HEGAZTIEN GRIPEA

Hegazti exotikoak inportatzea galarazteko eskatu diote EBri

Erresuma Batuko Animalien Babeserako Erakundeak salatu du kanpoko hegaztiei ez zaiela behar beste azterketa egiten, baina EBk uste du inportazioak debekatuz gero, legez kanpoko salerosketa indartuko dela

DONOSTIA
2005eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Hegazti exotikoak lagun txarrak izan daitezkeela ohartarazi du Animalien Babeserako Erresuma Batuko Erakundeak, ezin delako bermatu herrialde esportatzaileetan beharrezko osasun azterketa guztiak egiten dituztela. Hori dela-eta, basa hegazti bizien inportazioak galarazteko eskatu zion atzo erakunde horrek Europako Batzordeari, hegaztien gripea zabaltzea eragozteko. Etxeko hegaztien inportazioa debekatuta, baina, espezie exotikoen legez kanpoko trafikoa areagotzeko arriskua ikusten du Europako Batzordeak. Erresuma Batuan hil zen papagaiak birusaren H5N1 aldaera ote zuen argitu zain da EB, segurtasun neurriak erabakitzeko.

Herenegun onartu zuen Europako Batzordeak Erresuma Batuan hildako papagai batek hegaztien gripea zuela, eta kezka zabaldu zen, gaitza uste baino hedatuago dagoela uste delako. Hala ere, lasaitasunerako deia egin zuen atzo, berriz ere, Europako Batzordeak. Erresuma Batuan hegaztien gripeak hil zuen papagaia berrogeialdian zegoela nabarmendu zuen, eta hortaz, ezin izan zuela beste hegaztirik kutsatu. Papagai edo loro hori irailaren erdialdera iritsi zen Erresuma Batura, Surinamdik (Hego Amerika) inportatuta. Surinam da basa hegazti exotikoen esportatzaile handiena munduan. Europako Batasunak, esaterako, 1.000 loro inguru inportatzen ditu urtero handik. Kutsatutako papagai horrez gain, baina, 147 hegazti gehiago ere inportatu zituzten sail berean. Egun hartan, gainera, 216 basa hegazti iritsi ziren Erresuma Batura, Taiwandik. Hala, Surinamdik inportatutako papagaietako bat H5 birusak kutsatuta zegoela jakin bezain laster, gainerako hegazti guztiak hil zituzten albaitariek, gaitza zabal ez zedin. Kaiolak eta gela desinfektatu zituzten, eta hegazti horiekin harremanetan egon ziren lagun guztiei gripearen kontrako txertoa eman zieten, badaezpada ere. Atzo, lerro hauek idazteko unean, Erresuma Batuan hildako papagaiari hartutako odol laginak aztertzen ari ziren zientzialariak, H5N1 birus aldaerak hil ote zuen argitzeko. H5N1 aldaerak 62 lagun hil ditu Asia hego-ekialdean, 2003. urtetik hona. Ondo bidean, bihar jakinaraziko ditu Londresek azken analisi horren emaitzak. Hegaztien gripea Kroaziara ere iritsi da, hango agintariek onartu dutenez. Herenegun, 30 beltxarga agertu ziren hilda Orahovikan, Zagrebetik 150 kilometro ipar-ekialdera. Eta haietatik hamabi hegaztien gripeak hil zituela frogatu dute analisiek. Atzo, hala ere, ez zekiten oraindik birusaren H5N1 aldaerak hil ote zituen. Edozelan ere, Zagrebeko Albaitaritza Institutua hipotesi okerrenarekin ari zen lanean. Zientzialarien arabera, beltxarga horiek Europa iparraldetik iritsi ziren Kroaziara, eta herrialde osoan zehar zabaldu dira egunotan. Hori dela-eta, datozen egunotan kasu gehiago ager daitezkeela ohartarazi dute. Beltxarga moko-gorriak dira kutsatutakoak, eta laster, talde handiak agertuko dira Kroaziako aintziretan, orain baita sasoia. Horietako askok hegaztien gripea izan dezaketela ohartarazi du Kroaziako Gobernuak. Europako Batzordeak, bestalde, Kroaziatik hegaztiak, arrautzak eta lumak inportatzea debekatu zuen atzo, gaitza zabaltzea eragozteko. Errusian beste kasu bat agertu zen atzo, Ural mendikatean, Europa eta Asiaren arteko mugan. Sunali herrixkako (Moskutik 200 kilometrora) etxalde bateko oilaskoei aurkitu zieten gaitza. Aurretik ere, kasu susmagarri batzuk izan dira eskualde horretan, eta hori dela, Gobernuak berrogeialdian jarri zituen atzo eskualde horretako etxalde eta haztegi guztiak. Gainera, duela bost egun, hegaztien gripeak dozenaka oilasko eta ahate hil zituen Sunalitik gertuko herrixka batean, Yandovkan. Hegazti horiei egindako analisiek erakutsi dute birusaren aldaerarik gaiztoenak H5N1 jota hil zirela guztiak. Bi herri horiek Moskutik 200-300 kilometrora daude, eta hori dela-eta, alerta egoera ezarri dute han. Gobernuko albaitaritza zerbitzukoak hogeita lau orduz ari dira lanean Moskun. Edozelan ere, Errusian amaitzear da hegaztien migrazio aldia, eta ondorioz, kasu gehiago agertzeko arrisku gutxi ikusten du Pavel Tomkovich Moskuko Unibertsitateko Ornitologoak. Thailandian, hegaztien gripeak jotako umeak hobera egin du azken orduetan, baina haren osasun egoera larria da oraindik. Atzo, Gobernuak ukatu egin zuen umea aitaren bidez kutsatu dela. Aita duela lau egun hil zen. Hil ostean egindako analisiek frogatu zuten hegaztien gripearen birus aldaerarik gaiztoenak hil zuela. Bizilagun baten etxaldeko oilasko kutsatuak hil eta prestatzean kutsatu zela zabaldu zuen orduan Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.