Lehen aldiz Getxon (Bizkaia) antolatu zuten Ibilaldia, 1978an. Ordutik, Bizkaiko ikastolen jaia beste bitan ospatu da eskuinaldeko herri horretan: 1984an eta 2002an. Azken aldi hartan Algortako San Nikolas ikastola izan zen jaialdiaren antolatzailea. Gaur, 22 urte geroago, ikastola berari egokitu zaio 46. Ibilaldia prestatzea. Txonbo izango da aurtengo leloa; uretan buruz murgiltzeari esaten diote txonbo egitea Getxon eta inguruetan.
Jaialdiaren egitaraua aurkeztu zuten egunean, San Nikolas ikastolako lehendakari Unai Arzubiagak nabarmendu zuen Bizkaiko ikastolen jaiak Getxora itzuli behar zuela: «Iruditzen zitzaigun bazela garaia Getxok ere bultzada bat emateko Ibilaldiari berari, baita inguruko eragileekin eta erakundeekin bat eginik jaia ospatzeko ere».
San Nikolas ikastola 1963an sortu zuten. Ordurako martxan zen Bilboko lehenengo ikastola klandestinoa, eta handik hartu zuten ideia. Bederatzi familiak jardun zuten lanean, eta Begoña Abaitua irakaslearen gidaritzapean hamabi ikasle hasi ziren eskolak euskaraz jasotzen. Ordutik, ikastola handituz joan da, eta, gaur egun, 1.100 ikasle baino gehiago ditu. San Nikolas ikastola kooperatiba elkartea zazpiehun familia aktibok eta 140 langile inguruk osatzen dute.
61San Nikolas ikastolak zenbat urte bete dituen
Bilboko lehenengo ikastola klandestinoaren ereduari jarraituz, 1963an sortu zuten. Urte hartan, irakasle bakarra eta hamabi ikasle izan zituen.
Duela hirurogei urte ikastola sortu zuten helburu berarekin egingo dute aurtengo Ibilaldia ere: euskara sustatzeko asmoz. Halere, bestelako jomugak ere baditu jaialdiak. Batetik, partaidetza sustatu nahi dute; ikastolako komunitatea, herriko eragileak eta administrazioa bera elkarlanean aritzea bultzatuz. Bestetik, hezkuntza sisteman egitasmo berritzaileak garatzeko xedea ere badute. Horretarako zein eraikin berria egiteko, Ibilaldia finantzaketarako lagungarri izatea espero dute. Bestelako zehar lerro batzuk ere landuko dituzte, hala nola inklusioa, parekidetasuna edota jasangarritasuna.
Askotariko eskaintza
Getxoko herrigunean zehar barreiatuko da Bizkaiko ikastolen jaia. Ibilbidean zehar lau gune egongo dira: Ikastola gunea, Herria gunea, Portu Zaharra gunea eta Hondartza gunea. Orokorrean, eskaintza askotarikoa izango da, eta guztietan egongo dira adin ezberdinetako publikoarentzako ekintzak. Halere, guneren batean eskaintza publiko jakin bati bideratuta egongo da.
San Nikolas ikastolan bertan kokatuko da guneetako bat. Horixe izango da «Ibilaldiaren bihotza», ikastolako zuzendari Gaizka Arrizabalagaren hitzetan. Han emango diote hasiera jaiari. Ikastolako komunitateko kideez gain, inaugurazio ekitaldi horretan izango dira zenbait agintari, baita beste ikastoletako ordezkariak ere. «Jaia ikastolan hasi eta herrira zabalduko dugu», adierazi du Arrizabalagak.
Beste ekitaldi jendetsu bat ere egingo dute gune horretan: herri bazkaria. Aurretik, bertan egingo dute Haur Hezkuntzako ikasleen topaketa. Arrizabalagaren hitzetan, ikastolako gunean «tradizioak bat egingo du modernitatearekin». Itxartu dantza taldeak erakustaldia egingo du bertan, eta bertsolariak ere egongo dira. Eta, gune berean, Tor magoaren ikuskizunaz eta Yogurinaren kontzertuaz ere gozatu ahalko dute bertaratzen direnek. Aurtengo Ibilaldiaren beste ardatzetako bat izango da jasangarritasuna, eta San Nikolas ikastolaren inguruan antolatuko dute klima aldaketaren inguruko tailerra.
Bertakoaren erakustoki
Ikastolatik kilometro batera dago San Nikolas plaza. Horixe izango da bigarren gunearen kokalekua, Herriaizeneko gunearena; Bihotz Alai enparantzan ere egingo dituzte zenbait ekintza. Herria gunea deitu diote inguru horri, herriko kulturarekin topo egingo duelako bertan Ibilaldiak. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, «Getxoko kulturan eta tradizioetan murgiltzeko topagune ezin hobea izango da». Herriko dantza taldeak zein musikariak batuko dira han, besteak beste, Zuriketan Beltz edota Bele taldeak.
Arrizabalagak nabarmendu duenez, San Nikolas plazak «garrantzi berezia» du ikastolako komunitatearentzako: «Plaza hori da gure elkartzeko tokia urte osoan, bai familientzako eta baita ekitaldiak egiteko ere». Gune hori herriko kultura eszenaren erakustoki izango da. Aldi berean, bertaratuek herri kirol erakustaldia ikusteko parada ere izango dute; baita artisautza azokan zerbait erostekoa edo puzgarrietan jostatzekoa ere. Adin eta publiko guztientzako moduko eskaintza, beraz.
