Lurraren dardaren isla

Lurrikara arriskua zehazten duen Europako eta Mediterraneoko lehen mapa bateratua aurkeztu dute Espainiako Lurreko Zientzien Institutuak eta Suitza eta Alemaniako zientzialariek

DONOSTIA
2003ko urriaren 11
00:00
Entzun
Lurrikara gertatzeko arriskua adierazten duen Europa eta Mediterraneoko lehen mapa bateratua aurkeztu du asteon Jaume Almera Espainiako Lurreko Zientzien Institutuak. Suitza, Alemania eta Espainiako zientzialariek parte hartu dute proiektuan eta Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen Korrelazio Geologikoari buruzko nazioarteko programaren eta Europako Sismologia Batzordearen babesa izan dute.

«Hamar urteko lanaren fruitua izan da mapa, ekimen ezberdinek eta hainbat nazioarteko proiektuk utzitako uzta». Hala jakinarazi dio Berriari Maria Jose Jimenez Lurreko Zientzien Institutuko kideak eta proiektuaren zuzendariak. Proiektuan Domenico Giardini Zuricheko unibertsitate politeknikoko ikertzaileak (Suitza), eta Gottfried Grunthal Potsdameko GeoForschungs Zentrumeko (Alemania) zientzialariek parte hartu dute, besteak beste. Lurrika arrisku guneei buruzko maparen proiektuan, baina, sismotektonikan adituek eta azken 35 urteotan arrisku sismikoen inguruko katalogoak lantzen jardun duten ikertzaileek ere parte hartu dute, Jimenezek kazeta honi azaldu dionez.

«Orain arteko lanen ondoan aurreratuagoa da mapa hau eta orain arte osatutako datu baseekin batera, sismologo, geologo eta ingeniarientzako oso baliagarria izango dela iruditzen zaigu», nabarmendu du proiektuaren zuzendariak. Lurrikara arriskuaren Europako eta Mediterraneoko lehen mapa bateratua da, eta horrek egiten du berezi. Izan ere, orain arte egon bazeuden lurrikarak egoteko arrisku handienak zehazten zituzten mapak, baina, tokian tokikoak baino ez. Hondamendi naturalak saihestea du helburu mapak, baina zeregin horretan «lehen urratsa» besterik ez dela zehaztu du Jimenezek. «Arrisku handieneko eremuak zeintzuk diren zehazten ditu, hondamendi naturalak saihesteko neurriak hartu ahal izateko gero. Garrantzitsua izango da, esate baterako, arrisku handiko lekuetan nola eraiki behar dugun jakiteko», dio.

Lurrikaren erregistro historikoa, lurreko plaka tektonikoen mugimenduak eta espaziora bidalitako zundek igorritako informazioa hartzen dituzte aintzat lurrikara arriskuko eremuak zehazterako orduan, Jaume Almera Espainiako Lurreko Zientzien Institutuko kideak azaldu duenez. Mapa honek, denbora jakin batean izan daitezkeen arriskuen berri ematen digu, neurri handi batean.

Euskal Herria arrisku gutxiko ingurunea

Koloreak erabili dituzte arriskuko eremuak zehazteko. Kolore gorriz margotu dituzte lurrikarak izateko arrisku handiena duten herrialdeak, eta zuriz arrisku gutxienekoak. «Turkia, Grezia eta Italian lurrikarak izateko arriskua handia da. Valentziatik Malagara arteko lurrak, Espainiako hego-ekialdea alegia, arrisku handiko eremua da, eta baita Portugal hegoaldea eta Pirinioak ere. Espainiako iparraldean, berriz, ez dago horrenbesteko arriskurik», zehaztu digu Maria Jose Jimenez adituak. Euskal Herrian eta Katalunian ez dagoela lurrikararik egoteko arrisku handirik dio Jimenezek, eta egotekotan ere «indar gutxikoak» izango direla, orain arte izan direnen antzekoak.

Europa eta Mediterraneo inguruetako Lurrikara Arriskuaren Mapak eta orain arteko tokian tokiko mapek hondamendi natural asko saihesten lagun dezaketela uste du Maria Jose Jimenez Espainiako Lurreko Zientzien Institutuko kideak: «Ez noiz eta non izango diren esaten digutelako, baina, bai arriskua non dagoen jakinda haren araberako eraikuntza politika bat zehazteko aukera izango dutelako hala egin behar dutenek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.