Zulorik gabeko sareak

2005eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Trebes sare bidezko arrantza 1998. urtean debekatu zuen Europako Batasunak (EB), bai Europako uretan egitea eta baita Europako itsasontziek egitea ere. Lege horren arabera, 2002tik aurrera ezingo ziren trebes sareak erabili. Mediterraneoan eta inguruetan, 500 itsasontzik oraindik trebes sareekin egiten dutela arrantza salatu du Oceanak, itsaso eta ozeanoen aldeko nazioarteko erakundeak. Itsasontzi horietatik erdiak EBkoak direla gaineratu dute.

Trebes sareek 15 kilometroko luzera izan dezakete eta, ezpata arraina eta atuna arrantzatzeko badira ere, arrantzaren %80 nahi gabe harrapaturiko arrainak izaten dira. Arrantza mota horren ondorioz, gutxi gorabehera urtean 15.000 zetazeo izurde, balea, kaxalote, 100.000 marrazo eta hegaztiak edo galtzeko zorian dauden itsas dortokak hiltzen dira.

Mozorropeko arrantza

Mediterraneo itsasoa beti izan da eremu goraberatsua arrantza kudeatzeko eta kontrolatzeko orduan: espezie askotan zenbat arrain dagoen ez da ezagutzen, inork ez daki zenbat itsasontzi dagoen eta agintariek ez dakite, askotan, arrantzontziek zer eta nola arrantzatzen duten. Trebes sareak 1998an debekatu zituztenik, EBk ehun milioi euro inguruko diru laguntzak eman zituen arrantza sektorea eraberritzeko. Oceanak salatu duenaren arabera, ordea, diru laguntzetako zati handi bat trebes sare mota berriak garatzeko eta baliatzeko erabili dute. Horrela, Frantzian eta Italian, esaterako, 1998ko debekua saihesten saiatu dira trebes sareko arrantzari izena aldatuz edo sareei aldaketa txikiak eginez. Egun, trebes sareak izendatzeko «thonaille» (frantsesez) edo «ferratara» (italieraz) izenak erabiltzen dituzte. Europako Batasunak ere onartu izan du Mediterraneoko herrialdeek ez dituztela neurri egokiak hartu legez kanpoko arrantza amai dadin.

Trebes sareak erabiltzen dituzten itsasontzi gehienak Italia, Frantzia eta Marokokoak dira, nahiz eta Turkiak ere arrantza mota hori egiten duten 60tik 100era itsasontzi dituen. Beste iturri batzuen arabera Aljeriak, Albaniak, Greziak, Monakok eta Errumaniak ere trebes sareekin arrantzatzen duten itsasontziak dituzte.Europako Legebiltzarra EBko legedia betetzen ez duten itsasontzien aurka neurriak hartzen saiatu da berriki. Baina Mediterraneoko herrialdeek oztopoak jarri dituzte eta legez kanpoko egoera amaitzeko lege berriak hartzea galarazi dute.Trebes sareen ezaugarriak, tamaina eta sare horiek itsasoko ekosisteman eragiten dituzten kalteak bertatik bertara aztertzeko, Oceana erakundearen Ranger itsasontzia Tirreniar itsasoanKorsika, Sardinia, Sizilia eta Italiako kostaldearen arteandabil egunotan.

Hainbat itsasotan zabaltzen diren sareak

Mediterraneo itsasoaz haratago, Ozeano Atlantikoan ere erabiltzen dituzte trebes sareak. Azken urteotan, gainera, arrantza mota hau egiten duten itsasontziak gero eta gehiago omen dira. Sei aldiz gehiago dira dagoeneko itsasontzi mota hauek eta jadanik, 600 itsasontzi inguruk erabiltzen dituzte trebes sareak atuna eta ezpata arrainak harrapatzeko Ozeano Atlantikoan.

Ozeano Barean ere arrantzontziek erabili izan dituzte trebes sareak. Greenpeacek 1983an 43 kilometro luzeko trebes sare bat aurkitu zuen Ozeano Bareko uretan.

LEGEDIA



EBk arraste arrantzaren aurkako neurririk ez duela hartu salatu du Greenpeacek



Greenpeace erakunde ekologistak Europako Batasunak (EB) arraste arrantzaren aurkako ezinbesteko neurriak ez dituela hartzen salatu du. Agiri baten bidez, EBk arraste arrantza egiten duten hainbat itsasontzirekin jokabide «biguna» duela argudiatzen du erakundeak. Komunikatu horretan, EBk urteetan legez kanpo arrantzatzen aritu diren ontzi konpainiei Ozeano Atlantikoko ipar-ekialdean arrantza egiteko baimena ematen diela nabarmentzen dute. Hain zuzen, Iparraldeko Atlantikoko Arrantzatokien Erakundeko (NAFO) uretan arraste sareen bidez arrantzatzearen aurka EBk ez dituela neurriak hartzen adierazi dute Greenpeaceren ordezkariek.

Erakunde ekologistaren arabera, Lootus II.a eta Madrus itsasontziak itsas eremu horretan dabiltza egun arrantzan, nahiz eta eta bi itsasontzi horiek hainbat alditan salatu izan dituztenlegez kanpoko arrantza egiteagatik. NAFOko eremuan arrantzan egiteagatik, debekatuak dauden espezieak arrantzatzeagatik eta arautu gabeko arrantza tresnak erabiltzeagatik jarri dizkiete salaketak.Estoniako bandera duen Lootus II.a itsasontzia zazpi alditan ikusi dute NAFOko eremuan legez kanpo arrantza egiten 2000. urtetik hona. Bai Lootus II.a eta baita Madrus itsasontzia ere Estoniako MFV Lootus enpresa ontzijabearenak dira.Egunotan, Greenpeace erakunde ekologistaren Esperanza itsasontzia NAFOko itsas eremuan dabil, arraste sareen bidez egindako arrantzak ekosisteman eragiten dituen kalteak aztertzeko. 1.100 zientzialariren eta ingurumenerako hainbat erakunderen eskariari erantzunez ari dira ikerketa hori egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.