LURRAREN BEROTZEA

Pinguino belaunaldi bat, galtzear

Antartikako plakatik hautsitako izozmendi erraldoi batek itsasorako bidea itxi die; txitak hiltzen utzi beharko dituzte

Erredakzioa
2004ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Pinguinoak, Lurra berotzearen biktima errugabeak? Zeelanda Berriko Gobernuko zientzialarien arabera, 150.000 pinguino hil edo biziko atakan dira Antartikaren mendebaldean. Izozmendi erraldoi batek itsasorako eta, beraz, janerako bidea trabatu die. Ikertzaileek ohartarazi dutenez, litekeena da pinguinoak bizirik ateratzea egoeratik. Edonola ere, larrutik ordaindu beharko dute bizirik irautea: ia umealdi osoa izotzean harrapaturik hiltzen utzi beharko dute.

B-15A izozmendia egun munduan igerian dagoen objekturik handiena dela esan dute zientzialariek. 3.000 kilometro koadro ditu eta, kalkuluen arabera, Nilo ibaia, haren adar guztiak eta arro osoa 80 urtez hornitzeko adina ur dauka bere izotz masan. Antartikako multzo nagusitik 2000. urtean bananduriko plaka baten puska da B-15A izozmendia. Bi kilometro orduko abiadan zebilen nora ezean, Royds Lurmuturrean kateaturik gelditu arte.Pinguinoak asko barneratzen dira kumeak egiteko koloniak ezartzeko, badakitelako txitak arrautzatik atera orduko izotz zati handia urtuta egongo dela eta itsasoa hurbil izango dutela. Izan ere, itsasotik ateratzen dute kumeak elikatzeko jana. B-15A izozmendiak, ordea, uretaraino 180 kilometroko ibilbidea egitera behartzen ditu. «Izotza bukatzen den tokitik kumeengana itzultzen direnerako, sabelean duten elikagai guztia erreta izango dute», esan du Lou Sanson Zeelanda Berriko Antartika Agentziako buruak. Kumeak elikatzea ezinezkoa dutela ikusten dutenean, han utziko dituzte. «Ikertzaileak uste dutenez, aurtengo umealdia galdu egingo da ziurrenera», gaineratu du Sansonek.

Salbamendurik ez

Hornitzeko bideak trabatu dizkie izozmendiak McMurdo badiaren inguruan dauden hiru ikerketa estazioei. Datorren hilean Ameriketako Estatu Batuetako ontzi izotz-hausle bat eta hiru zamaontzi dira heltzekoak badiara. Pinguinoentzat, ordea, itxaropen gutxi dago. «Amerikarrak, italiarrak eta zeelandaberritarrak aski zaila dute beren estazioak hornitzea. Ez dut uste milaka pinguino elikatzeko sardina bidoi batzuk botatzeko asmoa dutenik», esan du Keith Reid Erresuma Batuko zoologoak.

Hegaztion koloniak %70 gutxituko direlakoan daude zientzialariak, 50.000 bikoteetatik soilik %10ek egingo dituztelako kumeak aurten.Antartikako izotz plakak azken urteotan hausteko duten joera Lurra berotzearen eta klima aldaketaren ondorio zuzena dela argi dute zientzialari gehienek. Diotenez, iragan 50 urteetan kontinente zurian, batez beste, 2,5 gradu epeldu da klima, eta izotza urtzen ari da. Duela bi urte Larsen B izotz puska erraldoia zatitu zen, eta jada masaren %60 galdu du. Antartikako mendebaldeko izotz plaka osoa urtuko balitz, sei metro egingo luke gora itsasoaren mailak mundu osoan.Azken hilabeteotan zabalduriko ikerketen ondorioek erakutsi dute beroketa prozesua asko azkartzen ari dela iparburuan ere.

Artikoko eta Antartikako izotza gutxitzeak Lurraren berotzea azkartuko luke, are gehiago. Izan ere, izotzak eguzkiaren izpiekin ispilu lana egiten du. Izotz geruza urtuta, eguzkiak itsasoko ura berotu egingo du. Urak beroa xurgatzeko ahalmen handia du, eta denbora luzez gordetzen du. Ondorioz, ozeanoen eragina epe luzera nabaritzen da kliman.

Urte beroenetan, aurtengoa laugarrena

«Ereduek erakusten dute aireko tenperaturak igotzen jarraituko duela, lurrazaleko tenperaturak igotzen jarraituko duela eta glaziarrek urtzen jarraituko dutela», esan zuen atzo Gilles Sommeria Nazio Batuen Erakundeko zientzialariak. 2004 inoiz erregistraturiko urterik beroenetan laugarrena izan dela adierazi zuen atzo NBEko Munduko Meteorologia Erakundeak (WMO). Urterik beroenen zerrendan sartu dira azken 10 urteetako bederatzi.

Datozen urteetan ekaitzak, lehorteak eta bestelako muturreko fenomenoak asko areagotuko direla esan zuen atzo WMOko Sommeriak. Iragarpenon arabera, ez dira, beraz, soilik Antartikako pinguinoak beren kumeez kezkaturik egon behar dutenak.

-

Antartikako izotza urtzen





1995eko urtarrila: Ekaitz batean 2.000 kilometro koadroko izotz plaka bat desegin zela ikusi zuten zientzialariek. Gertaerak harritu egin zituen, izozmendiak banantzea arrunta izan arren plakak desegitea oso gutxitan gertatzen delako.1998ko martxoak 24: Larsen B izotz plaka hausten hasia zela ikusi zuten ikertzaileek, lehen aldiz. Plaka asko murriztu zen aurretik, bere minimo historikoaz harantzago.

1999ko apirilak 7: Larsen B plaka erabat banandu zen eta izozmendi erraldoi bihurtu zen.

2001eko urtarrilak 6: Izotz plakak uda beroagoen eraginez ari zirela hausten esan zuten NASAko zientzialariek. Pine Island glaziarrak masa asko galdua zuela ohartarazi zuten ikertzaileek. Pitzadura handiak agertu zirela esan zuten.

2002ko martxoak 19: Larsen B plaka milaka puskatan desegin zen.

2003ko abenduak 9: Larsen B plaka desagertuta, inguruko glaziarrak azkartu zirela esan zuten ikertzaileek.

2004ko abenduak 15: Izozmendi erraldoi batek milaka pinguinori itsasorako bidea itxi ziela ohartarazi zuten Zeelanda Berriko zientzialariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.