ARGI ALDIAN

Egutegi aldaketa

Eider Carton.
2005eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Pragmatismoaren izenean egutegia hobetzeko proposamena aurkeztu zuen abenduaren amaieran Richard Conn Henry zientzialariak. John Hopkins Unibertsitateko Fisika eta Astronomia Departamenduko irakaslea da Henry, eta egutegi erabat praktikoa proposatu du: urteko egun bakoitza beti asteko egun berean izango duen egutegia; alegia, Gabon-gaua, Urteberri-eguna eta norberaren urtebetetzea beti astelehenean edo igandean edo ostegunean izango dituena. Henry-ren arabera, horrelako egutegiak bizitza, edo, gutxienez, plangintzak egitea erraztu egingo du, eta ekonomikoki ere abantailak ekarriko omen ditu. Urtero-urtero lan-egutegia egokitzeak enpresa eta erakundeei ematen dien lanarekin gogoratzea aski omen da abantailez ohartzeko.

Henryren ustez, bere egutegiak azken ehun urteetan egin diren dozena bat proposamenen akatsak hobetzen ditu. Izan ere, lehenago egin diren proposamenetako askok astearen zazpi eguneko zikloa apurtzen zutelako egin dute kale. Bere egutegiarekin, ordea, zazpi eguneko asteekin eta 30 eta 31 eguneko hilabeteekin segituko genuke, nahiz eta horiek ez liratekeen oraingo berak izango. Martxoak, ekainak, irailak eta abenduak 31 egun izango lituzkete eta gainerakoek 30. Henryk 2006ko urtarrilaren 1erako konbentzitu nahi du mundu guztia; izan ere, heldu den urteko lehen eguna igandea izango da, Henryk proposatzen duen egutegian bezala. Beraz, trantsizioa oso erraz egingo litzateke. Bisurteak nola ordezkatu ere pentsatu du, noski. Denboraren poderioz egutegia eta urtaroak elkarrengandik gehiegi aldendu ez daitezen eta, 1582an gertatu zen bezala, bat-batean 15 egun gal ez ditzagun, 5 edo 7 urtez behin astebeteko «minihilabete» bat gehitzea proposatzen du. Bere kalkulu matematikoen arabera, horrek urtaroen (Eguzkiaren inguruan Lurrak duen mugimenduak eragindakoak) eta egutegiaren arteko sinkronizazioa ziurtatuko luke. Asteari izena ere eman dio: Newtonen astea deitu dio, bere heroi Isaac Newtonen omenez. Henry erabat sinetsita dago bere egutegiaren erosotasunaz eta abantailez, eta Interneten bidez egutegiaren aldeko kanpaina egiteko erakunde bat ere sortu du. Urtebeteko epea du urtero jaiegunak eta zubiak zenbatzeak ez duela merezi sinestarazteko.

Oraingoz, ordea, ohiko egutegi gregoriarrarekin ekingo diogu urte berriari. Mendeurrenen urtea daukagu aurretik. Laurehun urte beteko dira Miguel de Cervantesek On Kixote obra unibertsala argitaratu zuenetik eta ehun Albert Einsteinek Fisika irauli duten hiru lan argitaratu zituenetik, tartean egun Erlatibitatearen Teoria Berezia izenarekin ezagutzen dena. Ospakizun asko egingo dira eta argitalpen bereziak plazaratuko dira. On Kixoterenak behintzat, makina bat topatu ditut egunotan liburu dendetan sartu bezain pronto. Einsteinen ekarpenen ingurukoak topatzeko hondoko apaletan arakatu beharko da, baina, tira, kulturaren kontzeptua aldatzea egutegiz aldatzea bezain zaila da, eta ez dugu urtea marmarka hasiko. Edonola ere, une aproposagorik ez dago bata zein besteak irakurtzea urteko asmo onen zerrendan jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.