ASTRONOMIA

Planeta ez diren planetak

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2005eko irailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Planeta da ala ez da? Uztailean eguzki sistemaren gunerik urrunenean aurkitu zuten objektuak hankaz gora jarri ditu astronomoek mendeetan erabili dituzten eskemak. Are gehiago, planeta bat zer den eztabaidatzen ari dira egun, eta ez du ematen konponbidea erraz aurkituko dutenik. Izan ere, ez dira gutxi «planeta» kontzeptua bera zakarrontzira botatzea proposatzen ari direnak.

Kulturak, historiak eta tradizioak zientziaren zorroztasunarekin egin dute topo. IAU Nazioarteko Batasun Astronomikoko 19 aditu lanean ari dira, eta, orain arte, ez dira gauza izan erabakitzeko. Duela 18 hilabete bildu zen taldea, eguzki sistemaren kanpoaldean Sedna deituriko objektu handia aurkitu zutenean. Sedna planetatzat hartu ez hartu eztabaidatzen aritu ziren hainbat hilabetez, eta bazirudien adostuko zirela. Sednaren diametroak 2.000 kilometro ditu; Plutonenak baino 274 kilometro gutxiago, alegia. Iragarpen guztien arabera, adituek erabaki salomonikoa hartuko zuten: Pluton da eguzki sistemako planetarik txikiena eta horrek jarriko du muga. Pluton baino txikiago diren objektuei ezingo zaie planeta esan. Xanpaina ateratzeko zorian zirenean, 2003 UB313 objektua aurkeztu zuten astronomoek.

«Hamargarren planeta?»

2003 UB313 Pluton baino handiagoa da. «Hamargarren planeta» gisa aurkeztu zuten astronomoek. 2003ko urriaren 31n egin zioten lehenengo argazkia objektuari, baina hamabost hilabete geroago arte ez zuten mugimendurik jaso. Izan ere, oso poliki mugitzen da. Neptunotik harantzago dagoen harri multzoan Kuiper Gerrikoan dago. Spitzer izpi infragorrien bidezko espazio teleskopioarekin behatzen saiatu ziren, baina ez zuten ikusi. Spitzer teleskopioak beroaren erradiazioa jasotzen du. 2005eko urtarrilaren 8an jabetu ziren planeta oso urrun zegoela, eta horren urrun egoteko argi asko ematen zuela. Hortik ondorioztatu zuten planetak handia izan behar zuela, nahitaez.

2003 UB313 (behin-behineko izena da) planeta den ala ez erabakitzea zaila gertatzen ari zaie astronomoen batasuneko 19 adituei. Bi proposamen jaso zituzten atzo. Lehenak tamaina hartzen du kontuan. Onartzen bada, 2003 UB313 hamargarren planeta bihurtuko da eta atzetik joango zaizkio Kuiper Gerrikoan aurkituko dituzten antzeko tamainako objektuak. Astronomo asko ez daude ados konponbide horrekin, uste dutelako jendea prest egongo dela hamargarren planeta onartzeko, baina ez bat-batean planetak 23 direla entzuteko.Horregatik bigarren konponbidea proposatzen dute: Pluton planeten familiatik kanporatzea. Plutonek planeta izaten jarrai dezan «arrazoi zientifikorik» ez dagoela argudiatzen dute. Proposatzen duten definizioaren arabera, objektu bat planeta dela esateko ez da aski neurria kontuan hartzea. Horrez gain, objektu horrek nagusi izan behar du bere ingurunean. Horren bidez, Pluton ez zen planeta izango, Neptunoren orbita gurutzatzen duelako, eta Neptuno handiagoa eta nagusi da hor. Proposamena gaitzesten dutenek zera argudiatzen dute: Pluton dagoeneko denbora luzez hartu da planetatzat orain aldatzen hasteko. «Nola azalduko diegu haurrei?», dio, umorez, astronomo batek.

Beste proposamen bat jarri dute, ordea, mahai gainean:Planeta kontzeptua ahaztu, eta objektuok hitz zehatzagoekin izendatu. Michael Brownek 2003 UB313 aurkitu zuen astronomo taldeko kideak ideia gaitzetsi du: «Nola baztertuko dute hitz hori, nire lanpostuaren izena Planeten Astronomiaren Irakaslea izanik. Hitza aspaldikoegia da, zientzia modernoa baino zaharragoa». Brownentzat lehen aukera da konponbidea, hau da, planeta kopurua handitzea. Bat edo bi gehiago baino ez dituztela aurkituko uste du. «Horrez gain, polita izango da hurrengo belaunaldiei planeta gehiago aurkitzeko aukera ematea».

IKA-MIKA



 

Bi astronomo aurkikuntza bera aldarrikatzen





Ika-mika sortu da «hamargarren planetaren» aurkikuntzaren inguruan. Uztailaren 27an 2003 UB313 objektua aurkitu zutela iragarri zuten Andaluziako (Espainia) Astrofisika Institutuko Jose Luis Ortiz eta Pablo Santos Sanz astronomoek. Michael Brown Kaliforniako (Ameriketako Estatu Batuak) Teknologia Institutuko astronomoa harritu egin zen iragarpenarekin, hilabeteak zeramatzalako objektu bera aztertzen. Brownek dioenez, objektuaren inguruko lan batzuk zeuden uztailetik euren Interneteko gunean. Ikerketa txiki bat egin ondoren, zera aurkitu zuen: Andaluziako institutuko ordenagailu batetik gunea ikusten aritu zirela iragarpena egin baino hiru egun lehenago. Ortizek ez du salaketa ukatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.