Elikadura segurtasun eza munduan 2005 izeneko txostena argitaratu zuen atzo FAOk. Bertan, 1996. urteko Elikaduraren gaineko Goi Bileran jarritako helburua gogorarazi dute, Nazio Batuen Erakundearen Milurtekorako erronketan jasotako lehenengoa: egunean dolar bat baino gutxiagorekin bizi direnen eta goseak daudenen kopurua erdira murriztea. Baina gose direnen kopurua murriztuta, bestea azkarrago lortuko dela nabarmendu du FAOk. Egungo joera mantenduz gero, baina, Kariben eta Latinoamerikan bakarrik lortuko dute milurteko helburuak betetzea. Baikor izanda, Asia eta Pazifikoan ere lor dezakete helburu horiek betetzea. Ohi legez, Afrikakoak dira daturik larrienak. Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean gose direnen kopurua ez da Saharaz hegoaldeko Afrikan bestekoa, baina bost urtean, hobera barik okerrera egin da herrialde horietan. Saharaz hegoaldeko Afrikan hobera egin da, baina gutxi, igartzeko beste ere ez herrialde askotan. Gosez eta eguneko dolar bat baino gutxiagorekin bizi diren lau herritarretik hiru landa eremuetan bizi dira. Eta hor, «baliabide gutxiko lurretan», bizi dira munduan bost urte bete aurretik hiltzen diren 11 milioi ume eta 121 milioi eskolagabe. Landa eremu pobreetan bizi dira, era berean, haurdunaldian edo erditzean hiltzen diren 530.000emakume eta urtero malariaren erruz hiltzen diren milioi bat lagun inguru.
Eta gosearen eta pobreziaren etengabeko soka eteteko, ezinbestekoa da umeak ondo elikatzea. Pisu gutxiegitasuna soilik %5 murriztuta, bost urte bete aurretik hiltzen diren umeen %30 salbatu ahalko lirateke. Munduko 59 herrialdetan egindako azterketa batean oinarritu dira kalkulu hori egiteko. Egoerarik okerrenean dauden herrialde horietako askotan bost urtez beherako umeen %45ek pisu gutxiegi dute. Eguneroko jana bermatzeaz gain, beharrezkoa da beharrik handieneko herrietan nekazaritza ekoizpena handitzea, azpiegiturak hobetzea eta egonkortasun politikoa bermatzea. Datu bat: Afrikako zenbait herrialdetan elikagaien ekoizpena %13 murriztu zen batez beste gerra denboran.
Milurtekorako erronkak
Pobrezia eta gosea: Egunean dolar bat baino gutxiagorekin bizi direnen eta goseak daudenen kopurua erdira murriztea. Munduan 1.000 milioi pertsona bizi dira eguneko dolar bat baino gutxiagorekin, eta 852 milioi lagun goseak daude. Goseak pobrezia laguntzen du, produktibitatea murrizten duelako.
Hezkuntza: 2015. urtean, ume guztiek bukatzea gutxienez lehen hezkuntzako ziklo oso bat. Goseak eskolaratzea zailtzen du, eta eskolara joaten ez direnek gaitzago izaten dute dirua irabaztea eta jatekoa lortzea.
Berdintasuna: 2005. urterako, sexuen arteko aldea desagerraraztea, gutxienez lehen eta bigarren hezkuntzan. Gosez bizi diren familietan neskek mutilek baino lehen utzi behar izaten dute eskola. Eta goseak dagoen emakumeak pisu gutxiegiko umea egiten du.
Haurren heriotza tasa: Bost urtez beherakoen heriotza tasa erdira murriztea.
Ama-umeen osasuna: Ama-umeen osasuna bermatzeko zerbitzuak sortzea. Eta haurdunaldian edo erditzean hiltzen diren ama-umeen kopurua hiru laurden murriztea, 2015. urterako. 70.000 emakume hiltzen dira urtero haurdunaldian edo erditzean. Subnutrizioak nabarmen areagotzen du ama-umeen heriotza tasa.
Gaitzik zabalduenak: Hiesa,malaria eta beste gaitz kutsagarriak zabaltzea eragoztea. Behar beste jaten ez dutenek errazago garatzen dituzte hiesa, malaria eta beste gaitzak, immunitate sistema ahulagoa dutelako.
Garapen jasangarria: Edateko urik ez dutenen kopurua erdira murriztea, eta muturreko pobrezian bizi direnen egoera hobetzea, besteak beste.
Elkarkidetza: Kanpo zorra kendu, botikak merkatu eta herrialde pobreetan teknologia berriak sustatzea.