Zangozako Ikastolako lehendakaria

Carlos Arzelus: «Auzolana gure izaeraren parte garrantzitsu bat da oraindik ere»

Hirugarren urtea da Arzelus Zangozako Ikastolako lehendakaria dela. Onartu duenez, eragina du ikastola zona ez-euskaldunean kokatzeak, eta badituzte zenbait zailtasun jendegabetzen ari den eskualde batean egoteagatik ere.

Carlos Arzelus Nafarroa Oinez-eko lekukoarekin, Zangozako Ikastolako patioan. NAFARROA OINEZ
Carlos Arzelus Nafarroa Oinez-eko lekukoarekin, Zangozako Ikastolako patioan. NAFARROA OINEZ
pettan uralde
2024ko urriaren 20a
04:00
Entzun

Nafarroa Oinez antolatzen duen Zangozako Ikastolako lehendakaria erdalduna da. Carlos Arzelus (Garralda, Nafarroa, 1984) hirugarren urtez ari da betetzen lehendakariaren kargua, eta, pisu handia bada ere, harrotasunez darama bere lana. Erdalduna izateak ez dio euskara maitatzea galarazi, eta onartu du Nafarroa Oinez antolatzea «sekulako pribilegioa» izan dela. Azken asteburua iristear dela, lehendakaria «urduri samar» egon da, baina «oso pozik» azken urtean egin duten guztiari erreparatuta. Zangozako Ikastolaren etorkizunaz ere hitz egin du.

Nola sortu zitzaizun aukera Zangozako Ikastolako lehendakaria izateko?

Haurrak ikastolan aritu dira txikitatik, eta duela urte batzuk zuzendaritza aldatzeko eta karguak berritzeko garaia iritsi zen. Batzar batean boluntario gisa aurkeztu nintzen, zerbaitetan laguntzeko, eta beste guraso batzuekin batera sartu ginen zuzendaritzan, ilusio handiz. Batzorde barruan nengoela atera zen lehendakari eta lehendakariorde karguak aldatzeko beharra, eta hasiera batean inork nahi ez bazuen ere, ni atera nintzen aukeratua. Hasieran ez dakizu zeri egin beharko diozun aurre, eta bertigo pixka bat ematen du. Baina izan dudan laguntzarekin, dena errazagoa da. Hala ere, azken urtea erabat desberdina izan da Nafarroa Oinez-en antolatzeko lana dela eta.

Nola iritsi zara Zangozako Ikastolara?

Ni Garraldatik nator, Aezkoa ibarrean dagoen herri batetik. Emaztea hemengoa da, eta betidanik ikasi du ikastolan. Haurrak jaio zirenetik bagenekien ikastolan ikasiko zutela, eta horrela izan da.

«Beti diot, euskaraz jakin ez arren, hizkuntzari eta kulturari diodan maitasuna aurretik doala»

Ez dakizu euskaraz. Nola darama ikastola baten gidaritza erdalduna den pertsona batek?

Pixkanaka ikasten ari naiz, baina egia da oraindik ez dakidala euskaraz. Askok galdetzen didate, eta harrituta gelditzen dira. Eragozpen edo oztopo bat izan da batzuetan niretzat, baina euskaldunen aldetik beti izan dut harrera egokia, eta beti lagundu didate. Euskaraz ez jakiteagatik ez naute desberdin tratatu. Beti diot, euskaraz jakin ez arren, hizkuntzari eta kulturari diodan maitasuna aurretik doala. Bizitzako arlo guztietan bezala: gogoa baduzu, nahi duzun tokira iritsiko zara.

Zangozako Ikastola zona ez-euskaldunean dago. Ikastolak nolako garrantzia dauka euskara sustatzeko orduan?

Zangozaldea ez da inoiz oso eremu euskalduna izan. Horregatik, ikastolak eskualdean egiten duen ekarpena edo beste kolektibo batzuek egiten dutena oso garrantzitsua da. Presentzia edo indarra hartzen ari dela ere esango nuke, eta horren bila gabiltza azken urteetan. Bizikidetasun euskalduna lortzea Zangoza bezalako herri batean ez da erraza, eta iraganeko joerak aldatu nahi ditugu.

Ikastola hazten jarraitzea ezinbestekoa da horretarako?

Zangozan euskara sustatzeko oinarria da ikastola. Urteak pasatzen ari dira, eta ikastolatik ateratzen diren gazteak bikain hitz egiten dute euskaraz, eta gero beraiek aukeratzen dute nola bizi. Baina, gutxienez, oinarri hori ziurtatuta daukagu. 

