ENERGIA ITURRIAK

Hordagoa Japoniari, lehen fusio erreaktorea Europara ekartzeko

Bruselak Frantzian eraiki nahi du nazioarteko lankidetzaz eginiko lehen fusio zentrala, eta negoziazioek aurki emaitzarik ez badakarte Tokio gabe aurrera egiteko prest daudela iradoki dute hainbat ministrok

Erredakzioa
2004ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Lehia bizia dago munduan etorkizuneko energia iturritzat jotzen duten lehen fusio erreaktorea eraikitzeko. Eguzkian izaten diren erreakzio termonuklearrak Lurrean kontrolpean sortzeko egitasmoa izugarri garestia da, eta potentzia nagusiek bat egin behar izan dute, ikerketa egitasmo bakarra bultzatzeko. Orain, Japonia eta Europako Batasuna lehian ari dira ITER erreaktorea nork bere orubean eraikitzeko. Japoniaren sostengua galtzen badute ere, erreaktorea Frantzian eraikitzeko asmoari eutsiko diotela iradoki zuten atzo EBko hainbat agintarik.

«Ez da ultimatuma, baina hitzarmen politikoa lortu nahi dugu urtea amaitu aurretik», esan zuen atzo Frantziako ikerketa ministro François D'Aubertek. Japoniarekin ados jarri ezean, Europak «beste bidea» aukeratuko duela gaineratu zuen. Munduko erreaktore nuklearrik handiena eta, fisioa barik, fusioaren bidez argindarra sortuko duen lehena Caradachen (Frantziako hego-ekialdean) edo Rokkasho Muran (Japoniako iparraldean) eraikitzea, horra hor erabaki beharrekoa. Duela urtebete erabakita egon behar zuen aferak, baina bazkideak ez dira gauza izan zirt edo zart egiteko.

Europako Batasunak, Errusiak, Txinak, Japoniak, Ameriketako Estatu Batuak eta Hego Koreak osatzen dute ITER Nazioarteko Erreaktore Termonuklear Esperimentalaren egitasmoa. EBk Txina eta Errusiaren sostengua du. Japoniak, berriz, AEBen eta Hego Korearena.

«Gerra deklarazioa»

ITER erreaktorea eraikitzeko gunerik egokiena Japoniakoa dela dio Tokioko gobernuak etsi gabe. Atzo sutan jarri zen Japoniako Gobernua, EBko ministroen adierazpenak entzunda. «Ez dago eperik adosteko. Hitz egiten jarraituko dugu bi aldeak bat etorri arte», esan zuen Takahiro Hayashi Energia Ministerioko ordezkariak. Fusio Energiaren Bulegoko zuzendari Satoru Ohtakek esan zuenez, Japoniari «amore emateko epea jartzea, gerra deklarazioa egitea bezalakoa da».

Bruselaren jarrera zehaztu zuen, orduan, Herbehereetako Zientzia ministro Maria van der Hoevenek. Herbehereak EBko presidentetza dute egungo txandan. Japoniaren sostengurik gabe aurrera jotzeko erabakia hartu zela ukatu zuen Van der Hoevenek eta egitasmoak «ahalik eta sostengu handiena» behar duela gaineratu.ITER non eraiki aurten erabakiko balitz, zortzi urte barrurako lanean hasteko prest legokeela zehaztu dute egitasmoaren bultzatzaileek. «Diseinua eta alde tekniko guztia eginda dago; finantziazioa ere badugu; lekua bakarrik falta zaigu, eta badakigu hori erabaki politiko bat dela», esan zuen uztailean Ievgeni Velikovek. ITER diseinatu duten zientzialarietako bat da Velokov. Nazioarteko egitasmo bateratu nagusia da ITER, Nazioarteko Espazio Estazioaren (ISS) atzetik.

Energia «merke, agortezin eta garbia»

Erregai fosilen eta egungo zentral nuklearrak ordezkatzeko asmoa hitzetik hortzera darabilte fusio nuklearraren bultzatzaileek. Fisioan atomoen nukleoak hautsi egiten dira, energia askatzeko. Fusioan, ordea, energia askatzen da nukleoak elkarrarazten direnean. Eguzkian gertatzen den prozesu bera da Lurrean energia lortzeko erabili nahi dena. Fisioan nukleo oso handiak behar dira. Horregatik, uranioa izaten da prozesu horretarako lehengaia, naturan dagoen atomorik handiena delako. Elektrizitatea ekoizteko zentraletan, ordea, arazo handiak ditu fisioak, batez ere erreaktoretik ateratzen diren hondakinak ere erradioaktiboak direlako.

Fusioak, ordea, arriskutsu ez diren atomo txikiak ditu lehengai, hidrogenoaren isotopo batzuk, alegia. Hidrogeno-mota horri deuterio deritzo eta itsasoan oso ugaria da. Dena dela, fusioa eragiteko izugarrizko energia eman behar zaio aurretik. Bigarren Mundu Gerraren ostean garatu ziren hidrogeno-bonbek (hau da, fusio-bonbak) leherrarazteko fisio-bonba txiki bat erabili behar izaten zuten detonagailu gisa. Fusioa lortu dute jada laborategietan. Arazoa, ordea, prozesua kontrolatzea da, erreakzioa abiatzeko gastatu behar den energia baino askoz gehiago ateratzeko prozesutik. ITER da fusiotik argindarra lortzeko egingo den lehen saioa. Kokapenaren afera aurki konponduz gero, lehen fusio erreaktore komertziala 30 urte aurretik zabalduko dela iragarri dute egitasmoaren buruek.

-

Fusio nuklearra



 

abantailak





Erregaia: Fusio erreakzioan erabiltzen den erregaia deuterioa da. Hidrogenoaren isotopoa da, eta itsaso zein ibaietako uretik ateratzen da. Merkea da, eta ez da agortzen.

Segurtasuna: Fisioko erreaktoreek ez bezala, fusiokoa ezin da lehertu edo urtu. Erregaia aldian aldiko ekoizten da. Hutsen bat gertatuz gero, erreaktorea gelditu egiten da, besterik gabe.

Hondakinak: Fusioaren aldekoek honen «garbitasuna» goraipatzen badute ere, hondakin erradioaktiboak sortu, sortzen ditu. Ez dira, ordea, fisioak sorturikoak bezain indartsuak eta iraunkorrak.

arazoak





Teknika: Oso zaila da plasma kontrolatzea. Tenperatura eta presio itzelak lortu behar dira. Hori lortzeko, energia handia behar da, eta sistema errentagarria da prozesuari epe luzean eustea lortzen bada soilik.

Inbertsioa: Fusio erreaktoreak eraikitzeko, egungo edozein ekoizpen sistema egiteko baino askoz diru gehiago behar da. Horren adierazlea da, munduko potentzia nagusiek ikerketa egitasmo bakarrean batu behar izan dituztela indarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.