KAZETARIAK. PROTESTALDIA

Inoiz baino kazetari gehiago hil zituzten 2004an: guztira, 129

Kazetarien Nazioarteko Federazioak hilketa gehienak «politikoak» izan direla salatu du urteroko txostenean

Imanol Magro Eizmendi.
2005eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Kazetarien Nazioarteko Federazioak (IFJ) 2004ko txostena aurkeztu zuen atzo, Bruselako egoitzan. Iazkoa 1980ean IFJ datuak biltzen hasi zenetik kazetari gehien hil zuten urtea izan zen; guztira, 129 hil zituzten. «2004a urte txarra izan da, txarrena agian, hildako erreportari eta komunikabideetako langile kopuruarengatik», adierazi zuen aurkezpenean IFJko presidente Adrian Whitek.

1994an kazetarien federazioak 115 heriotzaren berri eman zuen, baina osteko ikerketekin kopurua 157ra igo zen. IFJk hainbat kasu ditu argitzeke oraindik, eta iazko hildako kopuruak 1994koa gaindituko duela aurreratu zuten. Federazioaren txostenak, hilketak eta istripuak «saihestu zitezkeen hilketak» bateratzen ditu. Era berean, kazetariez gain, kazetariak laguntzen dituzten lan taldeetako kideak ere kontuan hartzen ditu.

Agerraldian, Whitek gogor kritikatu zuen mundu osoko gobernuek hilketen inguruan erakutsiriko jarrera: «Gure lankideen hilketak argitzeko egin dituzten sasi ikerketak euren irudia zuritzeko izan baitira». IFJren txostenaren arabera, hilketa kasuen %94 ez dituzte ikertzen.

IFJko presidenteak hitz gogorrak izan zituen hedabide enpresa handientzat ere, euren langileak bidali beharrean «inolako asegururik gabeko tokian tokiko kolaboratzaileak» erabiltzen dituztelako. Saddam Hussein agintetik kendu zutenetik, kazetari izan nahi duten irakiarrak 1.000tik 5.000 izatera pasatu direla zehaztu zuen.

Irak eta Filipinak

Txostenaren arabera, 2004an 34 estatutan hil zituzten kazetariak. Whiten hitzetan, hilketa bakoitzaren atzean «gero eta hedatuagoak dauden beldurtze eta biolentzia egoerak daude». Egoera hauek gero eta leku gehiagotan izaten direla nabarmendu zuen, «aurrez inoiz ikusi gabeko hedapen maila batean».

Hilketen zergatia eta ezaugarriak azaltzean, berriz, IFJko bozeramaile Chris Warrenek hilketa gehienak «politikoak» izan direla azpimarratu zuen. Txostenaren arabera, hildako kazetari gehienek euren herrialdeetako ustelkeria edo droga-trafiko aferak aireratu zituzten. Hiltzaileetaz mintzatzean, berriz, kazetari batzuk «hiltzaile profesionalen» biktima izan direla esan zuen Warrenek. Beste batzuk, ordea, «soldaduen kirioek, diziplina ezak edo punteria txarrak» hil dituela gogoratu zuen. Hildako gehien pilatu dituzten estatuak hizpide hartzean, ostera, Warrenek bi lurralde anabarmendu zituen: Irak eta Filipinak. Bozeramaileak zehaztu zuenez, Irakeko inbasioa hasi zenetik 69 kazetari hil dituzte bertan. Bere iritziz, kopuru honek garbi erakusten du armadek inbasioaren berri ematen ari diren kazetariak helburutzat jo dituztela.Filipinetako kasuaz ere mintzatu zen, non «dozena bat kazetari eta erreportari independente tiroz hil dituzte. Gehienetan, identifikatu gabeko erasotzailek». Honen harira, Manilako gobernuak kazetariei armak ematea iradoki izana arbuiatu zuen. Honez gain «Nepalgo gerrilla maoistak» hildako lau kazetariak eta Hego Amerikako droga-trafikatzaileek hildakoak ere aipatu zituen.

Palestina Hotela gogoan

Atzoko agerpenaren bukaeran, IFJko ordezkariek, kazetarien hilketak sakonago ikertu ditzaten eskatu zieten munduko buruzagiei, eta batez ere George Bushi, AEBtako presidenteari. Izan ere, txostenaren arabera, gaur egun, «zer pasatzen den azaltzeko, hedabideak inoiz baino gehiago erabiltzen ditu munduak». Egun, barkaezina da gobernuek kazetarien hiltzaileak ez auzipetzea, edo estatuaren beraren inplikazioa dela-eta haiek ez auzipetzeko «aitzakiak jartzen» ibiltzea.

Eredu gisa 2003ko apirilaren 8an AEBtako soldaduek Bagdadeko Palestina Hotelari eginiko erasoa erabili zuten. «Kasu horretan, soldaduek egun argiz egin zieten tiro kazetariei. Halere, AEBtako armadak bere burua zuritu du, eta ez du erantzukizunik onartu. Hori justizia ukazio nabaria izan da». Palestina Hotelean Irakeko inbasioaren berri ematera joaniko kazetariek hartzen zuten ostatu. Eraso hartan Galiziako kazetari bat eta Ukrainako kameralari bat hil zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.