Klonazio terapeutikoan sortzen diren arazo etikoak erraz saihetsdaitezkeela erakutsi dute Estatu Batuetako zientzialariek. Izan ere, enbrioietako zelula amak lortu dituzte, «enbrioi bakar bat ere desegin behar izan gabe». Bi teknika dira, eta biak saguekin probatu dituzte, esperimentazio aldian daudelako oraindik, baina zientzialariek esan dute giza enbrioiekin ere egin daitekeela. Giza klonazioaren kontrakoak konbentzitu nahi dituzte orain. Horiek ez dute begi onez ikusten giza klonazio terapeutikoa. Batetik, orain arteko teknikekin, zelula amak erauztean enbrioiak bizia, haien ustez desegiten zirelako, eta bestetik, gizakia klonatzeko pauso gisa ulertzen dutelako. Nature zientzia aldizkarian atzoko on-line edizioan eman zuten honen berri.
Enbrioietako zelula amak gorputzeko edozein ehun bihur daitezke, eta ondorioz, gaur sendabiderik ez duten gaixotasunen kontrako tratamenduak sortzeko balio dezakete. Aukera dago, gainera, gaixoen material genetiko bereko enbrioietako zelula amak lortzeko, nukleo transferentzia bidezko teknika baliatuta. Teknika hori Dolly ardia klonatzeko erabili zutena da, eta gizakietan Seulgo Unibertsitate Nazionaleko (Hego Korea) ikertzaileek erabili zuten lehenengoz. Talde horrek 30 giza enbrioi klonatzea lortu zuen iazko otsailean, eta aurten gaixoen neurrira egindako zelula amak lor daitezkeela erakutsi dute. Horretarako, emaileek emandako obuluak baliatzen dituzte. Obulu horiei nukleoa kendu eta gaixoen zelulak txertatzen dituzte han. Gaixoaren DNA edo material genetikoa, azken batean. Enbrioi horiek laborategian hazten dituzte, hazkuntza hodietan, eta zelula amak erauzi ostean, desegin egiten dira klonatutako enbrioiak. Askok, baina, ez dute begi onez ikusten zelula ama sailak lortzeko, enbrioiak sortu eta suntsitu behar izatea, eta hori dela eta, herrialde askotan debekatuta dago enbrioiekin ikertzea. Alemanian, esaterako, hiru urteko kartzela zigorra ezartzen du legeak enbrioietako zelula amekin ikertzen duenarentzat. Ameriketako Estatu Batuetan, berriz, «bizitzaren aldeko taldeek» presio handia egiten ari zaizkio Gobernuari, ikerketa horiek ez laguntzeko eskatuz. Zenbait senatarik, bestalde, teknika alternatiboak eskatu dituzte, zelula amak lortzeko.
Bi teknika berritzaile
Robert Lanza Advanced Cell Technology-ko (Worcester, Massachusetts, AEB) ikertzaileak garatu du ordezko tekniketako bat.Teknika hori lagunduriko ernalketa prozesuan erabiltzen den teknika batean oinarritzen da. Hain zuzen ere, ezarri-aurreko diagnostikoaren teknikan. Enbrioi-aurrekoak zortzi zelula dituenean egiten da ezarri-aurretiko diagnostikoa. Enbrioi-aurreko bakoitzetik zelula bat hartu eta enbrioi-aurreko horren azterketa genetikoa egiten da, zelula bakar horretan oinarrituta. Gurasoetako baten gene bakar batek edo kromosomen akats batek eragindako gaixotasunen bat duenean egin ohi da, haur gaixoak jaiotzea saihesteko. Baina helburu terapeutikoekin ere egiten da. Hau da, bigarren seme-alaba genetikoki lehenengoarekin bateragarria izan dadin ziurtatzeko, horrela, zaharrenaren gaixotasuna sendatu ahal izateko.
Lanzen taldeak dio zelula ama sailak lagundutako ernalketa prozesuetan erabiltzen diren enbrioietatik lor daitezkeela, haiek umetokian ezarri aurretik. «Enbrioak desegiteak sortzen dituen arazo etikoak amai ditzakegu, hala», esan zuen atzo Alan Trounson Monash Unibertsitateko adituak (Melbourne, Australia). Horrek, ordea, badu bere alde txarra: lagundutako ernalketa prozesua hasten duten emakumeen enbrioiak klonatuko direla, eta, ondorioz, hortik sortutako zelula amak ez direla gaixoarekiko bateragarriak izango. Zenbait zientzialarik, gainera, ez dute uste arazo etikoak hor amaituko direnek. Izan ere, horien ustez blastomeroa ere «bizia» da. Zigoto bat zatitzean sortzen den zelulari deitzen zaio blastomeroa. «Baldintza jakin batzutan hazten bada, blastomeroa bizitzeko gai da», esan du horren harira Yuri Verlinsky Chicagoko Ernalketa Genetikorako Insitutuko buruak. Rudolf Jaenisch eta Alexander Meissner Massachussets-eko Institutu Teknologiko ikertzaileek garatu dute beste teknika. Emailearen zelula ernaldutako obuluan txertatu aurretik, zelula horri gene bat kendu diote horiek, Cdx2 genea hain zuzen ere. Enbrioia normal garatzen da itxuraz, baina ez da inoiz umeki izatera iristen, gene hori indargabetutaduelako.
AEBetan, errepublikar batzuek ere begi onez ikusi dute. Roscoe Bartlettek esan du lagundutako ernalketa prozesuen kontra daudenek baino ez dituztela teknikok gaitzetsiko.
Zelula amak lortu dituzte, enbrioiak desegin barik
Bi teknika berri probatu dituzte saguetan eta eraginkorrak direla ikusi dute; klonazio terapeutikoaren kontra zeuden batzuek ere onetsi dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu