INDIGENEN KONTRAKO ERASOAK

Norbere etxean arrotz

Brasilgo arara herri indigena galtzeko arriskuan dagoela salatu du Survival Internationalek; zura ustiatzen duten multinazionalek eta abeltzain handiek lur eta baliabide natural barik utzi dute

DONOSTIA
2004ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Auzo batean bizi dira, baina, hala ere, Brasilgo azken herri nomadatzat dituzte askok. Izan ere, ugorogmo edo arara indigenak ihesi bizi dira, «gizon zuriarengandik ihesi». Zura ustiatzen duten enpresak eta kolono eta lurjabe handiak arara indigenen bizilekua suntsitzen ari direla salatu du Survival International herri indigenen aldeko nazioarteko erakundeak. Gaur egun, erakunde horren arabera, 73 arara baino ez dira gelditzen.

Amazoniako Iriri ibaiaren ertzean dauden bi erreserbatan bizi dira gaur ararak, Cachoeira Seca izeneko eskualdean. Babestutako lekuan berez, baina babesik gabe, Survival Internationalek salatu duenez. Haien bizilekua hektarea gutxi batzuetara murriztu da denbora gutxian. Lurrak galdu dituzte, eta populazioak ere nabarmen egin du behera azken urteotan. Ihesean hil dira asko, eta zur ustiatzaileek ekarritako gaitzek jota beste asko.

Nazioarteko begiraleen esanetan, beldurrez bizi dira ararak. Arrotzak gertu sentitzen dituztenean, herria utzi eta ezkutatzera jotzen dute ararek, haien esanetan. «Seringa arbolatik latexa ateratzen zutenen jazarpena jasan zuten aurrena, eta zur merke bila joan ziren lurjabe handiena gero», dio horren harira Survivalek. Erakunde horrek nazioarteko kanpaina bat abiatu du, Brasilgo Gobernuari araren eskubideak bermatzeko exijitzeko.Brasilgo Gobernuak atzeman zuen araren azken taldeak ere hori bera egin zuen: ihes. 1987. urtean aurkitu zuten talde hori, gaur egun bizi diren lekutik gertu. 60 bat lagunek osatzen zuten talde hura. Tojtxi arara indigenak ondo oroitzen du zuriekin topo egin zuten egun hura. «Zurien arrastoak aurkitu eta oihanera ihes egin genuen. Zuriek, baina, guk utzitako arrastoei jarriak, aurkitu egin gintuzten azkenean», dio Tojtxik Survival International erakundeari egindako adierazpenetan. Ararek ez dute inoiz harreman onik izan «gizon zuriarekin». Hala ere, 70ekohamarkadatikindigenen eta «zurien» arteko harremanak okerrera egin du, nabarmen. 70eko hamarkadan, diktatura militarraren pean, hainbat proiektu abiatu zituen Brasilgo Gobernuak Amazoniako lurretan. Haietako askok bete-betean jo zuten lur haietan bizi ziren indigenen kontra.Erasorik gogorrena, 1986. urtean jasan zuten ararek. Urte hartan azpiegitura handi baten proiektua aurkeztu eta onartu zuen Brasilgo Gobernuak: autobide transamazonikoa. Arara herritik hiru kilometro eskasera pasatzen da autobide hori, eta bitan zatitzen du ugorogmoen lur eremua. Autobide horren adarretako bat, gainera, indigenen lur eremuan sartzen da. Hain zuzen ere, bide hori da, Amazoniako zura «legez kanpo» ustiatzen duten enpresek erabiltzen dutena.

Indigenak, bi erreserbatan banatuta

Indigenen lurrak errespeta zitezen, Iriri ibaiaren inguruan, milioi bat hektarea inguruko lurralde babestua ezarri zuen Brasilgo Gobernuak, 80ko hamarkadaren erdialdera. Zortzi urte beranduago, ordea, bi erreserba izendatu zituen Gobernuak, eta ararei emaniko lur eremua 686 mila hektareara gutxitu zuen. Gainerako 300 mila hektareako lur eremua zur ustiatzaileei eman zien Gobernuak. Zur ustiatzaileen eskuetan utzitako eremu hori, hain zuzen ere, Bannach zur enpresak 80ko hamarkadan irekitako legez kanpoko errepidea inguratzen duena da.

1992. urtean,nazioarteak egindako presioen ondorioz, Gobernuak atzera egin eta 760 mila hektarea, berriro, ararei ematea onartu zuen. Ordurako, baina, kolonoek okupatuak zituzten ararenak ziren lur zati handiak, edo okerrago, zur ustiatzaileen jardunaren ondorioz, haietako asko soilduak zeuden dagoeneko.Erabaki hori ez zuten begi onez ikusi zura ustiatzen duten enpresek, eta helegitea jarri zuten, lur haiek eurenak zirela iritzita. Helegite hark abian zen prozesua geldiarazi zuen, eta, hargatik, gaur oraindik zedarritu gabe daude arara herri indigenari dagozkion lurrak.

Survival Internationalek lan hori lehenbailehen egiteko eskatu dio Brasilgo Gobernuari, «lurrik gabe ararek zaila dutelako bizirik irauten». Ararek bizi diren lurrekiko erabateko menpekotasuna dutela dio Survivalek. Era berean, ohartarazi du indigenei dagokien lur eremua zein den zehazten ez den bitartean, kolonoek, ehiztariek zein zur ustiatzaileek araren lurrak «inbaditzen eta suntsitzen» jarraituko dutela. Lurrak ez zedarritzeak, gainera, kolonoen eta indigenen arteko gatazkak areagotuko dituela nabarmendu du Survivalek. Gatazka horietan dozenaka arara hil dira azken urteotan.

-

AZPIEGITURA BERRIAK



 

Legez kanpoko baso-soiltzea Cachoeira Secan





1986. urtean, Autobide Transamazonikoa eraikitzen ari zirela aprobetxatuz, Bannach Ltd. zur enpresak zerratoki handi bat ezarri zuen Cachoeira Seca eskualdean. Arara herriak duen lur eremu babestuaren bihotzean, hain zuzen ere.

Zerratokira kamioiak iristeko, beste bide bat eraiki zuen gero enpresak, zeinak autobidearekin bat egiten zuen. Bide hori oihanean legez kanpo moztutako zura Amazoniatik kanpo ateratzeko erabiltzen dute gaur. Hainbat nazioarteko begiralek salatu dutenez, Lularen gobernuko politikari batzuek ere Bannach enpresaren alde egin dute. Era berean, Amazoniako udalerri askok ere bat egin dute enpresa handiekin, eta, indigenen ordezkarien arabera, erraztasun guztiak ematen dizkiete, gainera, oihanetik zura ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.