Kutxa Fundazioa engaiatuta dago artearen eta kulturaren sustapenarekin; besteak beste, pentsamendu kritikoa sustatzea baitu helburu. Horren lekuko dira Artebidea proiektuak biltzen dituen egitasmoak. Kultura kritikoa garatzeko giltzarria da sormen lana, eta ibilbide horiek sustatzeko, laguntzeko eta ikusgarritasuna emateko lan lerro oso bat daukate garatuta. Horretarako lekuak, programak eta jarduerak antolatzen dituzte. Arte diziplina ugaritara iristen dira, gainera, izan margolanak, izan argazkigintza, izan musika, izan arte eszenikoak edo izan literatur sustapenak.
Arte erakusketekin lotuta, erreferentziazko bi gune dituzte: Kubo erakusketa gunea eta Artegunea erakusketa. Kubon arte plastikoa eta garaikidea sustatzen dute batik bat, eta hari begirako erakusketak ontzen dituzte. Artegunean, argazkigintzan ardazten dira batik bat.
Gainera, artegintzan ibilbide profesionalean abiatuak direnentzako laguntza programa ere badute. Artea Abian izena du laguntza lerro horrek. San Telmo museoarekin elkarlanean, ibilbidea hasten ari diren sortzaileentzako erakusketak egiteko aukerak ematen ditu programa horrek, sustapenean eta ikusgarritasunean laguntzeko.
Arte eszenikoak sustatzeko lan lerroa ere badaukate. Gipuzkoako lurralde osoan oholtza gainean jarduten dutenentzako programazio osagarri bat proposatzen dute. Lurraldeko beste jarduera eszeniko batzuen osagarria da programa hori, eta diziplinartekotasuna sustatzen du, beste sortzaileekin elkarlanean.
Musikaren leihoa
Musikaren alorrean ere, Bizi ala Iraun, Gipuzkoako Ahotsak eta Natura Elektronikoa zikloak antolatzen ditu Kutxa Fundazioak.
Bizi ala Iraun Bidean Produkzioen laguntzarekin bultzatzen duen kontzertu zikloa da. Benetakotasunaren, gure nortasunaren bilaketaren eta haren balio edo garrantzia nabarmentzearen aldeko oihua; sustraietara eta tokiko erreferenteetara, gaur egungo soinuekin nahasten direnetara, egiten den bidaia bat da.
Gipuzkoako Ahotsak ere Bidean Produkzioen laguntzarekin antolatua dago, eta Gipuzkoako musika sorkuntzaren aniztasunari ahotsa emango dion lurraldeko musika talentua sustatu nahi duen zikloa da.
Eta Natura Elektronikoak, Dantz-en lankidetzarekin, musika elektronikoaren mugak aztertzen ditu. Kontzertu ziklo hori naturaren eta teknologiaren arteko nahasketa da, eta puruenetik sintetikora egiten du bidea.
Horren osagarri izan liteke Katapulta Tour programa. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean sustatutako programa da, eta musikako zein arte eszenikoetako hainbat proiektu hautatzen dira. Ibilbidea hasten edo bide hori jorratzen ari diren sortzaileentzat da. Programa horren bidez, sortzaileei bultzada bat emateaz gain, haiei balioa ematea eta zirkuitu batzuk eskaintzea dute xede Gipuzkoako hainbat herritan, ikusgarritasuna izan dezaten. Prestakuntza eta profesionalizaziorako bideak ere jorratzen dituzte.
Musikari lotuta, badute beste programa bat: Ganbera. Musikene, Euskal Herriko Gazte Orkestra, Donostiako Orfeoia eta Donostia Musikarekin elkarlanean ontzen dute programa hori, gaztetatik eta artearen eta sorkuntzaren bidez pentsamendu kritikoa sustatu nahi dutelako. Ane Abalde Artebidea programako arduradunak dioenez. «arterik gabe ez dago aurrerabiderik; eta horiek ezagutarazi gabe ere ezin izango genuke beste pentsamendu kritiko bat sortu gazteengan, sortzaileengan, familian eta ikastetxeetan».
Ildo horretan, literaturari ere sekulako garrantzia ematen diote, eta lurraldean sona handia duten bi literatur sari laguntzen dituzte. Irun Hiriko Kutxa Fundazioa literatura saria eta Kutxa Fundazioa Donostia Literatura Sariak. Jada ibilbide oparoa egin dute deialdi horiek, eta goi mailako sormen lanen iturri izan dira. Poesia, errelatoa, eleberria eta antzerkigintza jorratu dituzte, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz.
Artebidean programa ixteko, Dr. Camino Taldearen eskutik, Donostiari eta Gipuzkoari buruzko azterketa historikoen buletina ere jorratzen dute. Lehen alea 1967an argitaratu zuten. Geroztik, lurraldearekin lotutako azterlan bat argitaratu ohi dute, aditu talde baten bidez galbahea pasatu ostean. Ikerlan horiek laguntzeko programa da buletinarena.