Ikastolen sareak ere berebiziko garrantzia izango du zuena bezalako ikastola txiki batek aurrerapausoak emateko, ezta?

Azken finean, guk modu lokalean egiten dugu lan, egunerokoan. Baina ikastolen parte zarenean, konturatzen zara sare handi baten parte zarela, eta ikastola guztien eta erakunde askoren babesa duzula. Aurten, Nafarroa Oinez antolatzeko, izugarrizko babesa sentitu dugu, eta denak gogoratu dira gutaz. Hain ikastola txikia izanda, ez da batere erraza izaten horrelako jaialdi bat prestatzea, eta laguntza handia jaso dugu. Oso eskertuak gaude eskualdeko kolektiboekin, eta baita Euskal Herriko beste txokoetatik laguntza eskaini digutenekin ere. Zerbait ondo egiten dugun seinale ere bada horrelako erantzuna jasotzea.

«Bizikidetasun euskalduna lortzea Zangoza bezalako herri batean ez da erraza, eta iraganeko joerak aldatu nahi ditugu»

Historikoki pauso handiak eman ditu Zangozako Ikastolak Nafarroa Oinez antolatu duenean. Aurtengoaren ondoren, ikastolari bultzada emateko aukera ikusten diozu?

Azkenean, Nafarroa Oinez-en helburu nagusietako bat dirua lortzea da. Diozun moduan, ikastola honek pausoak eman ditu iraganean Nafarroa Oinez-en eskutik, eta berebiziko garrantzia izan du handitzeko. Aurten baditugu bi fronte irekiak diruari dagokionez: eraikin berriaren zorra ordaintzeko, eta eraikin zaharra berritzeko. Ikastola txikiek horrelako laguntzak behar dituzte pausoak emateko, eta gu oso pozik gaude beste urte batez jai handi hau antolatzeaz. Datorren astean jakingo dugu nola joan den azken asteburua, eta balantzea egin beharko dugu norainoko laguntza jaso dugun ikusteko, baina baikorrak gara. Gogoratu behar da gure ikastolari ekarpena egiteko ez dela guztiz beharrezkoa jaira etortzea, webgunean zenbait kontu korronte baititugu Nafarroa Oinez-era gerturatu ezin daitekeen horrek bere ekarpena egin dezan.

Azken hiru urteak zuzendaritzatik ikusi izan dituzu ikastolaren pausoak. Norabide zuzena dauka ikastolak?

Pisu handia izan du Nafarroa Oinez-ek geure jardunean azken urte eta erdian. Irentsi egin gaitu, eta gure indar gehienak jaiaren antolaketan joan zaizkigu. Baina, izatez, ikastola oso bateratu bat sentitzen bagara, Nafarroa Oinez-ek oraindik ere gehiago batu gaituela esango nuke. Azken finean, nahiz eta ikastola txikia izan, ez dugu denok elkar ezagutzen, bakoitzak bere eguneroko zeregina duelako, baina jaialdiak denok bat egitera eraman gaitu. Familia guztiek egin duten lana eskertzekoa da, eta auzolanak geure izaeraren parte garrantzitsu bat izaten jarraitzen du. 

Herriarentzat ere beste ikuspegi bat daukagu, eta azken urteetan aurrerapausoak eman ditugu. Eskualde osoan euskaraz ikasteko aukera ematen duen bakarrak gara, eta, beraz, erreferenteak euskarari dagokionez. Nafarroa Oinez antolatu dugu aurten, baina beste urteetan ere eragile aktiboa izan gara, eta jendeak bultzatzen gaitu.

Despopulazioak Zangozaldean duen eragina aipatu duzue sarritan. Nolako etorkizuna ikusten diozu ikastolari?

Jende gaztea ez da herrietan gelditzen guri gustatuko litzaiguken neurrian, baina badakigu bizi garen garaian eta gure eskualdean nahiko normala dela despopulazioa. Nire herrian ere gauza bera gertatzen da. Orokorrean, gizarte osoari eragiten dion arazo bat da, baina, agian, bizi garen lekuetan gehiago nabaritzen da despopulazio hori. Galdetu beharko genioke jendeari zergatik ez duen Zangozaldean bizi nahi, adibidez. Ahal dugun guztia egiten saiatzen gara, baina ezinbestekoa da erakundeen laguntza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.