoei dagokienez, gainera, beste musikari batzuek ere parte hartu dute abestiaren sorreran; esaterako, Ibil Bedi taldeko kideek, Kau Kori Kurako kideek, Marie Hirigoienek eta Asier Ituartek. Amaia Badiola Elgezabal izan da bideoaren zuzendaria, eta Gerard Borrasekin batera egin du horren ekoizpena. Lau minutu eta erdi irauten du, eta aurretik ospatu diren Korriketako klipak biltzen ditu gehienbat.

Eibarko (Gipuzkoa) Juan Gisasola musika eskolan egin zuten aurkezpenean eman zituzten abestiaren eta bideokliparen inguruko xehetasunak Arroitajauregik eta Ane Elordi Korrikaren aruradunak. Abestiari dagokionez, Arroitajauregik nabarmendu zuen «pertsona askok» egindako lanaren emaitza izan dela, eta esan zuen berak egindako lanen artean desberdina iruditzen zaiola, gutxi baititu enkarguz egindako lanak. «Horrek geure buruari muga batzuk jartzera eraman gintuen, baina horrelako kantuekin egon ohi diren inertzia edo ohiturak kolokan jartzera ere bai: «Korrika egiteko ez dago modu bakar bat, ez dago kanta bakar bat; bideak baditu gorabeherak eta bihurguneak».

HARRO HERRI (23.KORRIKAren abestia eta bideoklipa)

Musika estiloari erreparatuta, «pop-barroko kantu bat» atera zaiela uste du. Izan ere, hasieratik amaierarako aldaketak nabariak dira; erritmo azkar eta itsaskor batekin hasten da, eta ahots melodikoekin amaitu. Arroitajauregiren hitzak: «Hitzetik abiatu ginen pop kantu bat egiteko, eta behin hezurdura eta melodia nagusia argi samar genituenean hasi ginen konponketak proposatzen eta jolasten, askotariko ideiak botatzen eta eztabaidatzen, %100 ados egon garen arte». Adierazi zuenez, gainera, sei edo zazpi zatitan banatuta dago abestia, eta kantaren barruan beste hiru kanta eta «minisintonia moduko batzuk» daude.

Hain zuzen, abesti «berritzailea» dela iruditzen zaio: «Atea zabaldu diegu accelerandoei, disonantziei, kaos modukoei, keinuei... eta hainbat kantariren artean abestua egon arren, apenas inor ez nabarmentzeari, masa bat irudikatzeari».

Bideokliparen itxura

Bideoklipan adierazi nahi dutenarekin bat egiten dute hitzek; abesten duten ahotsekin gertatzen den bezala, irudietan ageri diren pertsonen artean ere inor nabarmentzen ez delako. Lehen begi kolpean, zehazki, euskaldunei komunitate sentimendua helarazteko ekoizpena dirudi, euskararen alde elkarlanean aritu diren eta urtetik urtera Korrikan parte hartu duten biztanleen irudiak ageri baitira. Gainera, bideoklipak aurrera egin ahala, ideia horiek sendotzeko kantako hainbat esaldi nabarmendu dituzte egileek: Harro herri Korrika eta Ez badigute ematen arrazoia guri, su emango diogu haien legeari, esaterako.

Elordik berak bideoklipari buruzko hausnarketa egin zuen abenduaren 12ko aurkezpenean: «23 aldik eta 43 urtek askotarako ematen dute; besteak beste, ikusteko zer nabarmenak diren Korrikan mota guztietako bilakaerak: gizartea, aldarrikapenak, estetika, komunikatzeko erak... baita gauza horiek guztiak jasotzeko teknikak ere». Iruditzen zaio denbora igarotze horrek euskararen erresistentzia irudikatzen duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.