Zangozako Ikastolak egitarau anitz eta dibertigarria prestatu du, gune desberdinetan hainbat ekintza eta ikuskizun bilduz. Piztu gunea Zangozako bandarekin esnatuko da, eguerdian Motxila 21 taldearen kontzertua izango delarik. Ondoren, Mingain Dantzari ikuskizuna aurkeztuko dute, eta Ortzadar taldeak bazkalostea girotuko du. Eguna larrain dantzarekin itxiko dute, eta gune honetan, txikiek puzgarriez eta haurren hiriaz gozatzeko aukera izango dute.
Mintzatu gunea Gora Musikarekin hasiko da, eta bertan herri kirolak, DJ Martzel, Ibil Bedi, Anari eta Lumak izango dira. Gainera, egun osoan tailerrak ere egingo dituzte. Gozatu gunea Falkoneriaren ikuskizunarekin hasiko da, eta ,ondoren, Kiki Koko eta Moko ikusteko aukera izango da. Bertan, Leihotikan, Kaleko Urdangak eta Trikidantz ere entzun ahal izango dira.
Ibilbidean zehar giroa alaitzen ibiliko dira honako hauek: Ekialde Kantuz, Eskartxa, katxi eta Ilunberriko txarangak, Zangozako eta Irunberriko gaiteroak, Oibar edo Zangozako erraldoiak, Mugarik Gabeko Ttunttuneroak, Xapiru Trikitxa Eskola eta Euskal Herriko Joaldunak.
Euskara eta ohitura osasungarriak bultzatzen dituen Erronka Probak ere protagonismoa izango du. Bernat Etxepare Lizeoaren txaranga eta DJa gertu izango da lehiaketa osoan, eta proba bakoitza girotuko dute.
Segurtasuna eta prebentzioa
Ibilbideko hainbat lekutan honelakoak izango dira: informazio puntuak, puntu moreak, osasun eta edoskitze eremuak. Gainera, antolatzaileek gomendatu dute txikiei besoan telefono zenbakia jartzea, eta, horretarako, errotuladoreak egongo dira zirkuiturako sarbideetan.
Gainera, Zangozako Ikastolak euskaltzale guztiei dei egin die ekintza, kontzertu, musika, gastronomia eta bestelako jarduerez goza dezaten, baina jasangarritasun aintzat hartu eta ingurumena zainduz. Helburu nagusia ahalik eta aztarna gutxien uztea dela azpimarratu dute. Aurten, berrikuntza gisa, saskiak izango dira irteeretan, parte hartzaileek, ibilbidetik joatean, edalontziak saskiratu ditzaten, eta, horrela, basoak modu dibertigarriagoan berrerabiltzeko.
Autoak hiru aparkalekuetara bideratuko dira, eta berrikuntza gisa, motoek euren aparkalekua izango dute Zangozako erdigunetik gertu. Aurten, baina, beste berrikuntza bat ere izango da, ikastolaren ondoan mugikortasun murriztua dutenentzako lekua erreserbatzeko aukera izango baita.
Abestia
PIZTU ZANGOZA!
Gure hizkuntza indartzeko,
ertzetik eraikitzeko,
Zangozako Ikastola.
Ekialdetik badator
lehen eguzki printza,
ernatu da eguna
euskaraz
gure aurreneko hitza,
belaunaldiak batuta
hauxe da gure mintza,
honatx Zangozaldeko
izkribu anitza.
Gure hizkuntza indartzeko,
ertzetik eraikitzeko,
Zangozako Ikastola sustatzeko,
Gure txikiak handi egiteko. (bis)
Urtetan zehar
ekinez gure inurria,
piztu dadila
urriko iturria,
hauxe da
ondorengoen irria,
aditu Euskal Herria.
Piztu! Orain da garaia
Piztu! Baliabideak
Piztu! Zirt edo zart
Piztu! Auzolana
Piztu! Denok eskutik
Piztu! Piztu euskara
Piztu! Izan gaitezen ausart
Piztu! Euskal Herria
Zangoza da Nafarroa Oinez! (Piztu!)Zangozan da, (Piztu!)
Euskal Herria (Piztu!) (bis)