Azken hegaldi hipersonikoa egin du NASAk; bertan behera utzi du egitasmoa

Erredakzioa
2004ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
NASAk ibilgailu hipersonikoak garatzeko egitasmoa bertan behera utzi zuen atzo, 11.500 kilometro orduko abiada lortzeko azken saioarekin. Ozeano Barearen gainean piloturik gabeko X-43A hegazkina jaurtitzeko asmoa zuen NASAk, B52B aireko handi batek prototipoa 12.000 metroko altuerara eraman ondoren. X-43A-k daraman kohete batek ibilgailura 33.500 metrora eramango zuen. Altuera hori lortuta, prototipoak soinuaren abiada 10 aldiz gainditu behar zuen. Joan zen martxoan abiadura marka hautsi zuen NASAk antzeko ibilgailu batekin.

Azken hegaldia

Atzokoa izan zen X-43A hegazkinaren azken hegaldia. George Bush AEBetako presidenteak urtarrilean iragarri zuen NASAk Ilargirako misioak abiatuko dituela berriz 2015erako eta Martera ere astronautak bidaltzeko saioa egingo dutela. Horren ondorioz, NASAren dirutza nagusiak misio horietara bideratu dituzte eta bertan behera geratuko da X-43C ibilgailu hipersonikoa garatzeko egitasmoa. Oraingoa baino handiagoa izan behar zuen ibilgailuak.

«Pospolo bat urakanaren erdian piztea» bezala da X-43A ibilgailuaren motorraren lana, NASAko zientzialariek egin duten konparazioaren arabera. Erreaktore normaletan ezinbestekoa da abiada murriztea motorra abiarazteko, alde batetik. Kohete normalek, bestalde, beren oxigenoa garraiatu behar dute erregaia erre ahal izateko. X-43A-k, ordea, scramjet deituriko propultsio sistema dauka eta, horri esker, zuzenean hartzen du oxigenoa airetik. Sistemak aurrerakuntza handia ekar zezakeen espazioaren ikerkuntzan. «Ezin ditugu koheteak ordezkatu», esan du berriki egitasmoaren buru batek, «baina atmosferako airea erabil genezakeen bidaiaren bi herenak egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.