Hirugarren gunea, Algortako Portu Zaharra, eszenatoki erraldoi bihurtuko dute. Ikastolako zuzendariaren aburuz, Getxoren nortasunarekin «lotura estua» duen gunea da Portu Zaharra. Horregatik, nortasun handiko ikuskizunak egingo dituzte gune horretan.
Musika taldeak izango dira Portu Zaharreko protagonista nagusiak. Besteak beste, rock, punk, reggae, ska zein musika elektroniko doinuek burrunba eginaraziko die kale estuetako hormei. Itziarren Semeak eta Xiberoots taldeen ezagunen kontzertuak egongo dira, eta bertan arituko dira DJ Muxutritzzzz zein DJ Bull disko jartzaileak ere. Txirrindularitza tailerraz gozatzeko aukera ere izango dute Portu Zaharrera gerturatzen direnek; baita zirku mundua ezagutzekoa ere.
Kontzientziazioa ere bai
Laugarren guneak Ereaga hondartza izango du kokaleku. Bertan, batik bat, umeentzako jarduerak antolatuko dituzte: egurrezko jolasak, pailazoak edota bits festa. Gainera, Go!azen telesaileko partaideek ikuskizun bat egingo dute. Baina helduagoek ere zenbait ekintzatan parte hartzeko aukera izango dute, esaterako, zumba saioan.
Ereaga hondartza 800 metro luze da. Herrigunetik gertu dagoenez, aisialdirako gune garrantzitsua da Getxon. Horregatik, Ibilaldian ere gozamenerako gune gisa irudikatu nahi izan dute. Halere, dibertsiotik harago, inguruarekiko kontzientziatzeko tokia ere izango da, eta elkartasunak ere garrantzia hartuko du bertan.
Zientzia eta jasangarritasun tailerrak egingo dituzte hondartzan. Bestetik, gatazkan dauden lurraldeetako biztanleak ere izango dituzte kontuan. Ereagako gunean txoko bana izango dute Euskrania familia euskaldunek eta ukrainarrek osatzen duten komunitateak eta ATFAL Getxoko Sahararen aldeko elkarteak.
Bestalde, ibilbide guztian zehar ez da faltako animazioa. Gunez gune ibiliko dira Agurra taldeko buruhandi eta erraldoiak. Gainera, musiko talde ibiltariak ere arituko dira kaleetako giroa alaitzen. Batukale Sanba batukada taldearen, Kutxus Areatxu fanfarrearen zein Musikalia herriko bandaren doinuak entzun ahal izango dira ibilbide guztian zehar.
Metroa erabiltzeko deia
Getxoko San Nikolas ikastolak Ondarroako (Bizkaia) Zubi Zahar ikastolari hartu dio erreleboa. Azken horrek antolatu zuen 2023ko Ibilaldia. Xe izan zen iazko leloa. Hitz horrekin, keinu bat egin nahi izan zioten herriko euskalkiari —Ondarroan Ibilaldixe deitzen diote jai horri—. Hirugarrenez hartu zuen Ondarroak Bizkaiko ikastolen jaia, aurretik 1993an eta 2011n ere bertan egin baitzuten. Iazkoan, eguraldia lagun, jendetza batu zen itsasadarraren bi aldeetan.
Gurasoen, ikasle ohien eta gainerako laguntzaileen artean, guztira, 750 boluntario inguru aritu ziren Ondarroan antolatu zituzten 26 ekitaldiak aurrera eramaten. Antolatzaileek balorazio positiboa egin zuten. Adierazi zutenez, autobus mordo bat joan zen beste ikastola batzuetatik: sei Lekeitiotik, pare bat Elorriotik, Durangotik eta Getxoko San Nikolasetik ere bai.
Aurten ere, Ibilialdira joateko garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute antolatzaileek. Getxora iristeko modurik errazena metroa erabiltzea dela jakinarazi dute, Algortako Ibilaldiko lau guneen erdian baitago. Gainera, gaurko egunerako, Bilboko Metroarekin akordioa egin dute, jaialdia dela eta, zerbitzuen maiztasuna areagotzeko. Beraz, Getxora autoz hurbildu behar dutenei ere Bilboko Metroak dituen aparkalekuak erabiltzeko deia egin dute San Nikolas ikastolakoek. Horrela, herrigunean auto pilaketarik ez sortzea dute helburu. Autoa Etxebarrin, Leioan, Ibarbengoan eta BECen uztea gomendatu dute antolatzaileek.
BERRIAren presentzia
Iaz bezala, aurtengo Ibilaldian ere izango du presentzia BERRIAk. San Nikolas plazaren inguruan kokatutako Herria gunearen babeslea da. Baina, Bizkaiko ikastolen jaiaren babesle izateaz gainera, hedabideak jarduera eskaintza zabala eskainiko du: photocall bat, zozketak, merchandising banaketa... Gainera, BERRIAk 3.000 BERRIAlagun egiteko apustua egina du, eta hedabidearen babesle izateko eskaintza zabalduko dute Bizkaiko ikastolen sarean.
Akordioa sinatu ostean, Ainara Lasa hedabideko marketin arduradunak azaldu zuen estrategikoa dela BERRIAk hezkuntza eragileekin harremanak sendotzea. Eta, ildo horretan, aberasgarria iruditzen zaio Ibilaldiaren gisako jaietan egotea: «Garrantzitsua iruditzen zaigu euskarazko hedabideek ere horrelako jaietan presentzia esanguratsua izatea, euskaraz bizitzeko ekosistema irudikatzeko helburua daukagulako».