«Energia nuklearrak trenbidean hil du», horra atzo Frantziako prentsan irakur zitezkeen izenburuetako bat. Izan ere, igande arratsaldean 21 urteko Sebastian B. harrapatu zuen konboi nuklearrak, Avricourten (Meurthe-et-Moselle, Lorrena). 400 metro luze da trena, eta 2.000 tona gai oso erradiaktibo zeramatzan. Zabor nuklearrez beteriko 12 Castor (Gai Erradioaktiboak Biltzeko eta Garraiatzeko Edukiontzia) zeramatzan, eta larunbatean atera zen Hagako tratamendu lantegitik, Gorlebengo (Saxonia, Alemania) biltegirantz.Gaztearen heriotzaren inguruko gauza asko dago argitzeke. Ekintzailea Meuse (Lorrena) departamendukoa zen. Hor eraiki nahi du Frantziako Gobernuak zabor nuklearrentzako behin betiko biltegia. Bitartean, Gorlebenera bidaltzen ditu Parisek hondakinak. Argi dago, ordea, trenak hanka bat moztu ziola 21 urteko ekintzaileari eta Frantziako Fiskaltzak ikerketa bere gain hartu duela.
«Arazo katea»
Michel Senthille Estatuaren fiskalaren arabera, «arazo kate» batek eragin zuen ekintzailea hiltzea. Gaztea trenbidera lotu zitzaion zortzi pertsonak osaturiko taldeko beste hiru kiderekin batera, eta, Prefekturaren arabera, «hiru ekintzailek askatzea lortu zuten». Frantziako energia nuklearraren aurkakoek atzo esan zuten ez dutela ulertzen Sebastianek zergatik ez zuen askatzea lortu. Sortir du Nucleaire (Nuklearretik Atera) erakundeko kide Jean-Yvon Landracen arabera, taldeak «eskarmentu handia» zuen. «Zer edo zer gaizki atera da», esan zuen Landracek. Gaineratu zuenez, harrigarria da trena bihurgune batera 100 kilometro orduko abiadan sartzea, arriskutsua baita. Estatuaren fiskalak baieztatu zuen trena abiada horretan zihoala, nahiz eta soilik orduko 80 kilometro egiteko baimena izan. Iradoki dutenez, trenak abiada bizitu zuen atzerapena gutxitzeko. Izan ere, apur bat lehenago, blokeatuta eduki zuten ekologistek hiru orduz, Nancyn. Ekintza horretan ez zen arriskurik izan, gidariari kilometro bat lehenago ohartarazi ziotelako.
Azkar zihoan trena, nahiz eta airetik laguntzen zion helikopteroa erregai biltegiak betetzera joana zen. Motorzale bat alferrik saiatu zen trenaren gidariari bidean jendea zegoela ohartarazten. Ekologistek bengalak erabili ote zituzten ezin izan zuen argitu Landracek. Frantzian bengalen bidez ohartarazten dituzte gidariak halako ekintzetan.«Zergatik ez zuen Poliziak inongo segurtasun neurririk hartu?», galdetu zion atzo Gobernuari Frantziako Alderdi Sozialistak. Berdeek, berriz, «eztabaida demokratiko sakona» eskatu zuten politika nuklearraren inguruan. «Hondakin erradiaktiboen garraioa berehala gelditzeko», exijitu zion hondakinakkudeatzen dituen konpainia publikoari, Cogemari. Jacques Chirac Frantziako presidentearen eta Jean-Pierre Raffarin lehen ministroa heriotzaren erantzuletzat jo zituzten.«Izututa gaude ezbehar hau dela-eta», esan zuen Castor garraioen aurkako Alemaniako ekintzaile Marianne Kochek. Izan ere, dolu ekitaldi bilakatu zituzten Castorren aurka planeaturiko ekintza gehienak. Hasierako suminduraz gain, Gorleben inguruan ziren ekologista askok saminari adierazpide eman nahi izan zioten. Atzo gauean zen heltzekoa konboi nuklearra biltegira. «Samina kalera eramatea nahi dugu», esan zuen Kochek. Dannenberg hirian trenetik kamioietara zamatu zituzten Castor edukiontziak. Errepidez egin beharreko zatian, eserialdia egin zuten atzo gauean ekologistek. «Horrela, omenaldia egin nahi diogu hildakoari. Hori da Frantziako energia nuklearraren aurkako mugimenduak utzi digun lekukoa», adierazi zuen Kochek.Heriotzaz gain, badago Castor garraioaren inguruan argitzeke dagoen beste gai bat: oker hutsa edo apropos eginiko engainua izan da trena zama agiri okerrekin bidaiatu izana? DHA edo Dechets hautement actifs (oso hondakin aktiboak) izenburupean bidaiatu beharrean, combustibles uses (erregai erabilia) bezala zamatu ziren hondakin erradiaktiboak. Garraiaturiko hondakinak, edonola ere, zabor nuklearrez daude osaturik ia %100. Eerregai erabiliak %5 baino ez du. Hondakinon arriskua askoz handiagoa da.
-
Castor garraioak
1980. Gorlebengo (Alemania) biltegi nuklearra eraikitzen ari zirela, orubea okupatu zuten 5.000 lagunek, eta «errepublika askea» aldarrikatu. 8.000 poliziak kanporatu zituzten.
1986. Energia atomikoa 10 urteko epean uztea erabaki zuen SPD Alderdi Sozial Demokratak.
1995. Gorlebenerako lehenengo Castor garraioa trabatzen saiatu ziren 4.000 lagun.
1996. Bigarren Castorraren aurka 7.000 lagun.
1997. Hirugarren garraioa. 10.000 manifestari eta 550 nekazari traktoreekin bidea trabatzen saiatu ziren.
1998. Castor garraioak bertan behera utzi zituen Ingurumen ministroak.
2000. Gobernuak eta energia industriak zentral nuklearrak ixteko akordioa izenpetu zuten.
2001. Castor garraioak berriz hasi ziren, Gobernuan diren Berdeak alderdiko ministroen oniritziarekin.
2001. Castor trenak ekintzaile ekologista frantziar bat harrapatu eta hil egin zuen.