INGURUMENA

Zori txarreko hegaztiak

DONOSTIA
2005eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Hainbat itsas hegazti zori edo aieru txartzat hartu izan dira itsas ikonografiaren barnean; kalatxori eta albatrosak kasu. Itsasontzian bi hegazti hauetako aleren bat hilik agertuz gero, zoritxar bat hurbil zenaren seinaletzat hartzen zen. Itsaso barruan ere, hegazti horietako aleren bat bakar-bakarrik zeruan itzulika ikusiz gero, nahigabe bat hurbil zela uste zen. Baina oraingoan zoritxarrak harrapatu ditu haiek. Izan ere, sagu handiek izugarrizko sarraskia eragin dute Gough uhartean, eta galzorian utzi dute itsas hegaztien kolonia.

Izan ere, sagu handiak itsas hegaztien kolonia garrantzitsu bat erasotzen ari dira, milaka itsas hegaztikume janez, Hego AtlantikokoGough Uhartean (Erresuma Batuko kolonia). Gough Uhartea zortzi kilometro luze eta sei kilometro zabal besterik ez da, baina hogei itsas hegazti espezieren kolonia handi bat bizi da han. Gutxi gorabehera, hamar milioi itsas hegazti biltzen dira uharte horretan. Gough uhartea Gizateriaren Ondare izendatu zuen Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak.Itsas hegaztien artean, albatros espeziea (Diomediae familiakoak) ari da izaten kaltetuena. Albatrosak galzorian ziren lehendik ere, baina albatrosen populazioak nabarmen egin du behera, azken hilabeteotan. Orain arte, 100.000 albatros hiltzen ziren urtean, arrantzontzietako sareetan harrapatuta.Gough uharteko sagu handiek, baina, albatroskumeei erasaten diete bereziki, eta, ondorioz, espezie horren geroa beltz ikusten dute biologoek . Albatrosak hegazti handiak dira, eta hala, saguek taldean erasotzendiete albatroskumeei.Zortzi edo hamar saguren artean hamar kiloko albatroskumea irensten dute. Hegaztiak haitzetan daudenean hasten dute erasoa saguek, iheserako aukerarik eman gabe.

Tristan uharteko (Erresuma Batuko kolonia) 2.000 albatros bikotek egiten dute beren habia Gough uhartean, baina sagu handiak urtean milaka kume jaten dituzte; jaiotzen direnen hiru laurdenak, hain justu ere. Albatros hegaztiak oso poliki ugaltzen dira, arrautza bakarra erruten baitute. Kumeak gurasoek elikatzen dituzte zortzi hilabetez. Denbora horretan geldi-geldi egoten dira kumeak habian, babesik gabe. Eta egoera horretaz baliatzen dira sagu handiak haiek irensteko.

Ekosistema arrotzeko saguen izurria

XIX.mendean itsastxakurren ehizarako itsasontziak agertu ziren arte, lasai bizi ziren albatrosak Gough uhartean. Itsasontziekin batera, iritsi ziren saguak uhartera. Denborarekin, sagua asko garatu da eta egundoko tamaina hartu du.

Lege ekologiko baten arabera, ingurune hotzetan hobe da animalia handia izatea. Hala, hasiera batean txikiak ziren saguak handituz joan dira, hegaztiak jaten hasi direnetik. Uharte honetan ugari diren hegaztiak irentsiz, saguak etengabe ari dira hazten. Gainera, handituz doazen heinean, gero eta hegazti gehiago jan behar dute. «Saguak eta bestelako animalia txikiak handitu egiten dira, bereziki latitude altuko uharteetan», berretsi du Richard Cuthbertek, Hegaztien Babeserako Errege Elkarteko biologoak.Arriskua bikoitza da. Batetik, saguen erruz, espezie bat gal daitekeelako, eta bestetik,sagu horiek izaten dituzten zenbait gaixotasunhegaztietara pasa daitezkeelako. Untxiei erasan ohi dien mixomatosi gaitzaren aldaera bat hegaztietara pasatzea ere badagoela jakinarazi du Cuthbertek.Gough uharteko saguak ekosistema arrotzekoak dira eta uharte horretako fauna arriskuan jartzen ari dira. Ekosistema arrotzeko 2.900 espezie antzeko egoera sortzen ari diraErresuma Batuko 17 koloniatan, Naturaren Babeserako Batzordeak jakinarazi duenez. Hala, sagu izurria aintzat hartzeko eskatu zien Cuthbertek agintariei, eta hura desagerrarazteko neurriak hartzeko. Horren harira esan du Zeelanda Berrian erabili diren pozoiak erabil daitezkeela, eraginkorrak direlako.Izan ere, animalion artean indartsuenaren legeak agintzen du eta horren adibide bat besterik ez sagu handien izurriarena.Naturaren gurpil eroa etengabe ari baita biraka. Eta orain beste bira bat eman du Gough uhartean: orain arte zori txarraren airu ziren hainbat hegazti zoritxarreko egoeran jarriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.