ESPAZIOA

'Discovery', jaurtitzeko prest

Okerrik ezean, asteartean aireratuko dute transbordadorea, erregai hornidurako sistema konpondu ostean

DONOSTIA
2005eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Datorren asteartean jaurtiko du NASAk Discovery transbordadorea, Euskal Herriko 16:39an, okerrik ezean. Jadanik behin baino gehiagotan atzeratu dute transbordadorearen aireratzea; Azkenekoz uztailaren 13an. Jaurtitze unerako bi ordu falta zirenean, espaziontzian arazo teknikoak atzeman zituzten. Zehatz esateko, erregai hornidura sisteman akats batzuk zirela ikusi zuten. Ordutik, erregai hornidurako matxura konpontzen ibili dira ingeniariak. Haien ustez, akats elektriko batek eragin zuen azken uneko akats elektrikoa. Transbordadorearen bestelako zatiak ere aztertu dituzte, hala ere, azken uneko akats gehiago saihesteko.

NASAk uztailaren 31 arteko epea jarri zuen Discovery transbordadorea espaziora jaurtitzeko. Asteartean ere atzeratzen badute dela arazo teknikoengatik edo eguraldi txarrarengatik uztailaren 31 baino lehen beste hiru ahalegin egin ahal izango direla adierazi dute NASAkoek. Nolanahi ere, abuztuaren lehenengo astean jaurtiketa egin ahal izateko aukerarik baden aztertzen hasi dira NASAko arduradunak. Uztailaren 31ko epea Nazioarteko Espazio Estazioaren (ISS) orbitaren araberakoa da. Jaurtiketa egun argiz egin beharra ere garrantzitsua da, baina, jaurtiketa uneko argazki guztiak ongi ateratzeko. Discovery transbordadorearen helburuetako bat ISSan diren astronautei elikagaiak eramatea da. Zazpi lagunek osatzen dute Discovery espaziontziko STS 114 misio taldea: Eileen Marie Collins komandante buruak eta «eskarmentu handiko» beste sei astronautak. Azken atzerapenaz geroztik, Texasen (AEB) egin dituzte misio honetarako prestakuntza eta trebakuntza ariketak. Ingeniariak, NASAko arduradunak eta teknikariak hamar egunotan egiten ari diren lanarekin oso harro daudela adierazi du Collins komandanteak. Bestalde, Discovery-ren misioaren haritik esan du asteartean jaurtitzeko gai izango diren itxaropena duela. Edozelan ere, garrantzitsuena misioa arazorik gabe burutzea dela nabarmendu du Collinsek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.