Farmazia industriak ahaztuta ditu tropikoetako gaitzak, gaixoak pobreak direlako eta, ondorioz, ez dutelako osatzen aintzat hartzeko moduko merkaturik. Urtero milioi erdi lagun hiltzen dira munduan tropikoetako gaitzek jota, baina, hala ere, farmazia industriak hamaika aldiz diru gehiago inbertitzen du sexu gosea areagotzeko tratamenduetan. Industriak ez ezik, nazioarteko erakunde ofizialek ere ahaztuta dituzte gaitz horiek, Erresuma Batuko zientzialari talde batek salatu duenez. Haien esanetan, diru laguntza guztiak hiesaren, tuberkulosiaren eta malariaren kontra egiteko ematen dituzte. Hala, milaka lagun «hiltzera kondenatuta» daude munduan, gehienak «garatzeko bidean diren herrialdeetan».
OME Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, munduan 750 milioi lagun daude tropikoetako gaitzen batek jota. Parasitoek eragindako gaitzak dira horiek, eta gehienak eltxoen bidez eta kutsatutako uraren bidez zabaltzen dira. Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen arabera, gaixotasunen %10 dira. Hala ere, «garatzeko bidean diren herrialdeatan» egiten dute kalte gehien tropikoetako gaitzek, eta ondorioz, Mendebaldearentzat «gaitz ezezagunak» dira, bidaiari bakan batzuk baino ez direlako kutsatzen gaitz horiekin. Chagasen eritasuna eta loaren gaixotasuna dira soilik herrialde pobreenetan agertzen diren gaitzetako bi. Tripanosoma izeneko parasito batek eragiten ditu gaitz horiek, eta eulien bidez zabaltzen dira. Gaitz horiek sendaezineko kalteak eragiten dituzte, eta kasurik larrienetan, gaixoa hil egiten da. Latinoamerikan bakarrik 100 milioi lagun bizi dira Chagasen eritasunaz kutsatzeko arriskuan, eta urtero 50.000 lagun hiltzen dira haren ondorioz.Milaka laguni erasaten dioten arren, gaitz horien kontrako botikak «zaharregiak» direla salatu dute David Molineaux eta Alan Fenwick zientzialariek. Liverpoolgo Medikuntza Tropikalerako Eskolako irakasleak dira biak. Mugarik Gabeko Medikuak erakundea ere bat dator zientzialari horiek salatutakoarekin. Emilia Herranz da erakunde horrek Latinoamerikan duen bulegoko arduraduna. Haren esanetan, tropikoetako gaixotasunen kontrako botika asko toxikoak dira. «Merkatuan dauden botika asko oso dira zaharrak. Horietako batzuk orain 70 urtekoak dira, eta zaharkituta gelditu diren arren, garatzeko bidean diren herrialdeetan erabiltzen dira oraindik», ohartarazi du.Farmazia industriak, ordea, ez du inbertsiorako merkaturik ikusten, eta agintariek beste gaixotasun batzuen kontrako borrokan jarri dute indar eta diru guztia. Hiesa, tuberkulosia eta malaria asko zabaldu dira munduan azken urteotan, eta ez «garatzeko bidean diren herrialdeetan» bakarrik. Maila ekonomiko handiagoko jendea ere jo dute hiru gaitz horiek, eta horrek presionatu egin ditu agintariak eta industria. «Hiesak, esaterako, min handia egin du herrialde industrializatuetan. Pobreak nahiz aberatsak kutsatu dira, eskolagabeak zein alfabetatutak. Horiek taldeetan bildu eta euren eskubideak exijitzen jakin dute», adierazi du Herranzek zientzialariek argitaratutako txostenaren harira. «Gaixotasun horiei eman zaien erantzuna politikoa izan da, hein handi batean».
«Huskeria batekin milaka bizi salba daitezke»
David Molineaux eta Alan Fenwicken taldeak onartu du hiesa, malaria eta tuberkulosia direla egungo osasun arazo larrienak, baina, hala ere, ez dute bidezkoa ikusten diru laguntza guztiak gaitz horien kontrako borrokara bideratzea. Batetik, tropikoetako gaixotasunek askoz jende gehiagori erasaten dietelako, eta horiek ere ezintasun larriak eta heriotza eragiten dituztelako. Eta, bestetik, ahaztutako gaixotasun horiek desagerrarazita, tuberkulosia eta malariaz kutsatzeko arriskua murrizten delako. Hori dela eta, hiesaren kontra egiteko ematen den diruaren zati bat ahaztutako gaitzen kontrako botika berriak sortu eta horiek banatzeko erabiltzeko exijitu diete agintariei. «Nazioartearentzat huskeria bat denarekin milaka bizi salbatuko lirateke». Datu bat: hiesaren kontrako urteko tratamenduak 830 euro inguru balio du, pertsonako. Aldiz, tropikoetako gaitz baten kontrako tratamenduak 0,33 euro balio du.
Polioa izan da ahaztutako gaixotasunetako bat. Atzo, baina, urtebeteren buruan desager daitekeela jakinarazi zuen OMEk. 1988. urtean gaitz endemikoa zen 125 herrialdetan, baina txertatze masiboei esker, gainditzeko bidean da.
Hiesak zokoratu egin ditu tropikoetako gaitzak
Zientzialari talde batek salatu du nazioartea itsutu egin dela hiesarekin, malariarekin eta tuberkulosiarekin, eta herrialde pobreetako milaka herritar hiltzera kondenatu dituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu