Dena prest du ESAk CryoSat espazioratzeko. Plesetsk kosmodromotik Moskutik 800 kilometro iparraldera jaurtiko dute gaur. Kohetea duela hogei urteko misil balistiko bat da berez, baina Eurockot enpresak misio arruntetarako egokitu du. Duela hamar urte hasi zen Eurockot enpresa Sobiet Batasun ohiaren misil zaharrak berritu eta espazio misioetarako egokitzen. Egun, satelite txiki eta ertainak espazioratzeko erabiltzen dira bereziki. Plesetsk kosmodromoan du Eurockotek base nagusia, eta azken urteotan Europako Espazio Basetzat saldu izan dute. Dirua Europak jarri du, baina jaurti, Errusiako militarrek jaurtiko dute kohetea. Erronka handia du CryoSat sateliteak: hiru urtean poloetako izotz geruzen lodiera neurtzea. Klima aldaketak polo kasketei zelan eragiten dien ikusi eta izotza urtzeak itsasoaren maila igotzen laguntzen duen aztertuko du. Ez da lehen aldia satelite bat espazioratzen dutela asmo horrekin. Lehenengoa, NASArenIcesat satelitea izan zen, 2003. urtean. Satelite horrek laser bat erabiltzen du izotz geruzen lodiera neurtzeko. Hala ere, Antartida osoa estaltzen duen izotz geruza eta Artikoko ur gaineko izotz geruza neurtzea «oso zaila» dela dio Winghamek, eta orain arteko sateliteek Icesat eta ESAren Envisat satelitea, kasu ez dutela nahi besteko emaitzik eman. Izan ere, satelite horiek izoztutako zatiaren pusketa baten irudia ematen zuten bakarrik, ezin baitzuten hamar kilometroko zatiak edo txikiagoak ikusi. Irudiak, gainera, erresoluzio txikikoak izan ohi ziren.
CryoSat-ek, baina, interferometro bidezko altimedro radar bat du, eta horri esker, askoz zehaztasun handiagoz behatu ahal izango ditu poloetako izotz geruzek izaten dituzten aldaketak. Radar horrek argi bat igortzen du eta uhin horretan izaten diren frekuentzia aldaketa txikiak aztertuz, gai da 250 metroko diametrodun izotz puskak antzemateko. Gainera, egunez nahiz gauez lan egiten du, baita baldintza metereologiko kaskarretan ere. Irudien erresoluzioa, gainera, askoz hobea da Winghamen arabera. Kate Adamson Cryosat misioko ingeniarien buruaren arabera, inoiz espazioratu den radarrik finena izango du satelite honek.
Inoizko daturik txarrenak
Kanada eta Groenlandia arteko itsasartea izotzak itxita egon ohi da normalean, baina azken urte hauetan tarte zabalak garbitu dira, izotza urtzen ari baita. Udan, esaterako, pasabide hori inoiz baino garbiago egon da, Mark Serreze Coloradoko Unibertsitateko (AEB) zientzialarien arabera. 1979. urtetik Artikoko izotz geruza neurtzen jardun du Serrezek, eta haren arabera, ur gaineko izotzaren %20 galdu da ordutik. Udaro egin dituzten neurketak hartu dituzte aintzat.
2005eko irailean, izoztutako eremuak 5,32 milioi kilometro koadro zituen. Eremu zabala da hori, baina neurtzen hasi zirenetik «txikiena» da. 70eko hamarkada amaieran, esate baterako, izoztutako eremuak 7,62 milioi kilometro koadro zituen, gaur baino 1,3 kilometro gehiago alegia. Iragarpenak egitea arriskutsua dela dio Serrezek, baina, hala ere, 2100. urteko udan itsasarte hori guztiz garbi egon daitekeela ohartarazi du.
ARTIKOAREN URTZEA
Artikoa urtzeak Lurra berotzen laguntzen du
Artikoko izotza urtzen ari dela inork ez du zalantzan jartzen, eta horrek klima aldaketa lagun dezakeenik ere ez. Izotzak, zuria izatean, eguzkiaren erradiazio gehiena islatzen du. Aldiz, ozeanoek xurgatu egiten dute eguzki energia gehiena. Ondorioz, Artikoko izotza urtzeak Lurra berotzen laguntzen du.«Izoztutako eremua urtzen denean, gure planetak energia gehiago xurgatzen du, eta tenperaturak gora egiten du. Eta horren ondorioz, izotz gehiago urtzen da», adierazi dute. Ikertzaile talde horrek egindako iragarpenen arabera, Artikoko tenperaturak lau eta zazpi gradu artean egingo du gora 2100. urtea baino lehen, fenomeno horren ondorioz. Planetako tenperatura baino ia bi aldiz gehiago berotuko da, beraz, Artikoa, denbora tarte berean. Izan ere,Lurra bi eta lau gradu artean berotuko dela iragarri dute zientzialariek.
Ondorioak «nabarmenak» dira jada. Ohikoa da udan, izotza urtzea, baina egoera normaletan neguan izotzak asko irabazi beharko luke. Hala ere, gero eta gehiago kostatzen zaio izoztea. Horrek kalte handiak eragiten dizkie Artikoko biztanleei eta hango animaliei. Siberiako kostaldeko herriek inoiz baino babes gutxiago dute orain, itsasoa lehen baino askoz gehiago harrotzen delako. Hartz zuriak, bestalde, neguan pilatutako gantzari esker bizi dira udan, baina izotza urtzen bada gaitz egingo zaie bizirautea.